ONDO MAITE

«Nik esaten dizudana da ondo maitatu behar zaituztela, ez asko edo gutxi«, esan zidan amak maitemintze horiekin hasi nintzenean.

Asko gustatzen zitzaidan nire klaseko edo ostiraletan kantxa berean entrenatzen zuen beste talde bateko norbaitekin amets egitea. Goizero irribarre batekin jaikitzea lortzen zuen pertsona berezi harengan pentsatzen eman nahi nituen orduak. Norbaitekin maitemintzen nintzenean sentitzen nuen nerbioei buruz hitz egitea gustatzen zitzaidan. Egia da, halaber, bi astero pertsona ezberdin batekin maitemintzen nintzela eroki, nigan interesik ez zutela ikusi orduko, pertsonaz aldatzen nuen.

Baina, lagun, gaizki pasatzen nuen. Orduan hasi zen ama moskeatzen, maitasun erromantikoa oso lotuta baitago mina erromantizatzearekin, eta horrek ezin du horrela izan.

Pentsamenduak lausotzen zitzaizkidan. Harreman horietan joaten zitzaizkidan indar guztiak, pentsatzen nuen agian neu nintzela gertatzen zitzaizkigun gauza txarrak aldatzeko arduraduna, norbait zoriontsu izan zitekeela nire ondoan. Nire lagunek egun bat gehiago pasa zezaketela ni ikusi gabe. Nire ikasketak ez zirela hain garrantzitsuak.

Harremanak guztiaren gainetik jartzen nituen. Esku artetik ihes egiten zitzaidan kontua.

Hori diot, azterketen gainditzeak eta suspentsoak, laneko akatsak eta asmatzeak oso lotuta egon baitira nire maitemintzeekin.

Eta horrek ezin zuen horrela jarraitu. Amak oso ondo esan zidanez, ondo maitatu behar gaituzte eta ondo maite behar dugu jendea eta baita geure burua.

Pixkanaka ikasi dut zer den harreman osasuntsua izatea. Ezer aldatzen saiatu gabe, dena da erraza pertsonek ondo elkar maite dutenean. Horrek harreman afektibo guztietarako balio du; familia, lagunak, animaliak…

Aprendamos a diferenciar el querer bien del amor romántico tóxico. Actitud Beldur Barik 2020.

Batez ere, neure burua zaintzen ikasi dut. Neure buruaren gainetik ezer ez dagoela ikasi dut.

Orain badakit nire lagunak nire lorategiko babeslekua direla, ureztatu eta zaindu behar dudan lorategia, loreak indartsu hazten jarrai dezaten.

Jada, ez dut uste nire jendeak dena jasan dezakeenik, ez.

Maitemintzen jarraituko dut, baina modu egokian. Pelikuletan erakutsi diguten maitasun erromantiko toxiko horretatik bereiziko dut, modu kontzientean egiteko, nire bikotekideak eta bidaia-lagunak zainduz.

Has gaitezen behingoz ondo maitatzen!

Eskerrik asko ama!

 

IRAKURKETA INTERESGARRIAK:

• Maitasun erromantikoaren mitoak.

• Genero indarkeria eta maitasun erromantikoa.

 

BIDEO INTERESGARRIAK:

• Eneko Sagardoy: Laranja osoa.

• Nola maite behar dugu feministok?