ONDO DAKIGU GUK ZER DEN LIGOTEO SANOA! LIGATZERAKO ORDUAN… EKIN BB JARRERARI!

Iepale! Izaro eta Gatiburen abestia jarri du dj-ak! Goazen dantzatzera! Goazen gozatzera! “Iepaleee… geldi….” badirudi  barruko ahots batek horrela diola. Pista, gaztegune, plazaren erdiko bidean hor agertzen dira aurreritsi guztiak… “nire dantzak probokazio bat izango balira bezala hartuak izango dira? etortzen bada norbait nirekin hitzegitera eta gogokoa ez badut, nola esango diot joateko? “. Eta horrelako pentsamenduak etortzen direnean, askotan pertsona dagoen lekuan gelditu daiteke, geldirik, esamesek geldituko balute bezala… Edota esamesei, barruko ahotsei jaramonik ez egin, edo behintzat nire burua gelditzeko duten boterea kendu eta aurrera egin “Aske maitte, aske bizi” abesten zoazen bitartean.

Aurrera egin eta dantzara, festara atera. Ligatzea ez da nire gaurko helburua, baina hala gertatzen bada, ba primeran, ez? Eta pista erdian nagoen bitartean, eta nirekin hitzegiteko gogoa baduzu, kontuan izan beharreko zenbait gauza:

  • Nire lagunekin banago, mesedez, rollo onean etorri, eta hitzegiten banago, itxoin bukatu arte, edota, eragozpena egiteagatik barkamenak eskatu behintzat… Zuretzako igual esan behar didazuna kriston garrantzia izango du, nire bizitza poztu dezakeen zerbait izan daiteke… bale, bale… ba itxoin ezazu.
  • Ligoteorena hain da esparru zabala… Ez da bakarrik norbaitekin liatzea… Askoz gehiago da. Ligoteo sanoa jolasa da, seduzitzea bakarrik dela zure jolasa? Goazen jolastera. Beste pertsonak seduzio jolasean parte hartu nahi duela eta jolas hutsean gelditzen dela guztia (hala nahi dugulako biok edota gutako batek hala nahi duelako), primeran. Aurrera egiten dugula eta zerbait gehiago nahi dugula… goazen nahi eta desio dugun hori elkarrekin eraikitzera, elkarrekin gauzak adostera, negoziatzera. Nahi ez ditudan gauzak ez ditut egingo, eta egin nahi edo desio ditudan gauzak egin nahi baditut, eta horrela azaltzen badut, eskubide osoa dut nire desioak plazaratzeko, pista gainean, mahai gainean, ohe gainean jartzeko. Ez naiz gaizki sentitu behar nire desioekin. Eta gau berdinean pertsona desberdinekin jolastu nahi badut, nire kontua da. Guztia adostuta badago, zergaitik trabarik egin? Eta sexu bereko batekin ligatzen badut, horrela ere nahi dudalako gaur, zergaitik sartu nire desioetan?
  • Jakin badakigu begiradak, gestuak… garrantzitsuak direla. Benetan erakargarriak dira begiradak askotan, zelako jokoa ematen den horrelakotan… Uiiii… begiratzen nau… hmmm… orain ez… nik begiratuko dut… Baina horrelako egoerak ematen ez direnean… Nire aurpegia interpretatu!
  • Ezetza jasotzen eta ematen jakin behar dugu. Ezetza ematen badidate, ba beno, ez da ezer gertatzen eta neska izanik ez naiz puta bat guztion atzetik joaten naizelako, edo esperantzak galdutako pertsona bat ezetza eman didatelako… Eta mutila banaiz, ez dut zertan nire gizontasuna arriskuan ikusi beharrik. Eta ezetza ematen ere jakin behar dugu. Rollo onean emango dizut rollo onean etorri bazara, eta txarrean gaizki etorri bazara, edota elkarrizketak okerrera egin badu.
  • Zelako beharra dugun guztiari etiketak jartzeko. Reggaeton-a nire lagunarekin dantzatzen dudala, gertu, osooo gertu… musu ematen diodala, ez gara lesbianak (ala bai) edo gay-ak (ala bai) izan beharrik… Jolasean gaude. Heterokuriosoak izan gaitezke, baliteke. Baina ez nabil zu berotzen. Hori argi eduki.
  • Ez dut nire burua ezertan derrigortu beharrik. Ez dut zertan beldurra izan beharrik ezetza eman behar badut, edo nire gustukoa ez den pertsona batekin egon/hitzegin nahi ez badut. Eta iritziz aldatu nahiteke nahi dudan bakoitzean. Baietza baietza da baietza den bitartean… Ezetza denean, beldurrik ez izan esateko. Bakarrik seduzitu nahi badut, horrelakoa da bizitza… egin zazu NAHI DUZUNA! Beti adostuta, berriro diogu. Baina batez ere… GOZATU!

Ez gatoz ezer berririk esatera, ligoteo sanoaren sekretua zein den? Errespetua, rollo ona, gozamena, enpatia, heteroarauarekin apurketa, ez epaitu, estereotipo eta rol sexistekin apurtu, lodifobiarik ez izan eta gorputz aniztasunaz gozatu… Ez da lan makala, baina ez dakizue zein ongi pasatzen den ligoteo sanoa praktikatzen. Ala bai?

Post honekin bukatzeko… gomendio bakarra eman nahi dizuegu. Jaietaz, esparruetaz Beldur Barik Jarrerarekin gozatu, bizi! Ligoteo sanoa urte osoan praktikatu! Eta jaietan zaudela, “hau bai dela ligoteo sanoa!” esaten badiozu zure buruari, bi gauza egin ditzazkezu, beno hiru. Bata, guri bidali eta kontatu. Bigarrena, bideo bat egin eta Beldur Barik Lehiaketa 2017ra aurkeztu. Eta hirugarrena, eta garrantzitsuena… GOZATU!