Kaixo! Aurten ere Beldur Barik bueltan dago, eta oso modu berezian, 10 urte betetzen ditugu eta. Ospatzeko era aproposena beste urteurren garrantzitsu bat gogoratzea da, 50 urte ospatzen dituena

#HARRO sentienduaren (bir)jabetzeea

2019ko ekainaren 28an gau oso berezi baten 50. urteurrena ospatzen da; gau hark LGTBI+ ikur, borroka eta oroimenetan luze jarraituko du. New Yorken bizi izandako gau ilun eta triste batek betirako aldatu zuen LGTBI+ kolektiboaren borroka, ia beti bakartia izan zen borroka.

Stonewall Inn zen LGTBI+ kolektiboko pertsonok onartzen ziguten taberna bakarra. Kontuan izan behar da biziki diskriminaturik geundela garai hartan, eta, noski, hurrengo hamarkadetan ere bai. Osasun mentaleko erakundeek pertsona gaixotzat jotzen zituzten (lobotomiak egiten zizkieten, torturak praktikatu…). Pertsona desbideratutzat hartzen zituzten eta ez ziren ongi etorriak; aitzitik, segurtasun erakundeek eragindako jazarpena eta indarkeria pairatzen zuten. Taberna hartan babesa aurkitu zuten, eta gauero bere ateak irekitzen zituen aniztasunaz askatasun osoz gozatzeko.

Nahiz eta sarekadak ugariak izan, haietaz ihes egiteko estrategiak zituzten, 1969ko ekainaren 28rarte: gau hartan ustekabeko sarekada bat egon zen, musika gelditu eta argiak piztarazi zituena. Poliziak jendea inguratu eta erasotu zuten, baina gau hartan ez ziren isilik gelditu. Ez zuten beldurrik izan, eta sexu aniztasuna erdigunean jarri zuten, hots, gaur egun BELDUR BARIK jarrera deritzoguna praktikan jarri zuten. BELDUR BARIK jarrera erabili zuten gozamenerako, eta sistema heteronormatiboak inposatutako opresio eta larderiaren aurka.

Sylvia Riverak, emakume trans, arrazializatu eta STAR-kideak (Street Transvestite Action Revolutionaries, LGTBI+ pertsona baztertuei eta etxerik gabeko emakume transei sostengua emateko plataforma, Marsha P. Johnsoekin batera fundatu zuena) gau horretan bizi izandakoari buruz honakoa kontatzen zuen:

“Nire maitalea eta ni dantzan geunden. Eta bat-batean argiak piztu ziren. Sarekada bat zen, queensak fitxatzen eta poliziaren kotxeetan sartzen hasi ziren, eta pentsatu nuen “Ene jainkoa, hemen da iraultza! Urte hauetan hutsaren hurrengoak bagina lez tratatu gaituzue, ezta? Orain gure garaia da”.

Bi lagun hauei buruz gehiago jakin nahi izatekotan, hurrengo esteka uzten dizuegu: https://www.eldiario.es/sociedad/origen-Orgullo-LGTBI-racializada trabajadora_0_788471834.html

Elkartasun eta borroka sentimendu horrek bultzatuta, hurrengo urtean ez zuten nahi izan New Yorkek gertakari hura ahaztea (pairatutako erasoak, sexu-orientazioaren eta genero identitatearen kontrako lesioak…) eta horrela jaio zen gaur “Harrotasunaren” egun bezala ezagutzen duguna, nahiz eta orduan “Christopher Kalearen Askatasunaren Martxa Eguna” deitzen zen.

50 urte hauetan kolektiboa osatzen dugun pertsonok mundu osoan geure eskubideen alde borrokatu dugu, geure BELDUR BARIK jarrera ikusarazten (beste batzuen artean, amodio anitzari, gozamenari, identitate eta sexu aniztasunaren aldekoa). Transexualitatea, bisexualitatea eta intersexualitatea gaixotasun moduan ez ikustea lortu da zenbait herrialdetan (beste askotan oraindik ez, eta borroka soilik munduko pertsona guztiak benetan berdinak direnean irabaziko da), ezkontzeko eta familia osatzeko eskubidea eta telesail eta filmetan ikusgai izateko aurrerapausoak eman dira, eta horrek lagundu egiten du munduko kaleak ekainaren 28 oro kolorez eta #Harro kartelez janzten.

Batzuetan, deserosoa eta nekagarria izan daiteke geure buruari eta sentitzen dugunari buruz azalpenak eman behar izatea, edota ez dago horretarako lekurik. Bestalde, gainontzekoek horrelakorik egiten al dute? Kontrakoa ere gerta daiteke, hau da, ezer kontatu eta inorekin hitz egin nahi ez izatea, beldurraren antzekoa den sentimendu baten eraginez… beraz, oraindik badago zer aldatu.

Gauak eta jaiak heltzen direnean, egoera agerikoagoa bilakatzen da. Adibidez, duela pare bat aste, eraso lesbofobo eta sexista bat gertatu zen Londresen, bi lesbianen aurkakoa. Berriro ikusi da guztiok ezin dugula jaiez berdin gozatu eta baldintzak ez direla berdinak kaleetan edo aisialdi guneetan. Oraindik badira transei, bisexualei, gayei, lesbianei, edo beste identitate eta orientazio ez normatiboa dugunoi (zer esan, gainera, etorkina, ijitoa bazara edo aniztasun funtzionala badaukazu) guztion espazioetan egotea ukatzen digutenak; honek guztiak gau hartan Stonewallen gertatutakoa gogorarazten digu. Baina, noski, hau ez da gure jaietan gertatzen, ezta?

Begirada atzera bota eta geure buruari galdetu behar diogu ea posible den 50 urte hauen ondoren, aldaketa esanguratsuei buruz hitz egitea, edo agian (eta bakarrik agian) esan behar da gehienbat materialak/funtsik gabeko itunak izan direla.

Erantzuna denon artean bilatu beharko dugu.

Hain zuzen ere, eraso eta indarkeria hauei aurre egitea gure #BeldurBarik jarreraren esku dago. #BeldurBarik jarrera kolektiboa edo banakakoa behar da ikasgelan, sare sozialetan, kuadrillan, kaleetan, jaietan… isildutako eraso LGTBI+fobikoei aurre egiteko. Aniztasuna (sexuala, nortasunezkoa, arrazazkoa, gaitasunezkoa…) gure jaietan, kuadrilletan, lonja eta geletan erdigunean kokatzeko #BeldurBarik.

Aniztasunak aberastu egiten gaitu; dena berdina eta homogeneoa izateak tristatu egiten du.

Oroigarri gisa: “Azkenean, askatasuna daukagula sentitu dugu, edo askatasuna aukeratzen dugula erakusteko askatasuna” (Michael Farder, 1969ko ekainaren 28ari buruz hitz egitean).