#MutilenArtean #BBJarrera

Mutil bezala beti pentsatu izan dut ez didatela nire benetako “ni”a erakusten utzi, ez dakit ulertzen nauzuen. Funtsean, hainbat lagun ditut zeintzuk, nire moduan, ez dituzten jendarteko estereotipoak betetzen. Hala ere, noizbehinka, desberdinak izateagatik kritikatuak izateko beldurra dugu. Seguru hainbati gauza bera gertatzen zaizuela baina “rollo txarra” ematen digu berau aitortzeak. Askotan sentitzen dugu erakutsi behar dugula gizon indartsuak garela, azkarrak, denetarik dakigula, ez dugula ez pena ezta mina sentitzen norbait sufritzen ikusten dugunean, beti xelebreak garela… eta gure izatearekin bat egiten ez duten beste hainbeste gauza, ez zaizue gertatzen? “Mutil” izateko dauden “arau” guzti horiek gure izateko modua baldintzatzen dute eta, gainera, neskenganako disparekotasuna eragiten dute. Ez duzue uste guzti hori aldatzen hasteko eta “mutila” izatea zer den esaten digun orori erantzuteko garaia dela?

Txikitatik mutiloi futbola, edota kirolak orokorrean, gustatu behar zaizkigula erakusten digute, baina hori ez da egia. Era berean, fisikoki indartsuak eta uneoro edonor defendatzeko prest egon behar gara, nik inoiz beldurrik izango ez banu bezala! Ez zaizue zoratzekoa iruditzen? Gainera, mutila izateagatik, sexualki super aktiboak edota sexuaren inguruan guztia jakin behar dugula suposatzen da, ea nork sinisten duen hori! Ez dago “mutil” izateko modu bakarra, hamaika modu daude “mutila” sentitzeko eta “mutil” bezala bizitzeko.

Badakigu gizarte parekatu bat lortzeko borrokan jarraitu behar dugula, oraindik bide luzea geratzen baita. Guzti honengatik, gauzak aldatzeko konpromisoa hartzeko garaia heldu dela uste dugu, garen modukoak izan ahal izateko, eta bai guk bai, bereziki, neskek pairatzen dugun matxismoa geldiarazteko.

Ados bazaude eta hitz egindakoaren alde lan egin nahi baduzu, erakutsi egunero zure #BeldurBarikJarrera hurrengo konpromisoak hartuz:

  • WhatsApp taldetan, kuadilletan, lokaletan, lonjetan edota gelan gure lagunekiko jarrera matxistak dituzten pertsona orori Beldur Barik Jarrerarekin erantzutea! Guztiok batera erantzuten badugu bakarrik bukatuko dugu gure inguruko matxismoarekin.
  • Elkar babestea eta elkarri eta gainerakoei erakustea berdintasunarekin konprometituak gauden mutilak garela, inork bere iritzia inposatu gabe bakoitzak bizitzeko eta sentitzeko modua aukeratzea nahi duten mutilak. Pertsonak anitzak garelako, eta hori gustuko dugulako!
  • Beste mutil batzuei erakustea gure jarrera aldatzea eta matxismoari aurre egitea gure erantzukizuna ere badela, nahi dugun bezalakoak izan ahal izateko. Lagundu egin behar diogu, elkarri eta beste mutilei, jokoaren arauak aldatzea zergatik den garrantzitsua ulertzen.

Mutilak, espero dut gutun honek bakarrik ez gaudela sentiarazi izana, anitza eta, batez ere, guztiak berdinak garen mundua nahi dogunok asko garela. Gaurtik aurrera guztiok matxismoaren aurka, mutilok ere #BeldurBarikJarrerarekin arituko gara!

#NikEzDutMatxismoaPartekatzen #MutilenArteanAniztasuna #ElkarLaguntzenDirenMutilak