Ez zaigu ezer gertatuko beti lehen lerroan ez egoteagatik, eta horrela agian egunen baten denok batera egin dezakegu dantzan

A ze uda pasatzen ari garen. Egia esatea nahi baduzue ez-dakit-nongo hondartzara joan baino edo auskalo-zenbat-izarretako hotelean egon baino nahiago dut hemen geratu. Euskal Herrian oso ondo egoten da udan eta, batik bat, ez da falta zer eginik. Jaiak izaten dira hiriburuetan, Iruñetik hasi, Baiona, Gasteiz, Donostia, Bilbo… eta zer esanik ez herri txiki eta auzoetan. Nik ez dut aspertzeko tarterik hartzen.

Bereziki musika gustatzen zaigunontzat aukera asko egoten dira, eta gure aukera hori da hain zuzen ere, uda osoa kontzertuz kontzertu pasatzea. Belako, adibidez, lau aldiz ikusi ditut jada! Gero eta neska gehiago ikusten ditut eszenatokian, edozein instrumentu jotzen, edo DJ mahaien atzean (a ze dantzak Las Tea Partysekin!). Lagun batek aurrekoan erakutsi zidan Emarrocken web orria, hor daude argazki piloa, egia esan ezin nuen sinistu gure inguruan hainbeste emakume musikari zeudenik.

Duela ez hainbeste kontzertu batean taldeko abeslariak esan zuen “neskak, etorri lehen lerrora, mutilak, segi atzeko lerrora”. Kuadrilako neska batzuk berehala joan ziren lehen lerrora, eta inoizko kontzerturik onena bizi izan zutela diote, ez zegoela lehen lerroan beti bezala bultzaka dantza egiten zuen mutil kuadrilarik eta musika hain gertutik bizitzea ikaragarria izan zela esan ziguten gero. Han geuden mutilon erdiari memelo aurpegia geratu zitzaigun. Egia esan ez nuen inoiz hala ikusi, baina gero pentsatu nuen: zenbat aldiz egon naiz kontzertuetan, lehen lerroan, eta beti mutilez inguratua eta oso neska gutxi zeudela (kuadrilako pare bat ta kitto, askotan)? Zenbat aldiz esaten dute kuadrilako neska hauek lehen lerroetan giroa oso “matxiruloa” dela? Zenbat aldiz sentitu naiz ni neu ere gogaitua hainbeste bultzada eta errespetu gabeko jarrerarekin?

Ba agian ez da hain ideia txarra mutilok lehen lerroetatik urruntzea. Denbora larregiz izan da gurea eszenatokia, eta eszenatoki azpikoa ere. Ez zaigu ezer gertatuko beti lehen lerroan ez egoteagatik, eta horrela agian egunen baten denok batera egin dezakegu dantzan.