GENERORIK GABEKO ETORKIZUNIK?

Dena dago gizon-emakume arabera antolatuta. Esaterako, aldagelak, komunak…Galdetegi bat betetzen dugunean ere, emakume edo gizon bezala sailkatu behar izaten gara. Ez dago beste aukerarik. Norbait haurdun dagoela dakigunean, ia ohartugabe galdetzen dugu: eta zer izango da neska ala mutila?  Baina ez bagara ikusten, sailkatzen, sentitzen ez batean ez bestean? Nola bilatu gure lekua, etengabean, bi aukera horietara soilik mugatzen bagaituzte?

Gure egunerokoa, bizipenak, harremanak, emozioak… bitan ulertzeko joera dugu: zuria-beltza, ona-txarra, bai-ez, eguna-gaua. Ez dugu bitarteko ezer onartzen, ñabardurak ulertzen: edo bata da edo bestea. Eta ikuskera hertsi horren ondorioz, gure gorputzak, sexualitateak, harremanak edota identitateak ere, mugatu egiten ditugula, emakume-gizon, feminitate-maskulinitate kategorietan sartuta. Baina aspaldiko post honetan, Iris Segundoren bideoarekin eta “Estereotipoak hausten” bideo-erreportaiarekin, kontzeptu horiek ezbaian jartzen genituen, eta aditzera ematen genuen, identitateak, desioak, gorputzak… zerbait fluidoak direla eta ezin ditugula sailkatu. Sexualitatearen (homosexual-heterosexual), identitateen (maskulinitate-feminitate), sexuen (emakume-gizon)…  mugak guk jartzen ditugu. Eta hori da justu, 2013ko Beldur Barik lehiaketara aurkeztutako «Prakagona» ikus-entzunezkoak ere, adierazi nahi izan zuena. Izan ere, genero eraikuntzak  gure gorputzak, emozioak eta desirak, enkortsetatzen, inbutatzen ditu binarismoan.

Chloe Aftel argazkilariak burututako argazki-erreportai honek ere, sailkapen guzti horiek hankaz-gora jartzen dituzten gazte batzuen berri ematen digu. Ingelesezko genderqueer mugimendua osotzen duten gazteak dira. Batzuk generoarekiko neutralak bezala ikusten dituzte beraien buruak eta gorputzak. Beste batzuek, ordea, genero baten eta bestearen artean (emakume edo gizon) dantzan. Micah Neutrosis Nonsense blogeko autoreak honela definitzen du: «Panpinak neskentzat dira, kamioiak mutilentzat, puzzleak neutroak dira… Nire generoa puzzle bat da».  Baina, definizioetatik, etiketetatik haratago,  binarismoa da hautsi nahi dutena: «Mundua ez mugatzea, neskentzat edo mutilentzat izatera, soilik».  Binarismorik gabe adieraztea, sentitzea, desiatzea. Askeak izatea, experimentatzea, deskubritzea.

genderqueer1

genderqueer2

 

Bai, leku eta momentu historiko desberdinetan beraien sexualitate, gorputz edota praktikekin genero eraikuntzaren mugak gainditzen dituzten pertsonak egon dira eta daude. Lehen eta orain, Euskal Herrian zein munduko beste leku askotan. Baina EEBBtako San Frantzizko inguruan kokatzen den mugimendu honetara geroz eta gazte zein ekimen gehiago ari dira fusionatzen. Eta, horregatik, sekulako bisibilitatea hartzen ari omen da. Generorik gabeko geroz eta paisaia posibleagoa irudikatzen ari dira. Helduko al gara, generorik gabeko etorkizunik ikustera?