Zer da Beldur Barik?

IBILBIDEA

Beldur Barik programa Berdinsarea (berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka lan egiten duten udalek osotutako sarea da) izeneko sarearen barruan sortu zen 2009an. Gaur egun, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak antolatzen du, Berdinsarea-Eudelen eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien bultzadarekin batera. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV-EHU) eta EITB-ren laguntza dauka.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, azaroaren 25eko ospakizunen harira, Emakumeenganako Indarkeriareko Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, elkarlanean antolatzen dituzte era batera antolatutako kanpainak. 2006an, Berdinsarea eratu zen eta batera antolatutako lehenbiziko sentsibilizazio kanpaina abiarazi zen, eta ezaugarri eta tamaina desberdinetako 41 udalerrik baino gehiagok eman zioten babesa.

Urterik urte, ekimenetan, ahalegina egin da indarkeriari buruzko kanpainetan azaltzen diren estereotipoetatik aldendu (indarkeria fisikora mugatuta, eta emakumea biktima irudira mugatuta) eta ikuspegi positibotik heltzeko. Izan ere, beharrezkoa ikusi da emakumeen ahalduntzea bultzatzera bideratutako mezuak indartzea eta herritar guztien inplikazioa lortzea. Eta baita, mutilekin, berriz, jarrera sexistei aurre egiteko neurriak lantzea, eta eraso sexisten aurrean zeregin aktiboa izan dezaten animatzea. Testuinguru honetan Beldur Barik programa sortzen da. Etenganbe garatzen eta hedatzen doan programa da, bertan lan egin eta inplikatzen diren pertsonen beharrizanetara egokitzen dena.

2010ean lehenengo edizioa egin zenetik, urtero hasi egin da aurkeztu dituzten lanen kopurua, lehenengo edizioko 100 lanetatik 300 baino gehiagora azken urteotan. 2011 urtetik aurrera ikuspegi aldaketa bat eman zen eta lanen kalitate artistikoa baino, agertzen zuten jarrera kontuan hartzera pasa zen. Urte horretan ere ikastetxeen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen inplikazioa sustatu zen, inplikazio hori urteetan zehar mantendu da. Bigarren edizio honetan, lan guztiak web orri honetan jarri ziren ikusgai eta herri bozka jarri zen martxan.

Urte hauetan zehar programa finkatzea lortu da, bai programak indarkeria sexista ekiditzeko egiten duen abordatzea zein den transmitituz, baita lan markoak finkatuz: gazteekin lan prozesuak zehaztuz, tokiko prozesuak ardatz hartuta. Urteak aurrera, tresna berriak sortu dira eztabaida prozesuak errazteko eta baita indarkeria sexistari aurre egiten duten Beldur Barik Jarrerak zeintzuk diren identifikatuz.

Gazteekin eztabaida eta hausnarketa prozesu hauek sortu eta helarazi nahi horrretan, beraiei gerturatzen gara gure web-gune eta sare sozialen bitartez, urtero gora egiten dute audientzia mailan eta jende gehiagorengana iristen gara.

Punto lila Beldur Barik

BELDUR BARIK PROGRAMA

Beldur Barik EAEko instituzioek elkarlanean bultzatuta indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da, eta bere helburua da, gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatzea jendarte eraldaketan laguntzeko. Alegia, Beldur Barik jarrera bultzatzea. Horretarako, Beldur Barik programa hainbat baliabidez baliatzen da.

Batetik, Beldur Barik ikus-entzunezkoen Lehiaketa: 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa. Lehiaketaren xedea da ikus-entzunezko produkzioen bidez erakustea neska eta mutilek nola erantzuten duten desberdintasun egoeren aurrean eta nola egiten dioten aurre indarkeria sexistaren adierazpenei Beldur Barik jarrerarekin.

Bestetik, Beldur Barik Topaketa. Topaketa lehiaketako saridunak ezagutzeko espazioa izateaz gain, bere helburua da indarkeria sexistaren aurkako borrokan dabiltzan ekimen, talde eta pertsonak hurreratzea. Baina baita ere, gazteek indarkeria sexistari aurre egiteko eta indarkeria gainditzeko erabiltzen dituzten diskurtso eta jardunbideak balioesteko gunea izatea.

Aldi berean, jende gaztearen inplikazioa jendarte eraldaketan indartzeko ekimenak bultzatzen dira, parte-hartze kolektiboa eta indarkeria sexistaren aurkako jarrera aktiboa sustatzeko asmoarekin. Alde batetik kale-ekintzak antolatuta: komiki-mundiala, flash-mob edota puntu lilaren argazkia, besteak beste. Eta, bestetik, eztabaida eta gogoeta prozesuak indartzeko baliabideak sortuta: ikus-entzunezkoetan oinarritutako unitate didaktikoak, BB abestia edota eraso sexistei aurre egiteko gida, besteak beste.

Eta, bukatzeko, Beldur Barik Jarreraren mezua eta filosofia jende gaztearen egunerokotasun eta errealitatera ahalik eta gehien heltzeko xedearekin, udalekin zuzeneko lanketak egiten dira, berdintasun arloekin zehazki eta gazteria arloekin elkarlanean. Ondorioz, gazteen tokian-tokiko errealitateetara egokitzen diren hainbat Beldur Barik ekintza antolatzen dira.

ZER DA BELDUR BARIK JARRERA?

Kultura matxista eta indarkeria sexistaren adierazpenak eraldatzeko konpromiso pertsonal zein kolektiboa adierazten dituzten jarrerak dira. Alegia, neska eta mutilek ezberdintasun egoerei nola egiten diegun aurre erakusten duten jarrerak. Errespetuan, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeriaren bazterketa irmoan oinarritzen direnak. Pertsona orok daukagu gure buruak(eta gorputzak) zein gure ingurunea eraldatzeko gaitasuna.

Beldur Barik programaren nahia da ahalduntze eta jabekuntza prozesu horietan laguntzea. Bide horretan, ezinbesteko deritzogu beraien jarrerekin, ekimenekin, gorputzekin edota adierazpenekin, indarrean dugun kultura eredua transgreditzen duten pertsonak ikusaraztea eta erreferentean bilakatzea.

Mikromatximoak identifikatu eta aurre egitea ere oso garrantzitsua dela uste dugu, hau da, naturaltzat hartzen ditugun eta hain sutilak diren indarkeria seinaleak, eta perTsona bezala garatu eta erlazionatzen garen kultura matxistaren oinarri direnak. Horregaitik gorputzei, sexualitatei, maitasunei, indarkeria sexista aurre egiteko estrategiei, etab. hitzegiten dugu.

Gazteen egunerokotasuna osatzen duten bizipenak direlako, eta oinarrizkotzat hartzen dugulako sexismoaren identifikazioa eta berari aurre egin eta gainditzeko tresnak eskaintzea.

Beldur Barik jarrera manifestazioa