Idatzi ez duzun erromantizismoaren gidoia ez interpretatu!

gidoia

Konfesatu behar dut. Erromantzisimoaren biktima bat naiz ni ere. Nik ere bakarrik geratzeko beldurra dut, eta mutiloi erakutsi digute neskalaguna izan behar dugula, hori dela normalena, baina gutxi esan digute bakardadeari buruz, suposatzen da gu beti gaudela ondo, gure kabuz ondo moldatzen garela. Baina gero, ai, bikote harremanetan mamu berdinak agertzen zaizkigu: ez dugu nahi bakarrik egon, beste denak norbaitekin daude eta ni ez…

Eta nola antzerkiaren gidoia horrela idatzita dagoen, ba pentsatzen dugu bakarrik ez egoteko modurik onena gidoia jarraitzea dela. Gure bikoteei eskatzen diegu guretzako izatea atentzioa. Gurekin egitea gauza bereziak eta haien denborarik preziatuenak guri eskaintzea. Pentsatzen dugu gurekin baldin badaude ba ez dutela zertan beste batzuekin ere aritu, “zu niretzako zara eta ni zuretzako” esatea maitasun froga bat dela, eta gainera gehien gustatzen zaigun partea lehengoa da: “zu niretzako”. Gero nik egiten dudana… Bueno, hori ikusiko dugu.

Eta hortik aurrera gidoiak gauza zehatzak eskatzen dizkigu: pentsatzea jeloskorra izatea maitasuna dela. Pentsatzea gure bikotea non dagoen eta zertan dabilen uneoro jakitea maitasuna dela. Pentsatzea jendea konplementatu egiten dugula, eta gu gabe bera ez dela ezer, ezin duela bere kabuz hau edo bestea egin… Zertarako emango dizkizuet detaileak. Badakizue zertaz ari naizen, leku denetan ikusten dugun horretaz, pelikuletan, lagunekin dauzkagun elkarrizketetan. Eta badakigu oso oso oso erreala den arren, gidoi bat dela.

Bikote harremanak hori dira azken finean: harremanak. Eta harreman guztiek bezala hori eskatzen dute: errespetua. Eta errespetuak esan nahiko luke ez kontrolatzea. Ulertzea parekoaren askatasuna nahi duena egiteko beste denaren gainetik dagoela. Eta garrantzitsuena elkar errespetatzea dela eta ez jende guztiaren begietan super normala eta erromantikoa izango den harremana izatea. Errespetuz, komunikazioaz, zintzotasunez eta berdintasun nahiaz lortzen dugulako bakarrik ez egotea guk idatzi ez dugun erromantizismoaren gidoia interpretatu nahian.

Guardar

Guardar

Guardar

Guardar

Guardar