Guretzako ere bada, gurea ziur aski ez

 

Bat

Nola gustatzen zaigun mutiloi esatea feminismoaren kontua ez doala gurekin. Ahal dugun guztietan ihes egiten dugu feminismoak plazaratzen dituen galderetatik. Nahiago dugu pentsatzea gurekin ez doala kontua, azken finean, gurekin joango balitz aspaldi esana izango ziguten feministek zer egin behar dugun. Edo, itxaron, igual esan digute?

Eta… nola gustatzen zaigun mutiloi esatea feminismoa geurea ere badela. Askotan feministak baino feministago izan nahi dugu. Beraiek feministak badira, eta gu haiekin ados bagaude gauza askotan, pues orduan feminismoa ere gurea da, ezta? Esan nahi diegu oso ondo egiten dutela, ondo iruditzen zaigula. Tap-tap-tap, sorbaldan kolpetxoak eman.

mutil feministak

Ze aukera ona ematen digun hizkuntzak gauzak hobe ulertzeko. Feminismoa GURETZAKO dela esaten badugu, esan nahi dugu guk ere pentsatu behar dugula zer egin berdintasun faltaren aurrean, indarkeria matxistaren aurrean, diskriminazioaren aurrean. Azken finean, gu ere partida hori jokatzen ari gara ezta? Hortaz ardura hartu behar dugu. Eta ardura hartzeak esan nahi du eztabaidatu egin behar dugula, hausnartu, pentsatu, egin: zer egingo dugu egoerari buelta emateko?

04

Feminismoa GUREA dela diogunean ordea, gure beldurrekin egiten dugu topo. Izan ere, ez zaigu asko gustatzen emakumeek beren kabuz antolatu, indartu, boteretu eta aurrera egitea. Baina feminismoa guretzako dela ulertzen badugu, ulertu beharko dugu ere lehen lerroan ez egoten jakitea dela guretzako ikasgai garrantzitsuetako bat. Lagundu dezakegulako feminismoan pankarta eta bandera eutsi gabe lehen lerroan, bideoaren protagonista izan gabe. Eta bereziki gure inguruan eragiten, gure lagun-taldean, gure gazteleku edo gaztetxean, ikasgelan… Asko dugu gure artean zalantzan jarri eta iraultzeko!

Hortaz guretzako da feminismoa eta guretzako dira bere kezka eta galderak ere. Gurea delako ardura, baina ez feminismoa bera.