ZER DAKIGU MUTILOK LIGATZE SANOARI BURUZ?

1

Urtero bezala, uda garaian eguraldi ona eta beroa dira hondartzaz gozatzera bultzatzen gaituztenak; eta jai herrikoiak eta txoznak dantzatzera eta jende berria ezagutzera gonbidatzen gaituztenak.

Baina jai herrikoiak ere dira ezagunak neska askok pairatzen dituzten mota askotako eraso sexistengatik. Izan ere, aurten, San Ferminetako hasierakin jada konprobatu izan dugun gertakizuna da.

Eta neska bat egoera askotan sentitu daiteke erasotua; hau da, ez dugu zertan bortxaketa baten muturreko egoerara jo behar. Neska asko trago baten gonbiteari uko egiteagatik errudun sentitzen dira, beste asko begi pare bat baino gehiago sentitzen dituztelako haien gorputzei begira eta beste batzuk frustratuak sentitzen dira “EZEZKOA” hainbat hizkuntzatan esan eta gero badirudielako inork ez diela ulertu nahi.

Hau zergatik gertatzen da? Mutil zehatz batzuk dira soilik indarkeria hau eragiten dutenak? Hau ligatzeko moduekin lotua dago?

Tira, orain mutilok jakin badakigu (edo jakin beharko genuke) bizi garen gizarte honetan, soilik mutilak izateagatik, askoz abantaila gehiago ditugula; eta gainera abantaila hauek logika heterosexualaren baitan erabili eta disfrutatu egiten ditugula.

Gainera, gizartea ulertzeko modu honek sexualitate eredu zehatz bat ezartzen digu. Hau da, mutiloi, ligatzeko edo harreman sexualak izaterako orduan aktiboak eta seguruak izan behar garela “esaten digu”; eta neskei, ordea, sumisioa erakutsi behar dutela, pasiboak eta konkistatuak izan behar direla “esaten die”.

Eta bai, maitasun erromantikoaren mitoa ere sedukziorako formula sexista honetan sartzen da; badirudielako neskek “erresistentzia pasiboa” erakutsi behar dutela mutilak gehiago “berotzeko”. Hortaz, gaur egun (eta oraindik ere), batzuk, nesken ezezkoa baiezkoa balitz bezala ulertzea.

Era berean, sexualitatea ulertzeko ikuspegi sexista honek edozein harreman sexualean genitalen erabilpena eta penetrazioa ezinbestekoak direla erakutsi digu. Ondorioz, neska askok penetrazioa praktikatzen dute haiek nahi izan gabe eta mutil askok frustrazioa bizi dugu, une oro boterea eta gizontasuna gure zakil-ekintzen bitartez erakutsi behar dugulako.

Bestalde, harremantzen garen unean zein ligatzen dugunean ere, beti presente egoten den elementu bat homofobia izan ohi da (mutilen kasuan batez ere). Mutilek bizi eta eragiten dugun homofobia arestian aipatutakoaren ondorioa da: bakar-bakarrik heterosexualitatearen inguruan sentitzen, pentsatzen eta ekiten dugula erakustearen beharra, alegia. Eta hori, inola ere ez, ez da egia. Maskara bat da, gure desirek ez dutela ez sexu eta ezta generorik ere estaltzeko generoak jartzen gaituen maskara. Hau da behin eta berriz esan izan digutena, egia absoluto bat eta bakarra balitz bezala. Eta hala ere, asko eta asko dira diktadu honen zirrikituetatik ateratzen direnak eta beste mutilekin fantasiak eta desirak dituzten mutilak. Eta hau ohikoa da, eta beharrezkoa ere; berdinen artean gure sexualitatearekin esperimentatzen laguntzen digulako.

Irudiko luke planteamendu honekin erantzukizun guztia mutilengan uzten dugula. Baina ez da horrela, neskek ere eredu honekin amaitu edo bestela salatzeko arduradunak baitira. Desberdintasuna? Neskak, jada, feminismora gerturatzen hasiak dira eskeintzen dituen onura pertsonal eta kolektiboengatik, eta sexualitate eredu zurrun, injustu eta mingarri honi aurre egiten denbora daramate.

Orduan, zer gertatzen da mutilekin? Feminismora gerturatzen ari gara? Edo, uste dugu gauza askorik ez digula aportatzen? Eta orduan, nola salatzen ditugu egunerokoan bizi eta ikusten ditugun injustiziak?

Egia esan, mutiloi pertsona askeagoak izaten uzten ez dizkiguten presio sozial eta estereotipoak kentzerako orduan, feminismoa eta honek planteatzen digun eredu parekidea oso onuragarria litzateke (eta bada). Gu ere afektibitatea adierazterako uneetan (batez ere beste mutilekiko) presionatuak sentitzen garelako, emozionatzerakoan presionatuak sentitzen garelako, ligatu edota sexua praktikatzerakoan presionatuak sentitzen garelako… Horregatik honakoa esango dizuet: Feminismoaren abantailak amaigabeak dira!

Eta ligatzerako orduan; nola ligatzen dugu mutilok? Baliabide personal nahikoak ditugu modu osasuntsu, parekide eta ez bortitzean ligatzeko? Eredu heterozentristaz haratago gure sexualitatearekin esperimentatzen ausartak gara ala beste mutilekin jolasteak errefusa eragiten digu?

Galdera hauen aurrean planteatu ditzakegun erantzunak askotarikoak dira. Baina zehaztasunez dakiguna da badela ordua mutilak konziente izateko hau ere ez dela guretzako eredua. Ez gaituela aske izaten uzten, baina, batez ere, gehienetan ez dugula ahalbidetzen gure ingurukoak ere aske izatea.

Horregatik, hemen uzten dizuet modu osasuntsu, parekide eta ez bortitz batean ligatzeko aholku sorta txiki bat:

  1. Ez dugu helbururik ezta espektatibarik finkatuko, jokoaz gozatzea izango da xedea, presarik gabe.
  2. Gure proposamenak errefusatzen dituztenean, onartuko dugu, behin eta berriro molestatu gabe. “Ezezkoa” ezezkoa da, beraz ez egin honen irakurketa bikoitzarik.
  3. Gure potentzialtasun erotikoa baloratuko dugu, baina batez ere, mundu guztiaren gustokoa ez garela barneratuko dugu.
  4. Ligatzen ari garen pertsonen ahozko eta gorputzezko komunikazioari arreta berezia emango diogu. Gehienetan gorputzezko komunikazioak beste pertsonari sentiarazten diogunari buruzko pistak ematen dizkigulako.
  5. Lehen automatikoki baztertzen genituen aukera berrietara irekiko gara,proposamen eta esperientzia berriak barne.
  6. Ez dugu ziurtzat joko harremanen intentsitatea areagotuko denik.
  7. Orain arte defektutzat jo dugunari balioa ematen hasiko gara; naturaltasuna, segurtasun eza, lotsa, urduritasuna eta abar…Etengabe hauek presente izanez eta besteekin elkarbanatuz.
  8. Botatzen ditugun piropoak aproposak eta pertsonalizatuak izango dira, pertsona horrekin konfiantza minimo bat daukagunean harremanari pizgarria emateko edota beste pertsona modu zintzoan pozteko helburuarekin; INOIZ EZ gutxiesteko edota objetu bat izango balitz bezala tratatzeko.
  9. Ez dugu ezkutatuko seduzitzen ari garen pertsona egoera larrian jar dezaken informazio aipagarririk.
  10. Norbaitek molestatzen bagaitu edota beste norbait molestatzen ari direla ikusten badugu, modu kolektiboan esku hartuko dugu, berriz gerta ez dadila.

Hau guztia esanda, mutilak, ez ahaztu libre izaten uzten ez gaituen horrekin bukatu arte asko daukagula borrokatzeko. Beraz, festetaz gozatzera gonbidatzen zaituztet; baina ez inposizio eta botere espazio bat bezala, baizik eta mundu guztia protagonista den jolastoki bat bezala ulertuta. Azken finean, askatasuna kolektiboki eta feminismotik eraikitzea posible den espazio bat bezala ulertuta.

Ibai Fresnedo

Guardar

Guardar