LIGATZERAKOAN: NON DAGO MUGA?

Txosnatan zaude eta aspaldi fitxatuta duzun horrekin tonteatzen hasten zara. Begirada bat botatzen diozu, berak ere zuri beste bat… Irrifarre bat, hurbiltzen zara. Hitz bat, galdera bi eta dantzatzen hasten zarete. Ferekak, musu iheskorrak… Halako baten, lagunak datoz, tabernetara doazela. Ahaztuta zenituen, hain gustora zeunden…! Hasieran ez dakizu zer egin, baina erabakitzen duzu beraiengana joatea. Kointzidituko duzue beranduago, eta, bestela, geratuko zarete beste egunen baten! Esan egiten diozu baina ez dio graziarik egiten. Esaten dizu ea nola berotu dezakezun horrela eta gero joan.  Ez izateko hain “monja”.

nire erabakia
Nire alua, nire erabakia, nire gorputza, nire ahotsa

Horrelako egoera batean, besteak esaten digunak asko eragin gaitzake, txarto sentiarazi, ematen du arazoa gugan dagoela.  Baina agian arazoa da sexua ulertzeko modua … Zeren eta, zergatik ulertu hasiera eta bukaera batekin? Zergatik ez ligatu, ligatzearen plazerragatik? Ez da zertan izan behar, soilik, zirri batzuekin hasi eta narrutaldi batetan amaitzen den zerbait. Sexualitatea zerbait zabalagoa da, azken finean, plazerra bilatzeko eta sentitzeko dugun gure gaitasun propioa da. Eta sentitzeko eta bilatzeko hamaika era daude. Nork dio modu bakar bat dagoenik?

Baliteke tonteatzen bakarrik, jada, disfrutatzen egotea, ezer fisikorik nahi ez izatea. Edota mosu eta zirri batzuekin ikaragarri ongi pasatzea. Edota baliteke, hainbeste gustatzen zaizun pertsona horrekin narrutan egiteko sekulako gogoak izatea, baina nahiago izatea beste egun baterako uztea: mozkortuta zaudelako, nekatuta, urduri…  Norberak erabakitzen du  zer egin nahi duen, norekin eta nola.   Nahiz eta gau osoan biak berotzen ibili zareten, nahiz eta txortan egiten zaudeten, beti duzu aukera ezetz esateko.  Ez bazaude eroso, ez bazaizu gustatzen egiten ari zaretena… Adierazi sentitzen duzuna, nahi duzuna, BELDURRIK GABE ! Edozein momentutan esan dezakezu EZETZ!  Denak balio du beti ERRESPETUA dagoen bitartean. Ez zaitzatela txarto sentiarazi, zeren eta, zure gorputzarekin, zure plazerrarekin zer egin nahi duzun erabakitzeko eskubidea duzu. Sexua plazerra disfrutatzeko delako, ez txarto pasatzeko.

Bale, norbaitek esango du frustrantea izan daitekeela, ilusioak egin eta gero, ezetz bat jasotzea. Ez gertatzea esperotakoa. Baina zer egingo diogu ba? Onartzea tokatzen zaigu. Bi pertsonek sexu harremanak izatea erabakitzen dutenean, bien arteko erabakia da. Batek zerbait egin nahi ez duenean, HOR DAGO MUGA. Gainera, beste pertsona horrek ezer gehiago ez duenean nahi, zertarako ekin?   Ez jarri zure plazerra bestearen gainetik, entzun eta enpatizatu. Baiezkoa denean, GOZATU! Eta ezezkoa denenean, GAME OVER!

Ligatzeari buruzko zalantzarik geratu bazaizue, bisitatu gure errespetuz  ligatzeari buruzko dekalogoa!