(Si crees que este trabajo merece ganar el Premio Popular Beldur Barik, de 300 euros, pincha en “Votar”)
Egilea: Itsaso Garro Irastorza
Kategoria: 1. (12-17 urte)
Herria: Beasain
GAUR
Atera nahian nabil,
Atera nahian
giltzapeturik uzten nauten
zure barroteetatik,
estu lotzen nauten horietatik.
Ihesean nabil
men egitetik,
zure burdin begiradatik,
barrenak husten dizkidaten jipoietatik,
ezaren pare sentiarazten didaten ubeldura literarioetatik.
Maite zaitut,
Eta badakizu,
Horregatik,
nire maitasuna bortxatzen duzu,
nahi duzun eran maneiatzen,
zure gustuko dantzetan mugitzera behartzen.
Eta zuk,
Zuk ez nauzu maite.
Eta noizbehin
maitatu izan baninduzu,
irudi horiek lausotuak izango dira .
Zure harrokeriak usteldu zintuen,
berekoikeriak ito ,
zure beldurren preso egin ninduzun.
Zoriontsu sentiarazi ninduzun
garai haiek herdoildu ziren.
Oroimen horietatik zintzilik egon naizen arren,
ene arima urratuarazten amaitu duten arte.
Eta nazkatu naiz,
ene burua ere maitatzen
hasi naiz azken aldian.
Zoriontasuna dastatu nahi dut ,
luzaroan izan da ene izatetik urrun
eta jadanik ahaztua dut.
Zure besoen arteko barroteak
suntsitzeko gai naiz azkenik.
Gaur da eguna,
Gaur berriz jaio naiz,
Gaur egin naiz nire buruaren jabe,
Gaur entzun ahalko duzu nire oihua,
askatasun oihua.
Gaur aske naiz eta.
Etorkizun zabala dut nire begien aurrean.
Eta zu,
zu ez zaude han.
Urrun ikusten zaitut,
jada, iraganean.