Zer egin zidaten niri feministek

No me cuelgues tus etereotipos de masculinidad

Askotan kontatzen dut oso gaztetan topo egin nuela feministekin. Nire herrian asko ziren garai horietan bueltaka zebiltzanak: gauza piloa antolatzen zituzten, beraien bilerak, manifak, pankartak eta festak. Klaro, herriko mutilontzako hori nahiko egoera arraroa zen, urduri jartzen ginen, batzuk besteak baino gehiago. Gogoratzen naiz gure herriko gaztetxean festa bat egin zutenekoa, esan zigutenean haientzako bakarrik zela, neskentzat. Ouch! Uste dut lehengo aldiz esan zidatela ezin nintzela nonbaiten egon mutila nintzelako. Esana zidaten ezin nintzela sartu tabernetara gazteegia nintzelako, baina nire lagunak ziren horiek esatea mutila izateagatik ezin nintzela joan?

Nirekin batera festatara eta kontzertutara etortzen ziren haiek esaten bazidaten nahiago zutela haiek bakarrik egon, argi eta garbi ezin zen izan gorrotoagatik. Lagunak ginen. Beste esplikazio bat egon behar zen. Azken finean guk bat egiten genuen beraien mobida feministekin, super ondo iruditzen zitzaizkigun egiten zituzten gauzak… Buelta gehiago eman genizkion eta amaitu genuen galdetzen. Ez kexatzen. Ez haserretzen. Galdetzen. Esplikatu zizkiguten beraien ideietako batzuk: egunerokoan mutilok egiten genituen gauza askok sortzen zutela beraiek eroso ez egotea elkarrekin geunden batzutan. Gure jarrera batzuen ondorioz ezin zirela erabat gustora aritu gaztetxean, ez zeudela gustora. Beraien artean asko hitz eginda ikusi zutela zenbat gauza zituzten komunean, eta nahi zutela horretan gehiago pentsatu. Denbora asko pasatzen genuela elkarrekin eta gauza asko egiten genuela elkarrekin, ez zela hain larria une batzuetan gu ez egotea presente. Esan ziguten beharra eta nahia zutela emakumeen artean leku hori konpartitzeko.

 

13230068_1787466291464959_579543371065757579_n

Esan ziguten, esan gabe, ez ginela guk pentsatzen genuena. Ez ginela super enrollatu eta errespetuzkoak denbora guztian. Niri, barkatuko didazue, bizitza izorratu zidaten: nire buruari buruz galderak egin behar nituela pentsatzen hasi nintzen, esaten nuena eta egiten nuena ez zela beti berdina. Eta gaur, ez-dakit-zenbat urte beranduago, oraindik horrela naukate. Galdera eta galdera, pentsatu eta pentsatu. Zenbat gauzatan (batzutan jakin gabe) pribilegioak dauzkadala pentsatzen, baina baita emakume horiek beraiena egiteko duten botereaz jabetzen. Garai horretako lagun haiek lagun oso maiteak dira oraindik. Eta gurekin konpartitu zuten feminismoa oraindik ere gertuan izan nahi dut beti. Galdera dexente eman dizkidalako, baina ingurua eta ingurukoak ulertzeko erantzun asko ere.