Iraultza feminista izango da, ala ez da izango!

Hilabete honetan zehar gure web gunea, gure pentsamenduak, gure ekintzak, gure esanak eta izanak feminismoz bete nahi izan ditugu. Askotan esan dugulako ere feminismoak dena zipriztintzen duela. Eta feminismo anitzei buruz ere hitzegin dizuegu, hainbat feminismo dauden heinean, hainbat feminista daudelako. Neska, mutil, trans… guztiok gara feministak, eta guztiok dugu feminismoan parte hartzeko aukera eta zer esana!

Gure web gunearen atal asko ikusi ditugu… ez duzula hainbeste kuxkuxeatu? Lasai, aukera izango duzu aurten ere gure monografikoak ezagutzeko, indarkeria sexistari aurre egiteko erramintak begiratu eta erabiltzeko, aurtengo Beldur Barik Lehiaketa 2016ko lanak ikusteko, baita aurreko lehiaketako lanak begiratzeko ere!

Baina gaurkoan, berritu eta indartu nahi dugun atal bat erakutsi nahi duzuegu: PARTE HARTU atala. Eta bereziki, bi atal ikusiko ditugu: ANTOLATU eta TRUKEGUNE FEMINISTA atalak. Ready? Let’s go!

Beldur Barik Jarrera zuen egunerokotasunean agertu eta zabaltzen duzue iadanik. Pentsatu, ezbaidatu duzue feminismoa eta indarkeria sexistaren inguruan… eta orain zer? Goazen mobilizatzera, gure Beldur Barik Jarrera zabaltzera! Zuen herri edota hirietan talde feministarik ezagutzen duzue? Ziurrenik egongo dira bertan! Edota oso hurbil dauden herrietan! Eta ezagutzen ez badituzue… zergaitik ez sortu zuena? Beldur Barik programan morez koloreztatu nahi ditugu herri guztiak, horregaitik Herri Moreak mapa sortu nahi dugu zuen laguntzarekin batera. Mapa honetan zuen herrietako talde feministak gehitzen joango gara. Beraz, baten bat ezagutzen baduzue, iadanik talde batean bazaudete edota zuena sortzeko grina sortzen bazaizue… esan eta gure mapan jarriko dugu! ANTOLATU atalean aurkituko duzue. Goazen Euskadi morez betetzera!

 

 

Eta bestaldetik, TRUKEGUNE FEMINISTA atala ere izango duzue. Bertan mugimendu feministak antotalutako ekintzak aurkituko dituzue. Berriro diogu… ekintza, jardunaldi, informaziorik… baduzue, bidali komunikazioa@beldurbarik.org helbidera eta gure web gunean ere zabalduko ditugu zuen ekintzak! Bihar bertan Kolpe Moreak taldeak antolatutako jardunaldi batzuei buruz hitzegingo dugu!

GURE ARMEZ JABETU GAITEZEN

Eta bukatzeko… hilabetean behin talde feminista bat ezagutuko dugu. Gure xedea ere badelako mugimendu feminista ezagutu eta bertan parte hartzerako deia. Beraz… adi! Mugimendu feminista aspaldidanik hemen da eta gelditzeko etorri da! Iraultza feminista izango delako, edo ez delako iraultza izango! Goazen elkarrekin iraultza egitera!