Normala

HONDARTZAN

Hondartzara joan nintzen aurreko egunean lagunekin. Beroa ez zen ikaragarria eta beraz normalean baino bidaia gutxiago egin genituen uretara. Dena dela ez zitzaizkigun aukerak falta izan olatuen inguruan jolasean aritzeko. Halakoetan egunek luze jotzen dute eta denetarik egiten dugu: kartetan aritu, paletan, futbolean baloi bigunarekin… Azken honetan ari ginela emakume bat gerturatu zitzaigun arratsalde erdian edo, eta nahiko era serioan bota zigun: “baina zuek uste duzue hondartza zuena dela, ezta? Mutikoak, mutikoteak, beti behar duzuen lekuaren bikoitza okupatzen”.

Pentsatuko duzuen bezala, ez ginen isilik geratu. Baina zer uste zuen andre horrek ba? Hondartza denona da, eta denok dugu eskubidea hor aritzeko, eta futbolean ari bagara ba normala da lekua behar dugula, ez gara ba futbolean arituko toalla batean… “Zuri gertatzen zaizuna, amargatua zaudela, señora”, esan zion Josebak. Eta barre egin genuen denok emakumeak erdiko atzaparra erakusten zigun bitartean, bizkarra emanda.

Taldeko harrokeria eta puztuta egotearen sentsazioa pasata, etxerako bidean hitz egiten aritu ginen Idoiarekin. Galdetu zigun benetan sinisten dugun hondartza denona den kontu hori. Ohartzen ote garen bakoitzak nahi duena egitearen ideia horrekin azkenean mutilok egiten dugula gehienetan nahi duguna. Berak dio txikitatik izan dela horrela, gehienbat mutilok egiten ditugun gauzak zeudela eskolako patioan ere, kantxa osoa futbolerako eta neska gehienak eta futbola gustuko ez zuten (eta esatera ausartzen ziren) mutil gutxi horiek han, izkina batean. Ez dela kasualitatea dio, jendeari erantzun azkarrak eman ordez hobe genukeela pentsatzen hastea.

Gauza da ezetz, ez garela konturatu, ez dugula ikusten. Askotan kexatzen naiz helduek ez dutela ikusi nahi gure errealitatea zein den, ez dituztela gauzak gure lekutik bizi. Agian kontua da jende denak onartzen duela helduena serioa dela, eta gure ideiak txorakeria hutsa. Igual kontu honekin antzerakoa da? Jende gehienak uste du normala dela gizonok egotea hor, plazaren erdian, eta beraz ez gara ohartu ere egiten, guk egiten dugun hori normala omen delako. Idoiak dio normala ez dela ezer, dena ikasten dugula. Eta ea espabilatzen garen behingoz, hori ere badio.

Guardar

Guardar