NOLA BIALDU PIKUTARA GURE GORPUTZEN INGURUKO HAMAIKA MILA MEZU HORIEK?

 

edertasuna
Edertasuna: aukera edo inposizioa?

Gure gorputzen eta itxuraren inguruan ohikoak izaten diren mezuak pil-pilean daude behin uda helduta. Bai, “operación bikini”-az ari gara, neska eta mutiloi «gorputz perfektuak» lortzeko irenztarazten dizkiguten mezu pila horiez. Mutilei indartsuak izatea eskatzen zaie, igerilekuko “katxas”-a, gorputzeko muskulu guztiak guztiz perfilatuta izatea, horretarako, gimnasioan hamaika mila ordu sartu behar badituzte ere, eta negu osoa arroza eta oilaskoa jaten egon behar badute ere. Neskei helarazten zaizkien mezuak pixka bat kontraesankorragoak, eskizofrenikoagoak dira. Batzuetan eskatzen zaie , moden hileroko tendentziatara egoteko, beti guapa joateko, makilatzeko, janzkera zaintzeko, orrazkeraz aldatzeko hilero, ilerik ez izateko gorputz osoan… Eta, beste batzuetan, ordea, ez pasatzeko. Ea nolatan doazen horrela makilatuta, jantzita. Ematen duela «zerbait bilatzen» dabizela.

Mezu horiek edonondik datoz, gure familiarengandik, lagunengandik, auzokoengandik…  Iragarkiek ere, gorputz ezinezkoak saltzen dizkigute, uniformeak, plastikozkoak. Nor heltzen da horietara? Inor. Ez direlako benetazkoak. Baina siniztarazten digute horiek direla edertasunaren eta zoriontasunaren helmuga, nahiz eta heltzeko esfortzu amaigabean guztiz frustratuta eta zorigaiztoko sentitu.

Eta, berriz ere, galdera bera. Non dago muga? Zergatik eskatzen zaizkigu hainbeste gauza, batez ere, neskei? Zergatik, funanbulista bezala ibili beharra oreka bilatzen ezinezkoaren artean? Berdin da zer egin, nola jokatu, nola adierazi. Maitena Monroy-k bere autodefentsa feministarako ikastaroan esaten duen bezala, egiten duguna egiten dugula ere, beti izango gara kritikatuak. Noregandik? Kultura matxistarengandik, patriarkatuarengandik. Neska zein mutilei bidalitako mezu guzti horien helburua da, gorputz eta sexualitateak kontrolatzea, erregulatzea. Aniztasuna egon badagoela ukatzeko, pertsona izateko hamaika mila modu badaudela izkutatzeko.

Beraz, bidali ditzagun mezu guzti horiek pikutara! Eta egin dezagun gure gorputzekin sudur puntan jartzen zaiguna!Gozatu dezagun !

Txokorro-Bilboko Feminista Anitzen Gunea-k egindako bideoa.

Uztailan, zehar, gure gorputza, itxura, jarrerak… direla eta, jasotzen ditugun mezuen inguruan hitz egingo dugu eta horiei aurre egiteko ekimen desberdinak emango ditugu ezagutzera.  Elkarbanatu zuek ere zuen estrategiak gurekin! Nola bialdu pikutara?