GORPUTZ ANITZAK, SEXUALITATE DISIDENTEAK

Edertasunak sekulako garrantzia duen garaiotan, ematen du jende ederrak, guapoak baino ez duela sexuaz disfrutatzen. Pelikula eta serie gehienetan, behintzat, beti dira edertasun kanon batzuen barruan dauden pertsonak arrakasta dutenak, ligatzen dutenak. Aditzera ematen dute “perfekzio” horretan sartzen ez bazara ez duzula ligatuko eta ligatzekotan, ez duzula jende eder hori bezain beste disfrutatuko sexuaz. Hori da ulertzera eman nahi digutena eta hori da askotan gure pertzepzioa.

Perfekzioaren pertzepzio horretan, ez dira sartzen, gainera, “ez-gaitasun”-en bat duen jendea. Ez-gaitasun fisikoa eta psikikoa dutenak. Tabu (gai baten gainean ezartzen diren debeku eta ezezagutza) eta estereotipo (talde batean sartzen ditugun pertsonei eta horien jokabideei buruz ditugun aurreiritzi eta irudi sinplifikatua) pilla daude  sexualitatearen inguruan. Fisikoki “ezberdintasunen” bat (mobilitate falta, gorputz atal baten falta…) izatekotan uste izaten da beraien gure gorputzek ez dutela izango plazerrik sortzeko gaitasunik. Eta “ezberdintasun” psikikoren bat izatekotan, ordea, uste izaten da gure sexualitateek gainezka egiten dutela, gehiegizkoak direla eta kontrolatuak izan behar dutela. Jarrera oso paternalistak sortzen dira, batez ere, neska «ezberdinen» kasuan. Neskan gorputzak babestu beharreko zerbait dela uste izaten baita.

Pelikula labur honetan esaterako, Down sindromea duen neska baten istorioa kontatzen da. Nerabezarora heltzerakoan bere sexualitatearen inguruko ikusmin handia sortu zaio eta bere jakin-nahia asetzeari ekiten dio. Bere inguruak, halere, ez daki nola kudeatu egoera eta bere beharrizanen aurrean izutu, ikus-ezinarena egiten du, barre egiten diote eta baita bere gorputza ezagutzeari ekindako bidea debekatu ere. Baina bilatzeak, deskubritzeak egiten du aske eta ez du amore ematen. Sekretu hau da bere askatasun partzela.

Pertsonak anitzak gara: gure gorputzen eta genitalen ezaugarriengatik, gure izaerarengatik, jasotako hezkuntza-ereduarengatik… Eta gure berezitasunek, ezberdin egiten dute sexua bizitzeko, bilatzeko eta disfrutatzeko modua. Baina danok gara izaki sexuatuak. Gure gorputz zein adimen berezitasunak, dena-delakoak direla ere. Guztiok dugu plazerra sentitzeko eta bilatzeko nahia, eta, horregatik, guztiok dugu gure sexualitatea garatzeko eskubidea.

Gorputzen eta sexualitateen aniztasuna aldarrikatzen du YES WE FUCK– Gorputz postmodernoen alde, ikus-entzunezko honek: “Bada ordua, ezberdinak garen pertsonon gorputzak, dena delako arrazoiengaitik, baita aniztasun funtzionalagatik ere, lekua izan dezagun baldintza bardinetan. Gorputzak sexualak dira, izakia sexuala da, eta, beraz, sexualitate ezberdin guztiak, disidenteak, iraultzaileak barne-hartu beharko genituzke. Sexualitate guzti hauek balidoak eta onargarriak izan beharko lirateke”.

 Denok kabida izan dezagun, guztion plazerrak, desioak, gorputzak, izaerak… Normaltasunaren eta perfekzioaren mitoarekin hautsi behar dugu! Gorputz eta sexualitate disidenteen alde!