NESKAK OHOLTZA GAINEAN

Batzuetan,  palo apur bat ematen du gustukoak izango genituzkeen hainbat gauza egiteak: rock talde batetan gitarra jotzea, bertso-eskolan ikasitakoa herriko plazatan erakustea, edota mikrofono batetatik sekulako garrasiak botatzea jendaurreko erraldoi baten aurrean… Baina salto egiteko momento horietan, mamuak agertu ahal zaizkigu. Izan ere, neskoi ez zaigu mutilei beste erakutsi publikoak izaten, espazioak okupatzen, erdigunean protagonistak izaten, gure ahotsa entzunarazten. Txikitatik erakutsi zaigulako izkinatan egoten, gehiegi ez nabaritzen, garrazi gehiegi ez egiten. Txikitatik neska edo mutil bezala hezterakoan, balore ezberdinak barneratzeko, rol batzuk betetzeko, jarrera eta gorputz batzuk gureganatzeko hezten gaituztelako. Eta baliteke horregatik ez ikustea, mutilen beste, plazen erdigunean, oholtza gainean, mikrofono baten aurrean. Zeren eta, musika-festibaletako karteletan, bertso-saioetan… Proportzioan, beti agertzen dira mutilez osatutako talde edota mutilen izen gehiago. Baina  neska gutxiago daudelako al da?

Zeren eta, badaude neskak eta geroz eta gehiago gainera, musika sortzeko, inprobisatzeko eta adierazteko modu desberdinetan dabiltzanak. Badabiltza eta indar handiarekin gainera. Bertsolaritzan, esaterako, geroz eta neska gehiago dira bertsotan ari direnak eta berstsolaritzaren beraren eztabaidatzea eragin du. Uxue Alberdiren hitzetan: «Emakume gorputza eraikuntza oso bat da, eta eraikuntza horrek norberari eragiteaz gain publikoari ere eragiten dio. Ni emakume modura eraiki naute eta hala eraiki dut neure burua: umetatik balore batzuek neureganatzeko, rol batzuek betetzeko, jarrera batzuek, gorpuzkera batzuek neureganatzeko hezi naute, eta horretan trebatu naiz, gehienetan inkontzienteki. Esango nuke emakume guztiok hasi garela bertsotan neutroak ginela pentsatuz, baina oholtza leku ezin hobea da gure eraikuntzaz eta gizarteak gutaz espero duenaz jabetzeko. Zergatik jartzen dizkigute “emakumeei buruzko gaiak” emakumeei bakarrik? Zergatik eskatzen zaie gizonei politikaz kantatzeko? Zergatik jartzen gaituzte emakumeok desiratu eta gizonak desiratzaile roletan? (…) Emakume bezala izan dudan eta kolektiboki dugun eraikuntzaz jabetzeak, kontzientzia feministak, gauza asko ulertzeko bidea eta eraldaketarako tresnak eskaini dizkit, eta oholtzak esperimentaziorako gune aparta».

Sortzeko, adierazteko, mugitzeko, dantzatzeko, abesteko edota instrumentuak jotzeko moduekin, paisaia eta izateko modu berriak, desberdinak sortzen ari dira. Orain arteko panorama eraldatzen ari dira. Horren erakusgarri da, «Furia Soprano» rap abeslari feminista, esaterako.  Bere letra iraultzaile eta apurtzaileekin,  gure egungo jendarte eta kultura ereduak sortzen dituzten eskubide urraketa salatzen du:

Udaberri honetan, hainbat musika jaialdi feminista antolatu dira. Esaterako, Zarautzeko Putzuzulo Gaztetxean Mefsst Musika Errebolta Feminista (goiko bideoa iazko jardunaldietakoa da). Jardunaldiekin antolatzaileek emakumeen ahalduntzea bultzatu nahi izan zuten musika sortzerakoan, jotzerakoan, entzuterakoan, dantzatzerakoan edota soinua jartzerakoan: «Punk-a, rock-a, hardcorea jendarteko hainbat arau, muga gainditu dituzten musika estilo eta mugimenduak izanik, zer dela eta ez ditu genero arauak, rolak gainditu? Zein izan da Euskal Herrian emakumeok musikan izan dugun papera eta funtzioa? Nola aldatu dezakegu gaur egungo egoera? Aldatu behar al da?». Valladoliden ere, Potorrock jaialdia ospatu zen zeinaren helburua zen  emakumeen parte-hartzea indartzea eta bisibilizatzea musika alternatiboaren sorkuntzan.

Musika, plaza, oholtzak… Ez dira zerbait aldaezinak! Beraz, eralda ditzagun gure letra, ahots eta mugimenduekin! Beldur Barik jarrerarekin!