NIRE GORPUTZEAN GERRA ISILA DAGOELA USTE DUT

nazka-beldurra

Emakumeen gorputza gudu zelaia dela entzun nion behin feminista bati. Gorputzean inprimatzen zaizkigula desberdintasunak, zapalkuntzak, begiradak. Batzuetan uste dut nire gorputzean gerra isila dagoela. Zarata handia egiten duen gerra isila ordea.

Oso gaztea nintzenetik hasi nintzen sentitzen besteen begirada nire gorputzean. Mutil indartsua izan behar nuen, eta ez nintzen, nahiz eta batzuetan sentitzen nuen nire gorputza ez zela gai neukan indar guztiari eusteko.  Argala izan behar nuen, baina ez argalegia. Nire besoek giharra erakutsi behar zuten, zer da ba mutil indartsu bat ezin badu indar hori lau haizetara erakutsi? Nire sabelak zapala izan behar zuen. Nire hankek arinak eta nire hankarteak ikusgarria izan behar zuen nahi eta nahiez, boterea zakilaren tamainarekin neurtzen baita, hala uste dute askok. Gorputz horren indar erakustaldiarekin dator, gainera, ahuldadea erakusten duen neskarekin elkartu beharra. Kontuz emakume indartsuekin, zure indarra zalantzan jartzen dute.

Nire gorputza ez da ia inoiz horrelakoa izan, ezta nire desioa ere. Telebista pizten dudan bakoitzean sentitzen dut mandatuaren indarra. Ederra denaren ideia horrek nire-nirea sentitzen dudan irudimena ere konkistatua duela dirudi. Eta aldagelan sartzen naizen bakoitzean igartzen dut begirada zuzentzailea. Esango nuke begirada horren hotza sentitzen dudala, sutan jarri nazakeena. Eta hala ere nire gorputzari begiratzen diot. Nire gorputza erakusten dizuet, hemen dago nire gorputza eta badakit jakinmina sortzen dizuela. Badakit onartu ez arren desioa ere sortzen dizuela. Badakit nazka ere ematen dizuela.

Ez dizuet esango beti erraza denik, ez baita horrela. Baina nik nire gorputzari begiratu ahal diot, nire gorputza erakutsi ahal dizuet. Zuek, zuen nazka erakutsi ahal didazue batzuetan, baina gai zarete zuen nazkari parez pare begiratzeko? Gai zarete nazkaren atzean zuen zein beldur dagoen galdetzeko?

Guardar

Guardar