ZER DA BELDUR BARIK GUNEA?

BELDUR BARIK GUNEA proiektua aisialdi eta jaietan indarkeria sexuala prebenitzeko zuzenduta dago.

Ekimen hau zerbait globala da, baina bereziki jai eta aisialdi guneetara bideratuta dago. Ezinbestekoa da gazteak indarkeria matxistaren kontra inplikatzea, premiazko beharrizana da, eta hori da lan honen jatorria. Begirunea, berdintasuna eta autonomia oinarri duten jarrera eta portaerak bultzatu nahi dira.

Gazteek egoera honi aurre egin eta gainditzeko ahalmenean sinisten dugu. Horregaitik, BB Gunearen sorreraren bitartez, nesken partetik arazo honi aurre egiteko ahalduntze esparru bat garatu nahi dugu, hala nola mutilen erantzunkizun eta jarreren interpelazioa.

BELDUR BARIK GUNEA FILOSOFIA

Tokian tokiko prozesuen bidez, sexu erasorik gabeko guneak eraiki nahi ditugu, alegia, Beldur Barik Guneak.

Kontzeptuak sexu erasorik gabeko guneei egiten dio erreferentzia, non sexualitatearen bizipen librea, positiboa eta segurua bizitzeko aukera bultzatuko den.

Gune hauetan neskei zuzendutako mezuak beraien burujabetza eta konfiantza sustatzera bideratuak egongo dira, eta mutilei zuzendutakoak, aldiz, homofobiarekin eta korporatibismoarekin haustera bideratutakoak.

Azpimarratzekoa da kanpainan parte hartzen duten eragile guztiek eraso hauekiko erantzunkidetasuna daukatela, eta sexu eraso guztiei aurre egiteko konpromisoa hartzen dutela.