«Hautsi ditzagun mugak» #beldurbarik

(Si crees que este trabajo merece ganar el Premio Popular Beldur Barik, de 300 euros, pincha en “Votar”)

Egilea: Ainhoa Jimenez Goñi

Kategoria: 2. (18-26 urte)

Herria: Ordizia

Hautsi ditzagun mugak!

5 hilabeteko haurtxoa karrotxoan doa, ama eta aita ondoan, baba dariela txaketatxo urdineko botoiak lotuz.

Zeinen mutiko polita!- gerturatu den andre batek.
Ene! Hankak geratu ezinean dabil, futbolari bikaina izango da mutil hau!- mutil gazte batek.
Hau mutikotxo ederra!- masailak gorritzeraino igurztera inguratu den amonak.

2 urte inguruko mutiko bat inguratu da:

Ama nik horrelako arrebatxo bat nahi dut!
Mikel! Ixo!- lotsatutako emakumeak…

Eguzkia atera da zeruan, aitak, txaketatxo urdina goxotasunez kendu eta kamiseta arrosa txukundu dio.

Hara gure printzesatxoa!- gerturatu den gizon batek…

…

Jon 6 urte. Gau guztia lo egin ezinean igaro du, gaur Olentzero iritsiko da bere etxera! Goizeko 7rak jo eta ziztu bizian egongelako pinu pareraino joan da. Han eseri da gurasoak gerturatu diren arte.

Tira Jon, zabaldu opariak!

Papera istant batean desagerrarazi du. Futboleko baloi berri berria.

Zeinen ondo pasako dugun honekin ezta Jon? Errealeko jokalariek bezala!- esan dio aitak ilusioz betea.

Umeak irribarre itzalia oparitu dio.

Berak papin bat nahi zuen!

…

Nik Josu aukeratzen dut.
Nik Gorka, munduko atezainik onena da!
Xiker.
Jokin.
Asier
…
Joe! Bale! Amaiak gurekin jolas dezala!

6-0 irabazi dute 10 urteko umetxoek partidua.

Amaiari ez diote gol bakar bat ere sartu.

…

Elene, 14 urte.

Arropa dendako aldagelatik ateratzeko beldurrez. Kanpoan ama, “ Tira, Elene! Seguru zoragarri zaudela!”

Dendatik irten dira.

Ama, nik ez nuen nahi hau erosi!
Aix…polit asko zaude soineko berri horrekin! Printzesa baten moduan.

Asperen egiten du.

Nik ez dut ipuinetako printzesa izan nahi!

…

Keparen 17. urtebetetze eguna da.

Dagoeneko gizon bat haiz Kepa!- esaten dio usain sarkorreko puru erraldoi horietako bat erretzen dabilen osabak.
Ene! Nire bihotzeko Kepa, zeinen heldu jada. Ziur baduzula neskatxaren bat hortik ezta?- amonak.
Hik ere topatu beharko duk horrelakoren bat…- lehengusuak. Momentu horretan desagertzeko truku bat egin nahi lukeen neska lagunari ipurdiko bat emanez.
Ikusi al dituk barrako neskaren titiak?- anaiak.

Jokin bitartean, sukaldeko txirriskutik oilaskoa prestatzen ari den kubatar itxura duen sukaldariari begira…

(“Hori mutil puxka!” pentsatuz bere artean)

…

Maria. 25 urte.

Tira, Joxe, orain siesta egiteko garaia da.- zaharren egoitzako agure bati.

Guztiek maite dute Maria.

Beti dauka irribarre bat oparitzeko.

Lagunek, lankideek, zaharren egoitzako agure bakoitzak.. denek uste dute neska zoragarria dela.

Beti dago pozik, zoriontsu, laguntzeko prest.

20:00etan iritsi da etxera, Julen zain dauka. Kandelaz apaindutako mahai gainean afari ederra, loraz betetako egongela…

Lehenbizi, logelara joan da, soineko polit bat jantzi eta makilajezko kareta kendu du.

Julenen parera heldu eta…

Barkatu Maria!- ez da berriz gertatuko- belztutako begian muxu ematen dion bitartean.

Besarkada estu batean murgiltzen dira.

Badakit.- dio Mariak.

Maleta hartu eta etxetik irten da.

…

Ama! Gotzonek zergatik dauzka bi aitatxo?

– Ama! Gotzonek zergatik dauzka bi aitatxo?

Erantzunik ez.

Ama! Gotzonek bi aitatxo dauzka… eta nik… bat ere ez! Baina, berak ez du amatxorik, eta nik ordea bi dauzkat! Nahastu egin al zineten?

Ez bihotza! Zuk bi amatxo dauzkazu Elenak eta biok elkar maite dugulako, Gotzonen aitatxo Peru eta Patxik ere, asko maite dute elkar, ziur.

Enekok esaten du hori ez dagoela ondo… berak aitatxo bat eta amatxo bat dauzka, baina, ez dute elkar maite. Uste du nahiko nahastuta dabilela gaixoa!

…

Aitona Erramun biloba Nekanerekin parkean jolasean.

Estroputz egin eta negar zotinka hasten da.

Aitonak, goxotasunez bere magalean eseri eta lasaitu artean laztantzen du.

Tira bihotza! Jarrai dezagun jolasean.

Aitona Peru, biloba Koldorekin parkean jolasean.

Estroputz egin eta negar zotinka hasten da.

Aitonak, goxotasunez altxatzen laguntzen dio.

Tira gizontxo! Jarrai dezagun jolasean. Gizonek ez dute eta negarrik egiten!

“Nork, gu ez bagara, hauts ditzake mugak? Errealitatea, beti, begiratzen duenaren araberakoa da”.