Gola sartuko diot nitaz espero denari

19cxq0

Futbolista izan behar nuen. Aita, ama, arreba eta familia osoa mixeriatik aterako zituen pitxitxi berria. Saiatu nintzen, nahiz eta ez nuen gogo handirik. Ez zuen funtzionatu. Ez naiz pitxitxi izan, ez dut inor mixeriatik atera, are gehiago, futbolerako zapatila bereziak erosi nituen eta, bi aldiz besterik erabili ez ditudala ikusita, esan dezakegu nire bizitzako inbertsio txarrena izan direla.

Gero saskibaloiarekin saiatu nintzen. Ez du horrenbeste famarik, baina tira. Gure artekoa ezinezkoa izan zen: etorkizunik ez nuela zioten batzuk, baldarra nintzela besteek. Nik esaten nuen bakarra, ez zitzaidala hain erropa zabala gustatzen.

Etorri ziren atzetik eskubalioa eta, ai ene, esku-pilotan jokatzeko saiakerak. Erropak oso ondo geratzen zitzaizkidan, euskal dantzetarako neuzkan praka berberak erabiltzen nituen gainera (nahikoa gastatua nuen jada kirolari aparta izateko nire saiakeretan). Ez nenbilen gaizki, baina larregizko txapa zen: asko entrenatu behar duzu hona edo hara heltzeko.

Nazkatu naiz apur bat kirolaren kontuarekin. Ariketa apur bat egin eta ondo pasatzeko ondo dago, baina susmoa hartu diot hori baino gehiago dela. Aber zein den onena. Ea nor dagoen argalen eta zeinek dauzkan muskulito gehiago. Harro eta pozik egon daitezela ingurukoak mutikoa kirolaria delako, hori bai mutilen asuntoa, hori bai gauza normala.

Ba ez lagunok, ez naiz hortik pasako. Hainbeste gustatzen zaizkidan marrazketa artistiko klaseetara joango naiz, ahal badut lehen baino gehiagotan. Kirolari aparta naizen edo ez jakin nahi duenak etortzea dauka dantzalekura gurekin asteburuetan, ikusiko du zer den izerdia botatzea. Eta bestela, nesken futbol taldeko animatzaile taldea sortuko dut, ze demonio. Gola sartuko diot nitaz espero denari.