PLASTIKOZKO GORPUTZEN AURREAN

Iragarkiek, telebistako programek, aldizkariek edota filmek gorputz eredu batzuk saltzen dizkigute, denak berdinak, neurri eta forma berberekoak: ile luze-luzedunak, 38 tailakoak, arropa garestiekin jantzitakoak, argalak, sekulako titiekin, bilorik gabekoak, azal leunekoak… Hori da saldu nahi diguten edertasun eredua eta ingurura begiratzen badugu existitzen ez dena. Eta horregatik, beti geratuko gara kanpoan. Argalegiak izatearren. Edo lodiegiak. Zuria ez den azal kolorea izatearrean, baina baita eguzkirik hartu ez izateagatik ere. Baxuak. Eta altuegiak. Titi bat bestea baino handiagoa duena, edo jausiak dituenak. Hortzak zuriak eta ilaran ez izateagatik.

Gorputz ezinezkoak jartzen dizkigute helmugan. Baina, jakin badakigu, iragarkietako gorputz horiek photoshoparekin guztiz manipulatuta daudela. Gezurretazkoak dira, plastikozkoak. Eta fikzio hori salatzeko, “La rueda invertida”  kolektiboak honako ekimen hau burutu zuen:

“Modeloen irudiak neurri gabeko mugetara arte exageratzen dira, bizitasun guztia kentzera arte, beraien azalak plastikoan bilakatu arte. Ekintza honekin publizitateko argazkiak, benetako emakumeekin alderatu nahi izan ditugu. Plastikoa azalaren aurrez-aurre, errealitatearekin oso zerikusi gutxi duen modelo estetikoaren ideala».  Aldatutako irudi guzti horiek gure inguruaren eta gorputzen inguruko gure pertzepzioa alteratzen dutelako!

Iragarkiek hainbat produktu saldu nahi izaten dizkigute gorputz ezinezko horietara heldu ahal izateko. Sinistarazi nahi digute horietara helduz gero, arrakasta izango dugula, zoriontsuak izango garela. Printzipe urdina “lortuko”dugula, guztion inbidia izango garela. Aspaldiko post honetan eskakizun horiei barre egiten zioten hainbat ekimen ematen genituen ezagutzera:

2011ko Beldur Barik lehiaketara aurkeztutako «Garena» lana.

Baina eskakizun guzti horiei erantzun behar izanak ez digu uzten gure edertasuna ikusten, bizitzako plazerrez gozatzea. Film batek zioen bezala, benetazko emakumeek kurbak dituzte. Eta baita estriak ere, eta zelulitisa… Benetako gorputzak, bizitza errealekoak, kaleetan ikusten ditugunak, ez dute zerikusirik telebistetan zein aldizkarietan ikusten ditugunekin, gorputz paisaia oso anitza delako. Proyecto Khalo web-guneak “Mujeres Tigre” post-a argitaratu zuen orain dela 2 aste eta modu natural batetan erakusten zuten, estriak zerbait ohikoak direla eta horregatik, gorputzek ez diotela ederrak izateari uzten. Ez dago akatsik. Gure «inperfekzioek» aparteko zerbait bilakatzen gaituztelako, besteengandik ezberdintzen gaituen zerbait. Utz diezaiogun gorputz uniformeak izateari, plastikozko manikiak izateari. Eta aniztu dezagun  gorputz paisaia!

Elkarbanatu gurekin, berezi egiten zaituen gorputzeko parte hori! Bialdu argazki bat edo komentatu idatzita gurekin, zer den gustatzen zaizuna, zergatik…


Las Crudas taldearen «Gordas» abestia