Ez da txantxa

Seguru nago zuri ere askotan pasa zaizula burutik. Norbaitek esaten dizunean gauzak horrela direla, eta horrela izango direla amorratzen zarela. Ezetz ezetz eta ezetz esaten duzula norbaitek aurpegiratzen dizunean ezin direla gauzak aldatu, ezin dela ezer egin. Zuk badakizu baietz, posible dela zerbait egitea, baina batzutan ez dakizu zer. Askotan ez dakigu zer egin.

Esate baterako, emakumeen kontrako indarkeriaren inguruan, eta orokorrean matxismoaren inguruan, zenbat aldiz pentsatu duzu ez zaudela gustura gertatzen diren gauza batzuekin? Ez zaizula gustatzen zure ingurukoek neskei buruz hitz egitea haragi puxkak soilik bailiran? Edo errespetuz ez jokatzea? Edo emakume bat erasotua izan denean “zerbait egingo zuen ba” esatea? Ez zaude lasai, ez zaizu gustatzen. Badakizu ez dagoela ondo, eta gaizki dagoena aldatu egin behar dela.

Eta hala ere zenbat aldiz isildu zara? Klaro, eske mutilak bagara ba ez gara beste mutilen kontra jarriko. Noski, agian orduan zure kontra hasiko da norbait. Edo igual esango dute, badakizu, apur bat marikoia zarela. Edo txantxa bat bakarrik zela… eta zuk nahi ez duzun arren barre egiten duzu, barrutik tripak minduta izan arren, ez dizulako inolako graziarik egiten. San Ferminetan gertatutakoak ikusi dituzulako eta badakizulako ez dela txantxa.

autodefensa_feminista

Galdera ez da hain sinplea eta erreza erantzuten, baina noren alboan egon nahi dugu? Erasotzen duen lagunarekin edo erasotua izan den lagun horrekin? Egunero hitzen, komentarioen eta indarkerien bidez erasotua denaren alboan egon nahi badugu, harek nahi eta behar duena entzun eta ahal dugun heinean lagundu behar dugu: salatuz, erantzunez, protestatuz. Eta erasotzen duenaren aurrean jarriz eta ezetz esanez. Ez gaudela berarekin.

Zer dugu galtzeko? Agian ez garela hain “mutilak” izango? Ba gaitzerdi. Niri behintzat ez zait hainbeste inporta. Asko dugu ikasteko eta entzuteko, hobetzeko eta kuestionatzeko eta “mutila izatea” edo “gutariko bat izatea” oztopo bat bada, utikan! Ez zaigu alboan jenderik faltako.

Guardar

Guardar