Zein da nire arazoa ba?

Nire lagun eta gertukoekin mutilak gustatzen zitzaizkidala komentatzen hasi nintzenetik ematen du dena dagoela horren bueltan biraka. Are gehiago, ematen du nire bizitzan dudan arazo bakarra hori dela: nork daki “zure kontu hori”? Kontatu diezu lagun denei? Zure familiako denek dakite? Zure amamak imaginatzen du agian baina ez diozu ezer esango zer bera bai agian disgustatuko dela eta asko maite duzu?

Nire inguruko mutil gehienek, neskak gustuko dituzten (edo omen dituzten) horiek, ez dute halako arazorik, hala ematen du. Ustez normalak diren mutil horiek, hain ondo kokatuak daudenak, hain guapitoak haiek (haietakoren bat gustatzen zait, baina soilik apur bat, soilik apurtxo bat), hain ziur guztiaz, eta gainera inork ez die galdetzen ea jendeak badakien “beraien kontu hori”. Seguru badituztela haiek ere “kontuak”.

Nik behintzat baditut nire kontuak, eta ez dira gutxi. Jendeak pentsatzen du gay izatea dela zure burua onartzea eta listo, hortik aurrera dena ondo doala. Ba ez, lagunok. Horren ostean, beste edozeinek bezala, sexuaren eta maitasunaren inguruko beldur eta zalantza denak datoz, eta gainera gure kasuan, aukera gutxi dago galdetzeko, apenas inoiz esplikatu dizute ezer: nola izan harreman seguruak? Esplikatu ziguten behin klasean, baina dena zegoen esplikatua neska/mutil harremanei begira. Gustatuko al zait sexua? Gogo handiak ditudan arren askotan ematen du dena mingarria eta zakarra izango dela. Topatuko al dut gustuko nauen inor? Bat gustatzen zaidan bakoitzean neskak gustatzen zaizkio! Nire adineko jenderik ba al dago ambienteko lekuetan ala sartzen naizenean gizon nagusi piloa izango ditut begira eta besterik ez? Eta nagusiago bat gustatzen bazait?

Jarraitu nezake, baina ez zaituztet galderekin aspertu nahi. Momentuz erantzun bakarra aurkitu dut: beldur barik aritzea, lagunekin hitz egitea nire kontuez, ahal dudanetan galdetzea, gertuan edo elkartean (informazio asko duten elkarte ugari daude! Gure web guneko Antolatu sailean -sakatu hemen ikusteko- batzuk daude, baina gehiago ezagutzen badituzu, bidali email bat komunikazioa@beldurbarik.org helbide elektronikora!), nire burua maitatzea eta besteekin elkartzea zarata egiteko, kexatzeko, ondo pasatzeko, maitatzeko.

Nire arazoa ez naiz ni, mundua da. Ba aldatu dezagun mundua elkarrekin.