NORMALITATE FALTSUA

Zergatik galdetzen zaio 5 urteko neskato bati, nor den bere nobioa? Zergatik izan behar dugu txikitatik nobioa eta zergatik izan behar da mutila? Edota zergatik institutuan galdetzen dizute etengabe nor den gustatzen zaizun mutila? Zergatik ez dizute galdetzen nor den gustatzen zaizun neska? Neska izanda mutilak gustatu behar zaizkizula jotzen da normaltzat, eta mutila izanda, berriz, neskak.

Zinematan ikusten ditugun ohiko pelikuletan edo telebistetako serietan, ematen du ez dagoela beste aukerarik. Bikote guztiak dira neska-mutilez osotutakoak. Edota aspaldiko post honetan azaltzen genuen bezala, harreman homosexualak azaltzekotan, errepresentazio oso estereotipatuak dira.  Alegia, aditzera ematen dute gure jendartean normalena dela,ohikoa, harreman heterosexualak izatea bikote barruan… Eta hortik kanpoko guztia, gutxiengoa dela, marginala… Baina fikzio bat baino ez da. Zeren eta, gure jendarte ereduak desertu antzeko bat margozten saiatu arren, gustuak, plazerra sentitzeko eta bilatzeko aukerak mugagabeak eta anitzak dira.

Heteroarauarekin, normalitate faltsu horrekin hautsi beharra dugu, txikitatik, gure gorputz eta sexualitateekin paisaia posible anitzak margoztu ahal izateko. Bide honetan, ekaineko post honetan “Arrakala” proiektua aurkezten genizuen, heteroaraua haustea xede zuen web-gune interesgarri bezala. Bertan, hainbat tresna aurkitu ditzakezue: tailerrak egiteko dinamikak, hausnarketa interesgarriak biltzen dituzten bideoak…

Eta hona hemen, ere, Chocolate Remix (reggeaton lesbico) abestia, zeinak regetoiaren logika matxista berrasmatzen duen queer klabean birsortuz. Elkarrizketa honetan adierazten duenez, abestiarekin  gizonezko latinoamerikarraren estereotipoaz barre egiten du, baina batez ere, sexualitate aniztasuna eta emakumeen plazerra aldarrikatzen du: “Uste dut gure imaginario sexualaren eta betetzen ditugun roleninguruko hainbat gauza birplanteatu behar ditugula, ez ditugu zertan onartu behar existitzen direnak (…) Haustura bat eragin nahi nuen eta horregatik hautatu nuen reggaetoi musika, estilo guztiz matxista baita. Musikalki oso dibertirgarri eta pegadizoa iruditzen zait, eta, era berean, ahalbidetzen dit jendeari hainbeste molestatzen dioten gauzetaz hitz egitea”