Tag: aniztasun sexuala

Yes, We Fuck!

Aniztasun funtzionala duen emakume baten bizipenak eta begiradak.

Eta bai, horrela hasiko naiz.

Guk ere txortan egiten dugu. Larrua jotzeko gorputz eta modu desberdinak daudela kontutan hartzen ez duzuen arren. Nahiz eta dibertsitate funtzionala duten pertonek larrua jotzea zaila dutela imajinatu.

Pertsona sexuatuak garela ahaztu egiten duzue, eta, beraz, zuek bezala, gure premia sexualak eta afektiboak ditugula. Hementxe da non min egiten duten begiradei buruz hitz egitera paratzen naizen. Ezberdintzen gaituzten begiradak dira horiek, eta desberdin begiratzen gaituztenak, begirada epaitzaileak, bazterretan uzten gaituztenak.

Gizarte-iruditeriak ez dio gizartean dugun presentzia normalizatzeko eskaerari erantzuten. Eta are gutxiago onartzen du guk ere gure sexualitatea bizi dugula. Sexualitate horri betoa jartzen dio, eta, gainera, paternalismoz tratatzen da.

Bitxia da entzutea aniztasun funtzionala duen bikote bat ikusten duzuenean: “ze polita, maitasuna aurkitu dute”.  Eta aldi berean, ukatzen gaituzue. Ez duzue zeuen burua gurekin harreman batean ikusten, aniztasuna ez baita erakargarria. Eta hona hemen ezustekoa! Aniztasuna bada erakargarria. Estereotipikoa dena ez duelako zertan beti erakargarria izan behar. Gorputz guztiak dira erakargarriak eta gureak ere bai. Begiradak dira erakargarriak, konektatzeko moduak, elkarrizketa interesgarriak, biek ala biek behar ezberdinak izatea. Izan ere, bi noranzkoetan konektatzea erakargarria da.

Eta seguru aski, zeuen buruari galdetuko diozue: zer da bi noranzkoetan konektatzea? Bi norabideetan konektatzea, zurekin egon nahi duen pertsona hori mundu ezezagun batean murgiltzean datza. Komunikazioa, egiteko modua eta jarduteko modua elkarren ahaleginetik egitea. Aniztasunaren onarpena praktikara eramatea da, paternalismoa alde batera utziz eta pertsonen arteko harremanak normalizatuz. Alegia, alde batera uztea nire aniztasun ez-normatiboa, eta, aldi berean, onartzea.

Nire aulkia nire parte delako, baina ez da ni. Nire gorreria, nire parte delako, baina ez da ni. Nire itsutasuna nire parte da, baina ez da ni. Nire paralisia nire parte da, baina ez da ni. Izan ere, nire aniztasun intelektuala nire zati bat da, baina ez da nire guztia.

Aurre egin behar diezue ni beste edozein emakume bezala ikustera eragozten dizkizueten oztopoiei. Aniztasun funtzionalen bat dugun emakumeok maitatzeko gai gara, larrua jotzeko gai, gauza anitz sentitzeko gai gara, ulertzeko gai gara, independenteak izateko gai gara eta, aldi berean, harreman afektibo-sexualak izateko gai gara.

Nik ez diot aniztasunari beldurrik, zuk beharbada bai.

Yes, we fuck! Niri ere gustatzen zait larrua jotzea, eta zuk adina gozatzen dut plazer sexualaz. Ezetz uste baduzu, arazoa zuk duzu, ez duzu uste?

GAI HONEKIN LOTURIKO ERREFERENTZIAK:

Dokumentala: Yes, we fuck! 

Abestia: VIVAS, Mujeres con discapacidad intelectual cantan por la igualdad.


16/06/20

EKAINEAN SEXU ANIZTASUNA ETA LIGOTEO SANOA

Kaixo, gazteak!

Post honetan uda honetarako webgunearen argitalpenak azaldu nahi dizkizuegu.

Gaur egungo gaiei buruz hitz egin nahi dugu, buruan ditugun arazo horiei buruz, nola adierazi ideia horiek, nola erantzun gure desioei, inguratzen gaituzten eta aurre egin nahi diegun indarkeriei…

Hau da planteamendua:

  • Ekainean dibertsitate sexualaz eta ligoteo sanoaz hitz egingo dugu.
  • Uztailean Jaiak (beste urtekoekin alderatuta desberdinak izango direnak) eta Autodefentsa Feministari buruz.
  • Eta abuztuan Gorputzen eta Maitasunaren inguruan hitz egingo dugu.

Beraz, 6 gai horiei buruz zerbait irakurtzeko gogoa baduzue, badakizue zuen ahotsak entzuteko irrikaz gaudela; izan ere, zuen ahots eta iritziak inportanteenak dira. Bitartean, gu idazten joango gara, bizi ditugun garai arraro hauetan asko baitugu esateko.

GAUR, EKAINAK 2, ANIZTASUN SEXUALAREKIN HASIKO GARA!

Hilabete honetan eguzkiak kiskaltzen gaitu eta gorputzak, sentimenduak eta emozioak, hainbeste konfinamenduren ondoren, adierazteko gogo handiagoarekin daude. Gure gorputzek beraz, aske sentitu nahi dute, askatasun sexuala, aske adierazteko, aske desiratzeko… aske sentitzea baino gauza hoberik ez dago eta. 

Gai interesgarria eta konplexua aldi berean, ezta? Zein zaila izaten den askotan sexualitateari buruz hitz egitea…

Ez al zaizue gertatzen burua zalantzaz beteta daukazuela eta ez dakizuela nori galdetu edo non bilatu zuen erantzunak? Beldur Barik Jarreraz baliatuko gara zalantzak gorputzetik ateratzeko eta gehiago, gehiago eta gehiago galdetzera ausartzeko. Beldurrik gabe.

Sexu-aniztasuna egitate bat da: pertsona adina izateko eta desiratzeko hamaika modu daude, baina, gure gizartean ereduak eta moldeak ezartzen zaizkigu, eta horiek hartzen ditugu erreferentetzat. Garrantzitsua da aske sentitzea, nor garen, nolakoak garen, zer nahi dugun eta zer ez jakitea, askatasun hori aurkitzeko.

Adibide bat jartzearren: badakigu heterosexualitatea dela sexu-joera nagusia, eta idatzi gabeko arau batzuek heterosexual onak izateko nolakoak izan behar garen esaten digutela. Heterosexualitateak lehentasuna izaten jarraitzen duen gizarte batean bizi gara, baina hainbeste sexu-orientazio eta -identitate daude, eta denak ala denak garrantzitsuak eta errespetagarriak dira. 

Gauza bera gertatzen da sexu-identitatearekin. Ez dugu neskak eta mutilak nolakoak izan behar garen esaten diguten panfleto edo kartelik nahi. Ez dugu kolorearen edo arauen arabera bereiziak izan nahi. Norbaitek zugan ikusten duena gustuko ez badu, galdetu diezaiola bere buruari zergatik. Arazoa epaitzen eta mespretxatzen duenarena da, eta ez gurea.

Gizarte honetan, oraindik ere, emakume edota gizon perfektuak izateko arau ikusezinak eta estereotipoak daude. Eta desberdin sentitzen bagara? 

LGBTIQ+ kolektiboak gure sexualitatea bizitzeko beste modu batzuk ikusarazteko lan egiten du. Forma horiek guztiak errealak dira, legitimitate bera dute eta errespetu bera merezi dute.

Sexu-aniztasuna eta gure bizitza bizi nahi dugun bezala bizitzeko eskubidea dugu. Aske. TOPA DEZAGUN HONEN ALDE!

 

Hona hemen gai honen inguruan  erreferentzia interesgarri batzuk. Ikusi edo irakurri al duzue baten bat? Elkarbanatu zuen iritziak gure sare sozialetan. 

Liburua: Andre Aciman idazlearen ‘Call me by your name’ 

Antzerkia: A Panadeira konpainiaren ‘Elisa y Marcela’ 

Seriea: Netflix-en ‘Sex Education’

Filma: Matthew Warchus zuzendariaren ‘Pride’


02/06/20