EKAINAK 28

Emakume feminista gazte baten bizipenak eta harrotasuna

16 urte ditut, eta Maialeni, nire lagun onenari, kontatu diot azken aldian Oihanek urduri jartzen nauela, Historiako klasean pixka bat aurrerago esertzen den neskak. Baina urduritasun ona, hau da, gustatzen zaidala. Begiratzen diodanean oso politta iruditzen zait eta esaten duen guztia oso interesgarria da, emakume argia da; baina «zer esan nahi du urduritasun honek? Oihanek erakartzen nau edo emakumeek erakartzen naute?”, galdetzen diot nire lagunari eta berak erantzuten dit: «Zer axola du horrek?”. Niri gehiago kostatu zitzaidan gogoeta horretara iristea.

Urteak joan eta urteak etorri, nire sexu-orientazio heterosexualarekin jarraitzen dut, bi urte daramatzat nire mutil-lagunarekin harremanetan, eta momentuz, ez nau emakume batek erakarri Oihanek egiten zuen bezala. Bapatean, unibertsitateko autobusean berriro ikusten dut, eta hara! Asko gustatzen zaidala berresten dut. «Zer gertatzen da hemen?» galdetzen diot neure buruari berriro.

Donostiatik Bilbora egiten dut salto, eta nolako salto ederra gainera! Imajinatzen ez ditudan aukerak agertzen zaizkit begi aurrean. Emakume feministak ezagutzen ditut, emakume lesbianak, identitate ez-binarioa duten pertsonak, eta aurretik planteatu ere ez ditudan aukera amaigabeak agertzen zaizkit. Jakina, nire institutuan ia denak heterosexualak ziren (edo hori uste nuen nik behintzat) eta ordura arte ez nuen nire orientazioa planteatzeko aukerarik izan. Gerora heteronormatibitatea zer den ikasi dut.
Bilbon nagoela, izateko, sentitzeko eta bizitzeko modu gehiago badaudela konturatzen naizenean, aukera berriak bizi nahi ditut, eta lesbianen lehen gaualdi poetikora apuntatzen naiz. Bertan, neska batek sakon begiratzen nau eta tonu bereziarekin garagardo batera gonbidatzen nau. Niri hankak dardarka jartzen zaizkit. Atzera begiratuz, LGBTIQ+ kolektiboan murgildu nintzenetik gogoratzen dudan unerik gozoenetako bat da momentu hura.

Gaur, 2020ko ekainaren 28an, Harrotasunaren aldeko manifestaziora noa Bilbon. Bost urte daramatzat harreman sexual-afektiboak izaten emakumeekin, eta 4 dira gaurko egun honetan harrotasun amaigabearekin bizi ditudan manifestazioak. 

Baina gaur galduta nago berriro. Oso lesbiana nintzen, bollera, zin dagizuet, eta ez nuen imajinatzen gizonekin harremanak berriro izango nituenik. Baina gizon batekin maitemindu berri naiz, beraz, armairutik irten eta berriz ere arazoren bat edo beste sentitzen dudan arren, oso ZORIONTSU naiz. Pozik nago aske sentitzen naizelako, nere buruari edozein pertsonarekin maitemintzen uzten diodalako, edozein sexu-generotakoa izanda ere.

Gaur manifestaziora libre noa, aske sentituz, urte osorako maitasuna ematen didaten lagun taldearekin. Heterolesbianabisexualpansexual, ez dakit zer naizen.  Eta nori axola zaio? Y A QUIÉN LE IMPORTA (lo que yo haga, laralalala…).

GORA HARROTASUNAREN EGUNA!

LGTBIQ+ gaia jorratzen duten erreferentziak:

Abestia: Izan zu zeu. La Basu.

Azalpen-bideoa: ¿Qué es la bisexualidad? ¿pan-bi…? Reflexiones sobre Bifobia y + por Psico Woman y Elisa Coll.

Liburua: ¿Por qué ser feliz cuando puedo ser normal? Jeanette Winterson-ek idatzia.

Filma: CAROL, Todd Haynes-ek zuzendua.

Antzezlana: Elisa y Marcela.

Persona envuelta en la bandera LGTBIQ