MAIATZEKO GAIAREN AURKEZPENA: FEMINISMOA EZAGUTUZ

Azken belaunaldietako gazteok berdintasunean hazi omen gara. Berez, nahi duguna egiteko aukera berberak ditugu neska zein mutil izan: inork ez digu ukatuko, aurpegira, zerbait egitea. Orduan, zergatik gauzak egiteko aukera desberdinak? Zein da desberdintasun horren zergaitia berdintasunean jaio bagara?

Neskek kirola modu profesionalean praktikatu ahal izateko baliabide gutxiago dituzte. Ikasketa orduetatik kanpo sos batzuk irabazteko lana bilatzen ari garenean, sarri askotan aurkituko ditugu kaleko hormetan kartelak esanez umeak zaintzeko neska bila dabiltzala: zergatik ez mutilak ume zaintzan?

Noski, inork ez dizu esango, aurrez-aurre, neska edo mutil izateagatik baterako edo besterako eskubide ezberdinak ditugunik. Baina ohikoak izaten dira jarrera ezberdinak zuritzeko era askotariko aitzakiak: mutilak genetikoki indartsuagoak direla, eta, beraz, kiroletan hobeak; neskek badituztela harremanetarako eta zaintzarako mutilek ez dituzten doai bereziak… Mutil guztiak, fisikoki, indartsuak izango balira bezala. Neska guztien nahia umeak erditzea balitz bezala.

Aitzitik, pertsonak oso anitzak gara, bai fisikoki, bai trebetasun eta izaera aldetik: ezin gara orokortu eta sailkatu bi kategoriren arabera. Orokortze horiek aurreiritziak dira, estereotipoak. Zer dira estereotipoak? Pertsona talde bati komunean duten zerbaitengatik (azaleko kolorea, jatorria…) izateko eta jokatzeko moduak orokortzea. Sinismen horiek dira, hain zuzen ere, pertsonen arteko trataera ezberdinak finkatzen dituztenak.

Feminismoa da trataera ezberdin horiek sortzen dituzten ezberdintasun egoerak nabarmendu dituen mugimendu soziala. Ikusarazi du emakumeen eta gizonen artean dauden ezberdintasunak jendarte eredu batek sorrarazten dituela: patriarkatuak. Zer da hitz potolo hori? Gizonengan kontzentratzea, gizon izateko eredu batengan, pribilegioak. Eta nola inposatzen da gizarte antolaketa hori? Kultura matxistarekin. Alegia, emakumeekin zerikusia duen ororen desbalorizazioa bultzatuz eta gizonekin lotutako oro goraipatuz eta nabarmenduz.

Feminismoaren xede nagusia da patriarkatuaren aurka jardutea, guztiok jendarte eredu justuagoa izateko. Ezbaian jartzen dituenez harremanak eta identitateak ulertzeko moduak, gure barrenak mugitzen eta astintzen ditu, eta, horregatik, sarri asko, deseroso egiten zaigu. Batez ere, beraien pribilegioak kolokan ikusten dituztenak sentitzen dira ezerozo feminismoaren planteamenduekin eta aldarrikapenekin. Ondorioz, mugimendu honen aurkako jarrera oldarkorrak ugariak dira eta asko hedatu dira aurkako usteak eta aurreiritziak.

Ezagutzen al ditugu, halere, zeintzuk dituen aldarrikapenak eta proposamenak? Feminismoa edo feminismoak? Nondik dator eta nora joan nahi du? Hilabete honetan, feminismoaren inguruan hitz egingo dugu, berau hobeto ezagutu ahal izango dugu eta ekarpenak eztabaidatuko ditugu.