Tag: Ligoteoa

LIGATZEKO PREST? EZ GALTZEKO GAKOAK

Zer da ligatzea? Zertarako ligatzen dugu?
Zer bilatzen dugu ligatu nahi dugunean? Erraz ligatzen dugu ala kosta egiten zaigu?
Zeintzuk dira gure erreferenteak ligatzeko orduan?

Prest zaude ligatzeko? Claves para no perderse. Taller dirigido a chicos de entre 12 y 26 años.

Galdera horiek bota dituzte Peio Saez de Lafuente eta Javi Molina sexologoek 12 eta 26 urte bitarteko mutilei zuzendutako online izan den ligoteo tailerrean.

Ez galtzeko gako batzuk aipatu dituzte eta hemen azpian dituzue irakurgai. Gozatu!

 

Gure desioaren garrantzia.

Nik ez badut argi zer nahi dudan, nola egingo diot aurre nire desioa beste norbaiti planteatzeko egoera horri?

  •  ‘Pertsona batengana hurbiltzen naizenean… lagun taldeko arraroa ez geratzeko egiten dut, lagunek presionatzen nautelako, edo pertsona horrek benetan erakartzen nauelako eta gerturatzeko gogoa dudalako egiten dut?’
    Funtsezkoa da galdera hau egitea hurbilketa bat egin aurretik.
  •  Betidanik gizon heterosexualoi ez digute gure emozioak adierazten irakatsi, gizon ‘ahula’ izatea esanahi zuelako horrek. Gaur egun ere, kostata aldatzen ari gara emozioen kudeaketa hau. Oraindik ere emozioak gure amari eta bikotekideari bakarrik adieraztea izaten da ohikoena, eta, beraz, oso zaila egiten zaigu askotan gutxi ezagutzen dugun pertsona bati gure desioa adieraztea.
  • ‘Eta orain zer egin behar dut? Zer esan behar dut?’ Oso deseroso sentitzen gara beti zalantza horrekin. Galdetu iezaiozu zeure buruari lehenbizi: ‘Zer nahi dut? Zergatik nago hemen? Zeren bila nabil? Bikote harreman bat nahi dut? Norbaitengana hurbildu eta jolastu nahi dut?’. Oso garrantzitsua eta funtsezkoa da norbaitengana hurbiltzen naizenean zergatik egiten dudan jakitea.
  • Nire nahiak adierazteko legitimitatea dudala sentitu behar dut, eta hori ere nire betebeharra da, besteak ezin baitit pentsamendua asmatu. Baina, nire desioak adierazi aurretik argi izan behar ditut.
  • Kontuz! Izan ere, askotan hain kezkatuta gaude gurekin fijatu daitela, ezen batzuetan zalantzan jartzen baitugu pertsona hori benetan gustatzen ote zaigun. Bestearen onespenari garrantzia handiegia ematen diogu batzuetan, eta ahazten zaigu hor egon nahi dugun ala ez.
  • Beste batzuetan hain sartuta egoten gara gure pentsamenduan, ez diogula jaramonik egiten beste pertsonari, haren seinaleei. Ligatzea ez da prozesu indibiduala, bi pertsona edo gehiagoren artean ematen den prozesu komuna baizik.

 

Beste pertsonaren seinaleei arreta jarri.

Nire nahia oso argi dudanean, batzuetan gertatzen da besteak ez duela nitaz ezer jakin nahi. Baina argi izan behar dut ezin dudala bestea hitz zehatz batzuekin konbentzitu. Desioa oso pertsonala da eta unearen araberakoa.

  • Lehen hurbiltze horren aurretik, oso garrantzitsua da beste pertsonaren seinaleei arreta jartzea, eta ez hainbeste esango dudanari, nola esango dudan, barregarri geratuko naizen, eta abarrei. Aterantz begiratzen badu etengabe, edo begiratzen ere ez bagaitu, ziur aski ez du gutaz ezer jakin nahi.
  • Behin hurbilketa eginda eta beste pertsona guri arreta eskaintzeko prest dagoela ikusita, garrantzitsua da bere itxaropenak edo nahiak zeintzuk diren ikusten joatea, horretaz konturatzea.
  • Pertsona horrengana hurbildu eta gustuko duzula planteatu baino lehen, funtsezkoa da nolabait beste modu batera insinuatzea; begirada, irribarre edo keinu batekin. Gerturatu aurretik pertsona horren feedback bat jaso ahal izateko modu bat da, eta horrela geure burua babestu dezakegu pixka bat mingarriagoa izan daitekeen aurrez aurreko ezezko bat ekidinez.

 

Ezetzari beldur

Arbuioari beldurra inoiz gaindituko ez dugun errealitatea da.

  • Oso garrantzitsua da onartzea ezetz esaten digutenean ez digutela geure pertsonari ezetz esaten. Batzuetan uste dugu gure kulpagatik uko egiten digutela, gure errua dela pentsatzen dugu eta horregatik zigortzen dugu geure burua. Baina ezetza ere kudeatzen ikasten da, entrenamendua da ezetza modu osasuntsu eta natural batean onartzea.
  • Jasoko dugun mina ere desberdina da egun konkretu batean festaren batean  adibidez ezagutzen dugun pertsona bat bada, edo duela denbora dexente ezagutzen dugun pertsona bat bada. Gaitzespena ondo kudeatzen jakitea funtsezkoa da gehiegi ez sufritzeko eta beste pertsonari kalterik ez egiteko.

 

Ni eta nire lotsak.

Arbuioaren beldur horretan lotsa sartzen da jokoan, nahiz eta gure izaeragatik berez pertsona lotsatiak izan gaitezkeen.

  • Pertsona batengana gure sentimenduak erakustera lehen aldiz hurbiltzen garen bakoitzean, nolabaiteko deserosotasuna egongo da. Baina, ‘zenbat deserosotasun gainditzeko prest gaude?’.
  • Funtsezkoa da gure ahuleziak eta akatsak ezagutzea eta onartzea. Perfekzioa ez da erakargarria.
  • Naturaltasuna eta lotsa-falta nahastu ditugu askotan. Baina, zure lotsarekin, zaren bezalakoa erakusten bazara, gauza politak atera daitezke.
  • Norbaitengana hurbildu zaitezke eta esan: ‘Kaixo, gauza hauek lotsa handia ematen didate, baina asko gustatzen nauzu’, adibidez. Erabili lotsa, ez ezkutatu. Izan ere, hori bai dela zaila, izan ere,  hiru lan egin behar dituzu: lotsa izatea, alde batera uztea eta ezkutatzea.
  • Ez da ezer gertatzen traketsa izateagatik, ez da ezer gertatzen lotsa sentitzeagatik.
    Baina kontuz! Ez da gauza bera baldarra izatea eta oldarkorra izatea; baldarra izanez gero, gauza batzuk aldatzearekin nahikoa da. Oldarkorra bazara, agian zugan interes handirik ez duen pertsona baten espazioa inbaditzen ari zara, eta are gutxiago erakarriko duzu horrela.
  • Gure ahultasuna nola erakusten dugun da giltza.

 

Ez dago ligatzeko modu unibertsalik

Ligatzeko erantzun magiko bat dagoela uste baduzu, ez da egia.

  • Norbaitekin hitz egiten duzunean, ez da hainbeste ongi edo gaizki esan dituzun gauzak. Garrantzitsuena hauxe pentsatzea da: ‘Nire adierazpidea ona izan dela uste al dut?’.
  • Ligatzeko orduan, helburu finalari erreparatzen diogu gehienetan eta ez hainbeste prozesuari. Funtsezkoa da ligatzeko prozesuan parte hartzen duten pertsona guztiek, hain zuzen ere, prozesu horretaz gozatzea; jolastea, pixkanaka bata beste gehiago ezagutzen joatea, iradokitzea, erotika hori bilatzea… Helburua oheratzea bada eta elkarrizketa ‘txapa’ bat izan bada, gaizki goaz.
    Ligatzean gozatzen dugun ala ez, gure helburua non jartzen dugunaren araberakoa da. Adibidez, gailurrera iristeko mendira joaten banaiz, eta garrantzitsuena tontorrera iristea bada, ez dut urik hartzen eta ez dut ezer eramaten, garrantzitsuena lehenbailehen iristea baita. Orduan bat-batean euritan hasten bada eta buelta erdia eman behar dut, kasu horretan zorigaiztoko eguna izango da mendian. Aldiz gure xedea paseoaz gozatzea bada, hor ez du axola tontorrera iritsi ez izanak. Gauza bera gertatzen da ligatzeko prozesuarekin.

06/07/21

LIGOTEO SANOA? YASSS

‘Kaixo gazte!

Covid-19 dala eta ez dala… aurtengo udan, herriko jaietako parranda eta asteburuko jai-giro gabe, ligoteoa, dantza eta algara ZER? 🤔

Gazteak gara, ongi pasatzea merezi dugu eta guretzat ligoteoak ez du etenik! Konfinamendu garaian leihotik ikusten nuen pertsona hori gogoan daukat, badira aste batzuk ez dudala nire etxepetik ikusi, baina lagun batek bere Instagrama pasa dit… eta hor nabil, zerbait idatzi, like bat eman edo zer egin pentsatzen! WTF! Eske kaka eman gabe, nola hasi naiteke pertsona batekin hitz egiten? Behar bada errekan edo parkeko tabernatik pasa daiteke egunen batean, eta orduan zer?  Badakit! bere begirada bilatuko dut, baina errespetuz. It´s nice! eta gero Instagrametik idatziko diot… eta kasurik egiten ez banau, zer?

Hainbatek ez dutela gurekin hitz egiten hasi nahi kontuan izan behar dugu!

Good game lagun!’

Ligoteo Sano? Yasss | Sé tú. Sin Máscaras. Para hacer frente a la Violencia Machista, súmate a la Actitud Beldur Barik!

ERRESPETUZKO LIGOTEORAKO DEKALOGOA

 

HELBURU BERRIAK EZARRI

  • Norbaitekin muxuka edota zirrika hasteak, ez du esan nahi harremanaren intentsitatea areagotuko denik…. #elkarrekin jolastea cool da!!
  • Begiradek, elkarrizketek edota like batek ez dute zertan ezer gehiago esan nahi. Hori onartu izanak, ez du beste guztiarentzako baietza adierazi nahi.  “Ezetza” edozein momentutan eman dezaket.
  • Nire telefono zenbaki, Instagram, Twitter edo Facebook kontua eman nahi ez ditudalako, ez naiz desatsegina! Beraz, ez naiz horretara behartuta sentituko. Nire bizitzan zein nire bizitza birtualean nor sartzen den erabakitzeko eskubidea daukat, ez badut nahi, AGUR!

“EZETZA” KUDEATZEN IKASI

  • Lagunen bat afektuz adierazten bazait, EZ FLIPATU! Ez du esan nahi nirekin ‘atera’ nahi duenik.
  • Norbaitengana gerturatu aurretik, besteak ere ni gerturatzea nahi duela baieztatu behar dut. Hainbatek ez dutela nirekin hitz egiten hasi nahi jakin behar dut! GG!
  • Nire proposamena ez badute onartzen, ez naiz astuna izango eta ez dut bestea niri kasu egitera behartuko. Ezetza onartuko dut eta ez dut kakarik emango!
  • Norbaitek gogaitzen bagaitu edota beste inor molestatzen badabil, jarrera horrekin amaitu dezan, taldean elkarrekin erantzungo diogu. AUTO-DEFENTSA-FEMINISTA!

HARREMANTZEKO MODU BERRIAK EZAGUTU 

  • Aizu! Ez dut aurreiritziengatik aukerarik galduko. Pertsona baten ezaugarriek erakartzen banaute, aurrera. Aniztasuna ezagutzea FANTASIA da!
  • Ligoteoan nabilen pertsonaren ongizatea zapuztuko duen informazio esanguratsurik ez dut ezkutatuko. GG!
  • Hainbat neskek lehen pausua ematen dute, jarrera aktiboa adierazten dute. Mutilek lehen pausua eman behar dutenaren pentsaerarekin apurtzen dute! YOLO!

GAI HONEKIN LOTUTAKO ERREFERENTZIA MUSIKALAK:

  1. MACHETE EN BOCA taldearen “Yo no soy esa” abestia.
  2. NIZURI TAZUNERI taldearen “Umiltasuna” abestia.
  3. CHOCOLATE REMIX raperaren “Te dije que no” abestia.

09/06/20

Jaietan, rayada sexista gutxiago eta ligoteo sano gehiago!

Zelan doaz jaiak?

Asko gozatzen egotea espero dugu eta bidean esperientzia eta bizipen oso positiboak izaten egotea; baina jaialdi hauetan, baita ere, hel daitezke oraindik erronka garrantzitsuak gelditzen direla ikusarazten dizkiguten berriak. Hain zuzen, neskok bizi ahal izateko eta eroso sentitzeko, espazio hauetan estualdi eta beldurrik gabe egoteko erronkak.

Beldur Barik-etik hilabete hau aprobetxatu nahi dugu espazio horiek ere geuretzat aldarrikatzeko. Ondo pasatzeko espazioak, rayada sexistarik gabekoak, eroso sentitu eta gure erabaki propioak hartzeko aukerak ematen dituen espazioak.

Jaietan gauza askok kezkatzen gaituzte: musika sexistak, komunera lasai ezin joateak, ordu txikitan gelditzen diren azkenengo nesketako bat izateak (mutilez inguratuta), zer egiten (edo ez egiten) dugunaren arabera estigmatizatua izateak, lagunekin gaudenean iruzkin sexual eta sexistak entzuteak… eta zer esanik ez etxera joateko momentuari dagokionez… batzuetan badirudi etxera heltzeko Katniss Everdeen izatera jolasten dugula. Has bitez hirurogeita hamaseigarren Gose Jokoak!!!

OMG! Ez duzue uste jaiak beste batera gozatzea merezi ditugula?

Ba, bai! LIKE BAT ASMATU DUENARENTZAT! Jaiak Beldur Barik bizi nahi ditugu. Horregatik, proposamen zehatzekin gatoz: bete espazioak #BBjarrerarekin, egon zaitez erdigunean eta goza itzazu jaiak. Jakina, primerakoa izango litzateke jaiak ahizpatasunez gozatzea, nesken artean zaintzea, laguntza eta babes sareak sortzea eta, noski, ongi pasatzea. Segurtasun eta energia nahikoarekin sentitzea, zalantzarik gabe, gureak ere badiren espazioetan gozatzeko. Kaleak, txosnak, diskotekak, tabernak… aldarrikapen espazioak izan daitezke, baina baita denok batera ongi pasatzeko lekuak ere.

Neskak deseroso eta txarto sentiarazten dituzten egoerak saihestu eta gelditzeko baita ere garrantzitsua da zeuek, mutilek, #BBjarrera izatea. Funtsezkoa da BB jarrera erakustea neskak zirikatzen, jazartzen edo euren argazkiak pasatzen ari diren lagunei. Garrantzitsua da jokabide horiek berehala etetea, guri autoritaterik ez kentzea eta gure espazioak errespetatzea. Hitz egin edo ligatu nahi badugu, berez sortuko da, ezin da inor behartu nahi ez duen zerbait egitera (batzuetan, lagun artean egoteko bakarrik ateratzen gara, edo gerta daiteke mutilengan interesik ez izatea).

Ligatzeko momentuetan… zenbat aldiz lotsatu gara, txarto sentitu, deseroso egon…? “Ligoteoaren” kontu hau (ber)idatzi behar dugu.

Ederto egongo litzateke alde biek ligoteoa sentimendu positiboetatik, askatasunetik, erosotasunetik, ziurtasunetik eta gozamenetik bizitzea. Deseroso sentitzen bazara, ez da ligoteo sanoa.

Ligoteo sanoan pausoek ez dute garrantzirik izan behar, nork ematen duen lehengoa edo nork bigarrena (ea zer esaten duten niri buruz bestela!). Joko honetan bi aldeetatik errespetua egon behar da, eta biek ere arauak jartzeko aukera izan behar dute. Batek bakarrik ezartzen baditu… GAIZKI!!! Zerbait oker doa.

Ezinbestekoa da konfiantza egotea, egiteko eta ez egiteko; ez genuke gero guri buruz esan dezaketenaren beldur izan behar, ezta egin duguna edo egin ez dugunari buruzko iruzkinena ere.

Harremanak zentzu guztietan (emozionalki, sexualki…) osasuntsuak izan behar dira, eta beti, beti, beti onarpena egon behar da. BAIETZKORIK EZ BADA, EZEZKOA DA.

Ez dugu bukatu nahi gure jaietan dagoen aniztasunaren garrantzia aipatu gabe, #BBjarrera aniztasun funtzionalak, arraza, sexu, identitate… anitzek espazioak hartzeko. Herriko jaiak, herriarentzat. Guztiok parte, seguru eta gustura sentitzen garen jai eta espazio publikoak, hain zuzen ere. #GozatuBB.

Jaietan #RayadaSexistaGutxiago y #HarremanetaLigoteoSanoa.


09/03/20