NORTZUEK AUKERATUKO DITUZTE SARIAK?

Aurreko post-ean komentatu genuen aurten ere, hainbat  sari egongo direla. Batetik bi kategorien araberako bi sari: 500€-ko sari nagusia kategoria bakoitzeko eta 300€-ko aipamen berezi bana. Bestetik, herria saria ere dugula komentatu genuen, 300 €-rekin baloratuta. Eta, azkenik, aurtengo nobedade gisa, ikus-entzunezko ekoizpen onena ere sarituko dugu: 300€-ko sari metalikoa jasoko du, eta, gainera, hainbat jaialditan hedatua izateko aukera.

Bi kategorietako sariak eta baita, ikus-entzunezko ekoizpen onenarentzako saria ere, Beldur Barik programaren antolaketa taldeak izendatutako epaimahaiak erabakiko ditu. Nortzuk osotuko dute? Proiektu honi lotutako erakundeen ordezkariek, eta sormenaren, kulturaren eta hezkuntzaren munduetako eta berdintasun politiken alde eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan aritzen diren emakume feministak izango dira. Epaimahaiaren eginkizuna bi kategorietan aurkeztutako lanei buruz eztabaidatzea eta proiektu irabazleak eta aipamen bereziak hautatzea izango da.

Herria saria, ordea, web-gune honetatik egingo dugun bozkaketa bidez aukeratuko dugu. Herriaren saria bi kategorietako edozeinetan aurkeztutako lanei ematen zaien saria da. Lan horiek Beldur Barik jarrera! lehiaketako antolatzaileek aurretik hautatu dituztenen artean egon behar dira. Bozkaketa azaroaren 21 eta 25 bitartean egingo da eta boto gehien dituen lanak jasoko du. Azaroaren 25ean gaueko 12:00etan puntuan itxiko da bozkaketa  eta jarraian erakutsiko dugu zein izan den boto gehien jasotako lana. Ez galdu aukera zure botoa emateko!!

Lehiaketan parte-hartu nahi baina ez dakizu zein gai edota zein adierazpen landu? Ez dakizula nola adierazi buruan dituzun ideia, emozio edota bizipenak?? Hurrengo ostiralean sormenerako eta horiek praktikan jartzeko hainbat argibide erraztuko dizkizuegu. Ez galdu gure hurrengo ostiraleko post-a!