Kategoria: Ligoteoa

Kaleak, gauak eta jaiak gureak dira!

Jaiak heldu dira gure herrietako kale eta plazetara. Jaietaz gozatzeko premia dugu ere. Urte osoa eman dugu ikasten, lan egiten… eta eraso sexistarik gabeko jaiak bizi nahi ditugu. Goazen ba gure herriak Beldur Barik Gunea bilakatzera, goazen guztion artean Beldur Barik Guneak sortzera!

Pasa den urtean Beldur Barik Guneak sortu genituen zuekin batera Amurrion, Elgoibarren, Urretxun, Zumarragan, Oñatin, Agurainen, Basaurin eta Zornotzan. Aurten ere zuen herrietako kaleetan zuekin batera indarkeria sexistarik gabeko guneak sortu nahi ditugu. Hurrengo lekuetan egon gara iadanik: Barrika, Eibar, Arantzazu (Arratia), Ermuan, Sopela (Larrabasterra), Lemoiz (Armintza), Gorliz eta Berangon.

Esan bezalala, indarkeria sexistarik gabeko esparruak sortu nahi ditugu, eta hurrengo herri eta hirietako jaietan egongo gara guztion artean jaiak Beldur Barik Jarrerarekin biziz. Non egongo garen? Hona hemen lekuak. Gure web gunean publikatuko ditugu ekintzak eta herrietan garatu behar diren tailerrak ere, eta baita ere sare sozialetan zabalduko ditugu. Beraz.. ADI!

BBG-cartel

Uztailak 28. Lemoa.

Abuztuak 4. Vitoria-Gasteiz.

Abuztuak 12. Amurrio.

Abuztuak 13. Ondarroa.

Abuztuak 14. Gernika.

Abuztuak 15 eta 17. Donostia

Irailak 9. Plentzia.

Irailak 17. Urduliz.

 

 

Zer aurkituko duzu Beldur Barik Gune hauetan? Zer dira?

BBGunea sexu eraso eta eraso sexistarik gabeko esparruak dira. Bertan gure sexualitatea modu aske, positibo eta ziur batean bizi eta gozatu nahi dugu. Behar duzuen erraminta eta informazioa bilatzera joan zaitezkete espazio fisiko hauetara. Gune hauetan gure Beldur Barik Jarrera azalduko dugu, eraso sexistei aurre egingo diegu, jaietan ematen diren eraso sexistak agerian utziko ditugu eta mobilizazio feminista eta norbanakoaren antolaketa zein garrantzitsuak diren ere ikusiko dugu.

 

Eta zuen herrietako zenbait lekuetan ere tailerrak eramango dira aurrera… Herrietako puntu arriskutsuak identifikatzeko tailerra (Kaleak, gauak eta jaiak gureak dira), Puntu arriskutsu hauetan Beldur Barik Jarrerarekin erantzun (Beldurrak Astindu tailerra) eta jaietan entzuten dugun musikaren inguruko tailerra (Musika kritikoa laborategia).

Aurkeztutako azken tailer hau aprobetxatuz… hona hemen luzatu nahi dizkizuegun hainbat galdera… jaietan (taberna, txosna, barraka, txarangak…) entzuten ditugun abestiak, musika orokorrean, matxista da? Zein da mutilek duten jarrera abesti hauetan? Eta neskena? Abestietan aniztasun sexuala kontutan hartzen al da? Ez da lehenengo aldia musika hasten denean, bapatean, letra entzutean dantzari uzten diogula… “baina ze demontre da hau… abesti hau sexista da!” esaten diogu gure burua eta ingurukoei. “Beno, neska, tira… badakizu… regetoia horrelakoa da…” Beno, ez da bakarrik regetoi kontua! Matxismoa edonon aurkitu dezakegu! Matxismoa musika genero guztietan ematen da!

Baina badago bizitza musika matxistatik harago! Bai lagunok! Eta horregaitik ere, ostiralero Beldur Barik Jarrera duen abesti bat aurkezten dizuegu! Gure BBplaylistean gehiago aurkituko dituzu!

Dantzan jarraitu! Baina beti Beldur Barik Jarrerarekin! Let’s dance!

Guardar

Guardar

Guardar


07/09/19

Defenda nazazu gutxiago, entzun nazazu gehiago

17qb80

Asteburua da eta ondo pasatzera atera gara, dantza egitera joan gara, nahiz eta nik askotan ez dudan dantzarik egiten… Giroa gori-gorian dago. Jende asko, ezagutzen ditudan batzuk, ezagutzen ez ditudan beste asko eta noiz edo noiz ikusi ditudanak.

Carlarekin nago. Carla nire laguna da. Berari asko gustatzen zaio dantzatzea, niri ez. Tira, gustatuko litzaidake, baina lotsa apur bat ematen dit. Momentuz ez nau kontu honek larregi agobiatzen. Musika altu dago eta gure artean hitz egitea ez da erraza, ia-ia oihu egin behar dugu, baina berdin dio, ingurua begiratzen eta komentario laburrak egiten besterik ez gabiltza, ez da elkarrizketa sakona.

Apur bat ezagutzen dudan tipo bat gure albotik pasa da, eta esango nuke Carlari ipurdia ikutu diola. Flipatu egin dut, ezin nuen sinistu baina Carlaren aurpegia ikusteak konfirmatu dit hala izan dela. Bere susto aurpegiak eta tipoaren irrifarre ergelak. Sutu egin naiz. Tipoari atzetik eutsi diot, sorbaldatik, eta buelta ematera behartu dut. “Baina zuk ze uste duzu?” oihukatuz bultzatu egin dut eta ia-ia lurrera erori da. Auskalo zergatik ez garen borrokatu, baina azkenean tipoak alde egin du. Baina zer uste du horrek? Besteok ez dugula ezer egingo halako zerbait egiten duenean?

Buelta eman dut eta hor zegoen Carla. Zaplasteko bat eman dit: “Baina ze uste duzu, Mikel? Ez dakidala nire burua defendatzen? Tonta xamarra naizela eta printze urdinak salbatuko zain nagoela? Lehengo tipoak ipurdia ikutzen dit eta gero zuk ez didazu galdetu ere egiten zer egin nahi dudan, ezta nola nagoen ez ezer. Heroiarena egitera zoaz por ahí”.

Lotsatu egin naiz. Ez zaio arrazoirik falta. Orduak eman ditugu elkarrekin kontu hauen inguruan hitz egiten. Ez da halakorik gertatu zaigun azken aldia, eta nahiz eta noizean behin belarrondoko bat jasotzen dudan ikasten ari gara, konplizeak izaten, ez printzesa ta kaballeroa.

Guardar

Guardar

Guardar


07/09/19

GUZTI HONEKIN APURTZEN DUT

Atzo ez dakit zenbatetan abestu eta dantzatu nuen abestiarekin esnatu naiz. Esnatzen noan heinean abesten dut, edo behintzat abesti hori dela antzematen da… Herriko jaiak. Urte oso bat egun hau iristearen zai instian urtea eman ondoren… eta azkenean iristen da apunteak, azterketaren agobioak atzean uzteko garaia… eta kuadrilla osoarekin udari rollo onarekin hasiera emateko unea ere iristen da. Dugun guztia emanez. PI PI! Mobila da. Taldeko whatsapp taldea. Bideo bat. Gero begiratuko dut. Besteekin bazkaltzeko jeiki egiten naiz. Gaur egun handia da eta bazkari familiarra dugu. Egun honetarako urtero etortzen diren lehengusu eta lehengusinekin.

Abesti berdinarekin jarraitzen dut buruan dutxa hartzen dudan bitartean. Eta bart zein ongi pasatu genuen ere gogoratuz. Bapatean… DAN-DAN! Atean norbait golpeka dabil. Nire neba da. Azkar ibiltzeko, sartu behar dela. “Zelako pasada bideoarena, ikusi al duzu?” ohiukatzen du atearen beste aldetik. Banoa! diot nik, eta taldera bideo bat ailegatu dela gogoratzen dut baina ez dudala ireki. Tontakeri bat izango delakoan nago, geroago ikusiko dut. Hainbat mezu bidaltzen ditugu.. egun guztia online egotea oso nekagarria dela.

Janstera noa. Nire logelara bueltan, bideoaren ostean 40 mezu ikusten ditut. Gainbegirada bat ematen dut eta guztiak onda berdinekoak dira… “normala… zelako mozkorra zuen gainean…”, “zelako lizuna”, “klasekoei bidali diet eta flipatu dute!”, “zelako barreak… ea nola ateratzen den gaur…”, “nik ligatu nahi izan nuen eta begira nola amaitu zuen…”, “nirekin ligatu nahi zuen, bero zegoen…” eta horrelako mezu asko. Egia esanda, bideoa ikusteko kuriositatea dut. Play-a sakatzen dut. Ingurunea ezaguna egiten zait, eta baita entzuten den abestia, esnatu naizen abesti bera baita. Atzoko irudiak dira. Dantzan eta hizketan egon ginen plaza ondoan dagoen banku batenak… Urrutitik grabatutako irudiak dira. Eta bankuan, neska eta mutil bat jo ta fuego daude… beraien aurpegiak ezagutzen ditut. Konfidantza haundia ez dudan nire gelako neska da, eta mutila, nire nebaren gelakoa. Txosnak ligatzen ikusi nituen. “Ze jatorrak” pentsatu nuen.

Nire lehenengo erreakzioa flipatzea izan da. Eta gero, nolabait grabazioaren konplize sentitzen naiz. Klaseko neskari mezu bat bidaltzea gustatuko litzaidake, jendea inozoa dela esateko, eta nahi duenarekin egoteko eskubide osoa duela (edo hori da behitzat orain barrez dauden eta neska lizuna dela esaten duten ahotik entzun dudana askotan). Baina ez dakit ere oso ondo nola esan. Ziurrenik bideoa bere mobilean ere izango du. Eta gogoan ditut taldeko mezuak. Gehienak beraren inguruan, guarra bat dela, eta bilatzen zuena lortu zuela esaten dutenak…

Logelatik ateratzen naiz. Nire neba barre batzuk bota dituela esaten dit, erreprodukzio asko dituela, zelako makina mutila… eta horrelakoak esaten dizkit. Aski da. Ez dut guzti honen konplize bilakatu nahi. Ez dut izan nahi. Ez noa konplize izatera.

Barre batzuk botatzen badituzu…

Normala dela, jende guztiaren aurrean jartzen bazara esaten baduzu…

Grabatu bazenuen….

Igo bazenuen…

Partekatu bazenuen…

Esparru publikoan pasatu zenez grabatu/zabaldu/beraien intimitatea bortxatzeko eskubidea duzula pentsatzen baduzu…

Ezezkoak diren komentarioak egiten badituzu…

Neskaren gorputzaren inguruko komentario ezezkorrak egiteko aprobetxatzen baduzu…

Neska eta mutila bikote bat izanda, neska tutu bero bat bada eta mutila aldiz, makina bat…

 

…Konplize zara.

 

Nik ez dut nahi izan. Ni izan nintekelako bideoan agertzen dena eta inork ez duelako baimenik edo eskubiderik zer egiten dudan kuestionatzeko, NIRE INTIMITATEA baita. Taldean idaztera noa. EZ DU GRAZIARIK. EZ DUT GUZTI HONEN KONPLIZE IZAN NAHI. DANTZATU, GOZATU, LIGATU NAHI DUT, NIK NAHI EZ DUDAN INORK GRABATU GABE.


07/09/19

Ez da txantxa

Seguru nago zuri ere askotan pasa zaizula burutik. Norbaitek esaten dizunean gauzak horrela direla, eta horrela izango direla amorratzen zarela. Ezetz ezetz eta ezetz esaten duzula norbaitek aurpegiratzen dizunean ezin direla gauzak aldatu, ezin dela ezer egin. Zuk badakizu baietz, posible dela zerbait egitea, baina batzutan ez dakizu zer. Askotan ez dakigu zer egin.

Esate baterako, emakumeen kontrako indarkeriaren inguruan, eta orokorrean matxismoaren inguruan, zenbat aldiz pentsatu duzu ez zaudela gustura gertatzen diren gauza batzuekin? Ez zaizula gustatzen zure ingurukoek neskei buruz hitz egitea haragi puxkak soilik bailiran? Edo errespetuz ez jokatzea? Edo emakume bat erasotua izan denean “zerbait egingo zuen ba” esatea? Ez zaude lasai, ez zaizu gustatzen. Badakizu ez dagoela ondo, eta gaizki dagoena aldatu egin behar dela.

Eta hala ere zenbat aldiz isildu zara? Klaro, eske mutilak bagara ba ez gara beste mutilen kontra jarriko. Noski, agian orduan zure kontra hasiko da norbait. Edo igual esango dute, badakizu, apur bat marikoia zarela. Edo txantxa bat bakarrik zela… eta zuk nahi ez duzun arren barre egiten duzu, barrutik tripak minduta izan arren, ez dizulako inolako graziarik egiten. San Ferminetan gertatutakoak ikusi dituzulako eta badakizulako ez dela txantxa.

autodefensa_feminista

Galdera ez da hain sinplea eta erreza erantzuten, baina noren alboan egon nahi dugu? Erasotzen duen lagunarekin edo erasotua izan den lagun horrekin? Egunero hitzen, komentarioen eta indarkerien bidez erasotua denaren alboan egon nahi badugu, harek nahi eta behar duena entzun eta ahal dugun heinean lagundu behar dugu: salatuz, erantzunez, protestatuz. Eta erasotzen duenaren aurrean jarriz eta ezetz esanez. Ez gaudela berarekin.

Zer dugu galtzeko? Agian ez garela hain “mutilak” izango? Ba gaitzerdi. Niri behintzat ez zait hainbeste inporta. Asko dugu ikasteko eta entzuteko, hobetzeko eta kuestionatzeko eta “mutila izatea” edo “gutariko bat izatea” oztopo bat bada, utikan! Ez zaigu alboan jenderik faltako.

Guardar

Guardar


07/09/19

LIGOTEO SANOA PRAKTIKATU, BELDUR BARIK JARRERA DUEN LIGOTEOA!

Uda gurekin dugu, eta jaiak gure herrietako plaza, taberna eta kaleetara bueltatu dira. Berriro ditugu hemen dantzariak, kantariak, abeslari finak, nahita edo nahi ez badugu ere mugiarazten edo gure barrenak mugitzen dituzten udako abesti hoiek… Poetiko xamarrak jarriko gara… baliteke aurtengo udako abestia gure ipod edo mobiletan gelditzea betirako… baina argi dagoen gauza bat dago jaigiro guztietan, eta hori ondorengoa da… EZETZ EZETZ DELA!

ligoteo sano

“Beti berdin…” pentsatuko du norbaitek… “Beno, jendeak edaten duela eta horrela jartzen dela… beno… Ipurdia ukitu dizula baina ez zaitezela horrela jarri… zure titien inguruko txistea broma bat dela… eta gainera pozik egon beharko zinetekela zure gorputzaren inguruko komentarioa egin duelako (neskak harrotzeko daudelako eta mutilak aldiz beti beti sexuan bakarrik pentsatzen dutelako, beti bero)… mutila izanda dantza gustatzen zaizula eta maritxua ematen duzula zure mugimenduekin… zure piurekin marimutila ematen duzula eta nolatan ligatuko duzu…“. Guzti honen aurrean, gure erantzuna: ASKI DA! Erasoen aurrean Beldur Barik Jarrera agertuko dugulako.

Murala-2

Eta norbaitek ere esango du “beno, beno… orain ere ezin izango dugu ligatu…”. Noski ligatu nahi dugula! Dibertigarria delako, gustatzen zaidalako, ongi pasatzen dugulako. Baita nik eta baita ligatu nahi dudan horrek ere. Ligatzea ez delako astuna izatea, ez delako babosoa izatea, ez delako nik nahi dudana egitea edo eginaraztea beste pertsona bati.. ez, ez… arau unibertsala dago. EZETZ EZETZ da. Eta ez gara errepikatzeaz nekatuko.

no es no2

Ligatzea ondo pasatzea delako, norbera eta bestearekin gozatzea, elkarrekin barre egitea, begirada konplizeak, laztanak, musuak… baina batek gehiago nahi ez duela esaten duenean edota ideiaz aldatzen badu… akabo lagunak. Hor amaitu da ligoteoa.

comics-consentimiento-violacion-alli-kerkham-1Alli Kirkham-en komiki tira guztiak ikusteko sakatu hemen.

Praktikatu dezagun orduan ligoteo sanoa! Zer deritzozue? Baina nola hurbildu orduan? Zer esan orduan beste horri nekagarriaren itxura ez emateko? Zortea daukagu! EGK eta Beldur Barik Ligoteo sanoaren Lehiaketa antolatu dugu! Gogoratu nahi? Sakatu hemen eta lehiaketaren inguruko informazioa izango duzue eskura. Jakin behar duzuen guztia ligoteo sanoa martxan jartzeko!!!

 ligoteosanoalehiaketa

Eta ligoteo sanoa aurrera eramateko erramintak ere baditugu! Gogoratu aspaldi eta pasa den urtean ere gogoratu genuen ligoteo sanoaren dekalogoa!

 Decalogo Beldur Barik ligoteo sano

1- Antes de entrar a alguien, fíjate si a la otra persona le está interesando el intento de acercamiento y si es receptiva. Acércate con buen rollo y educación, nunca intimidando. Si te dan largas, no seas cansino o cansina, y no lo fuerces. 

2- Ez ez da. Ezetza ondo onartu, ez hartu zure autoestimaren aurkako eraso bat bezala.

3- El tonteo no siempre tiene que terminar en algo más. Haber dicho que sí a algo no es un sí para todo lo demás. En cualquier momento se puede decir ‘no’. Pero teniendo empatía hacia la otra persona, sin jugar con sus expectativas.

4- Mutilek lehenengo pausua eman behar dutelaren ideiarekin apurtu. Neska bazara, seinalak bota ordez, aktiboa izan. Neska batek jarrera hori badauka, ez epaitu.

5- Ligoteoa adiskidetasun eskema batetan ulertu, berdinen artean. Rol sexistak errepikatzen ari zareten aztertu.

6- No sientas la presión de dar tu teléfono, Tuenti o Facebook por no quedar de borde. Tienes derecho a elegir quién entra en tu vida, también en la virtual.

7- La clave es la empatía. Lo ideal sería que todo el mundo tuviera una actitud positiva y una sonrisa, pero entiende que a alguien no le apetezca que le entren.

8- Pentsa ze eragin daukaten fisikoak eta estereotipoek (neska barbie, kaña ematen diguten mutilak…) pertsona batez erakartuta sentitzeko unean. Pentsa zenbat aukera galtzen ditugun aurreiritziengatik.

9- Respeta la libertad y la diversidad sexual. No des por hecho la heterosexualidad. Entrar a dos chicas que están juntas, decirles el morbo que te da, es una forma de agresión lesbófoba.

10- Zu zeu izan, maskararik gabe. Pertsonak diren moduan ikusterakoan sexismoa gutxitzen da.

 

Ligoteo sanoa nahi dugulako! Osasuntsua den ligoteoa! Eraso sexistarik gabeko jaiak, esparruak nahi ditugulako! Goazen guztion artean eraiki eta gozatzera! Gora ligoteo sanoa!

Guardar

Guardar


07/09/19

MIKROMATXISMOAK IDENTIFIKATU ETA AURRE EGIN BELDUR BARIK JARRERAREKIN!

Zenbat aldiz entzun duzue esaldi hau: “Ez zaitez horrela jarri… broma bat izan da… txantxetan izan da… goraipamen bat besterik ez da izan…“.  Zenbatetan? Eta nolakoa izaten da gure erantzuna? Nola erantzuten dugu eraso hauen aurrean? Bakarka zein taldeka erantzuten badugu ere, askotan hitz berdina errepikatzen da erasotzaile edo ingurukoen ahotan: “paranoikoak jota zaude!”. Paranoia. Berriro ere neskak paranoikoak edo histerikoak garela esaten. Berriro ere homosexualak paranoikoak garela esaten. Berriro ere arabiarrak paranoikoak garela esaten. Berriro ere aniztasun funtzionala dugunok paranoikoak garela esaten. Beltzak garenok paranoikoak, gitanak garenok paranoikoak…

Guzti honen harira Mari Kazetariaren aspaldiko artikulu bat ekarri nahi genuen berriro ere web gune honetara (sakatu hemen albistea irakurtzeko).

Artikulu honetan zenbait mikromatxismo zerrendatzen dira: kaletik doazen neskek lisunkeriak (batzutan norbere familiak botatakoak) entzutea, ipurdia ukitzea, kotxe batean jarraitzea, lorpenak gutxiestea “nesken asuntoak” direlako… Eta bazegoen ere amankomunean ematen zen zerbait. Askok ez zuten ezer esan, ez zioten inori kontatu, garrantzia kendu zioten… bitxikeria edo anekdota bezala hartua izaten da eta heteropatriarkatuaren erruz (tamalez esatea ez baita egokia erruduna bait daukagu) neskak eta zapalduak diren beste kolektibo batzuk pairatzen dituzte horrelako erasoak. Eta horrela genion aspaldi:

“ Horregaitik da hain garrantzitsua guzti honi buruz hitzegitea, horrelako gertakariak ez direla normalak gogoratzea, ez ditugula zertan isildu beharrik, ezta kulpa sentitzerik, ezta guganako dudak edo mesfidantzak izan beharrik (ez da hainbesterako, esajeratzen ari gara…). Guzti honi izena jarri, jakin eta ezagutu daitezen, beraiei aurre egiteko lehenengo pausua da.

Zer iruditzen zaizu guzti hau? Horrelako erasorik jasan duzu? Nola sentitu zara? Animatu zaitez zure lagunekin gaia ateratzen. Ikusiko duzu ez zaudela bakarrik, zuri gertatutakoa askori gertatzen zaigula, gizarte matxista honen isla bat dela eta beldur barik salatu behar dugula.

Mutilek ere badaukazue zer egin: horrelako erasoen aurrean (zure lagun batek neska bati ipurdia ikutzen badio, esaterako) ez ixildu, erasotzaileari esan jarrera hori onartezina dela. Lagun batek neska bati astakeriak esatera animatzen bazaitu, ezetz esan agi eta garbi. Zure neskalagun batek halako zeozer gertatu zaiola esaten badizu, elkartasuna adierazi, ez esan ez dela hainbesterako edota agian bere irudimena izan dela.”

Berriro diogu… horrelako egoerarik jasan duzu? Nola sentitu zara? Horrelako egoerak erasoak bezala identifikatzen dituzu? Edo garrantzia kentzen diozu?

Lagundu mikromatxismoen zerrenda bat egiten, guztion artean identifikatu eta izena jartzeko. Ez direla bakarrik hitz soilak, erasoak direla, eta gure egunerokotasunean gertatzen direla. Eta hain dira sutilak duten garrantzia eman behar dizkiogula!

  • Hoien nesken kontuak dira esaten dutenean. Edo mutilen kontuak.
  • Neska izanda mutilak atsegin ditudala aurresuposatzen dutenean.
  • Mutila izanda neskak atsegin ditudala aurresuposatzen dutenean.
  • Kaletik zoazenean zuri buruzko iritziak entzun behar dituzunean (eskatu ez direnak).
  • Nenaza deitzen didatenean lagun bati aurre egin diodalako eraso bat egon denean.
  • Zuk nahi duzunarekin oheratzen zarenean puta deitzen dizutenean edo makina deitzen dizutenean.
  • Bikotea eduki, ezkondu, haurrak izan… neska izanda zure desioak izan behar direla aurresuposatzen dutenean…

Askoz gehiago daude… badakigu! Zerrenda betetzen joango al gara elkarrekin?

Mikromatxismoen aurrean, Beldur Barik Jarrera!

Erantzun eraso sexistei!

Ez isilik gelditu!

Zure Beldur Barik Jarrera agertu!


07/09/19

ERASO SEXISTEN AURREAN, BELDUR BARIK JARRERA!

Eta horrela, konturatu gabe, uztaila dator eta batzutan (Euskadi Tropikala hala baita) beroa dator, eta berarekin eguzkia, eta horrekin batera ongi pasatzeko, dibertitzeko, askatzeko, gure gorputzak mugitzeko… gogoak datoz. Urte osoa eman baitugu ikasten edota lan egiten… beraz, ondo pasatzea ongi merezita dugu! Eta nahi duguna egiteko! Bakarrik dantzan banago, pistaren erdian ez naitezen egon atentzioa deitzen nagoelaren ideian pentsatzen; nire lagunari gustatu ez zaidan broma sexista, arrazista, translesbohomofobikoa entzuten badiot, ezer esan gabe aguantatu behar izatea bestela festarekin amaituko dudalako; gaur kamiseta hau jartzea erabaki badut, ez dela ezerreri gonbidapena; ez dizudala zertan elkarrizketarik eman beharrik nahi ez badut; ez ditudala zure hitzak, iritziak entzun behar eskatu ez baditut… Hau da, kaleak, gauak, festak, egunak gozatu nahi ditugula LASAI ASKO. Eta edozein motatako erasoaren aurrean, erantzuna emango dudala, hori argi eduki.

Hilabete honetan mikromatxismo eta mikroindarkeriei buruz hitzegingo dugu ere. Badakigu pasa den urtean bueltak eman genituela gai honen inguruan, baina berdinean jarraitzen dugu… Pasa den urtean genion bezala: “Eraso fisiko edo bortzaketa ez dira bakarrik indarkeria sexista. Baita ere marruskadurak, baimenik gabeko musuak, komentario edo begirada lisun eta babosoak… eta matxismoaren dosi txiki hauetan indarkeria sexista dago, jasangarriagoak diruditen hoietan, gure gorputzaren poro guztietatik sibilinoki sartzen diren hoiek”.

Ligoteo sanoari buruz ere hitzegingo dugu. Aurreko bideoan norbaitekin ligatu nahia azaltzen da eta zer gertatzen den pertsona horrek “amaitu da, banoa” pentsatzen duenean. Ez dago zertan mila aitzaki eman beharrik. Nirekin ligatu nahi duela? Primeran, baina hona hemen lehenengo araua: Baietz diodanean baietz da, eta ezetz diodanean… ezetz. Erreza, ez? Beno, ligoteo sanoaren lehenengo pausuak gogora ekartzeko soilik… Eta gogoratu nahi dizuegu ere gaur bertan hasten den lehiaketa, post honetan kontatu genizuena (sakatu hemen). Zein da zure esaldirik gogokoena ligatzeko? GORA LIGOTEO SANOA!

Kaleko jazarpenari buruz ere hitzegingo dugu. “Vamos juntas” ekimena ezagutzen duzue? Elkarrekin ikusiko dugu. Eta hona hemen bigarren araua… kaletik ikusten banauzu eta nahi duzuna esateko eskubidea duzula pentsatzen baduzu… bi gauzatxo esango dizkizut… ez dizut zure iritzirik eskatu, eta ez pentsatu nire autoestima igotzen ari zarenik….

Eta jaiak datozenez, eta kaleetan, kontzertuetan, berbenetan, tabernetan, parkeetan… lasai asko egon nahi dugulako, indarkeria sexistarik gabeko esparruak sortu nahi ditugu, horregaitik,  Beldur Barik Gunea izango duzue zuen herri batzuetako kaleetan. Adi! Oso gertu egon daiteke!

BBG guia-agresiones-NUEVO copia-1Sakatu irudian eta Beldur Barik Guneari buruzko informazi gehiago irakurri

Eta dantza eta musika gustokoak ditugunez… sexista ez den musika ere entzun nahi dugu, Beldur Barik Jarrera duen musika. Horregatik, ostiralero gure #BBplaylist ean dagoen abesti bat aurkezten dizuegu. DANTZATU BELDUR BARIK JARRERAREKIN!

danceabilitySakatu iruduan eta #BBplaylist a entzun!

 

Gure desirak nola eraikitzen ditugun ere ikusiko dugu. Goazen froga egitera… gure inguruan gure neska, mutil… idealari buruz galdetzen badugu. Zein da jendeak ematen digun deskribapena? Ziur ezaugarri asko errepiktzen direla… Gure desioen imaginarioa zabaldu behar dugu!

Edozein indarkeri edo eraso sexisten aurrean, ezin gara geldirik gelditu. Ezin dugu beste leku batera begiratu. Erantzunkizun bat dugu eta edozein erasoaren aurrean erantzun behar dugu. Ezer ez egitea, konplize bilakatzen gaituelako. Norbaitek komentario matxista bat egiten badu, “ez dit graziarik egin eta ez da barregarria” esan; zure lagun batek neska batekin olagarroarena egiten ari bada, eraman hortik, ez bere ekintza txalotu, ez begiratu beste aldera.

Ostegun honetan bertan hasiko gara mikromatxismoei buruz hitzegiten. Indarkeria sutilak dira, eta identifikatzen baditugu, lehenengo pausua da gelditu eta aurre egiteko.

Mikroindarkeriarik ez erantzunik gabe. Mikromatxismoen aurrean, Beldur Barik Jarrera.

 

Guardar


07/09/19

BILGUNE FEMINISTAREKIN SOLASEAN, AUTODEFENTSA FEMINISTAREN INGURUAN

Ekainan, ligatzearen eta ez ligatzearen harira,  jai giroan hain ohikoak izaten diren indarkeria sexistaren adierazpenen inguruan hitz egin dugu. Gaian gehiago sakontzeko asmoz, Saioa Iraola, Bilgune Feministako kidea elkarrizketatu dugu, emakumeon autodefentsa ikuspegi feministatik jorratzen egiten duten lanagatik. Izan ere, hainbat tailer burutzen eta baliabide landu dituzte gai honen inguruan. Hori guztia izan dugu hizpide. Elkarrizketa osorik irakurtzeko aukera izateaz gain, bideo-laburpen bat ere baduzue.

ZER DA BILGUNE FEMINISTA?

“Bilgune Feminista Euskal Herri mailako erakundea da, orain dela 12 urte sortutakoa. Nolabait, tradizio feministaren, euskal feminismoaren oinordekoak garela. Gure jarduna, Euskal Herrian kokatzen da eta gure helburua da Euskal Herri feminista eraikitzea. Hasieran, emakumeon egoera zein den aztertzeko egindako diagnostikotik ikusi ahal izan genuen, patriarkatua jendartearen esparru desberdinetan egituratzen den bezalaxe, berari aurre egiteko, gure jarduna ere esparru desberdinetakoa izan behar dela: komunikabideak, kultura, instituzio politikoak, sozioekonomia, indarkeria sexista eta hezkuntza. Eta bakoitzean,  norabide eta lanketa desberdinak antolatu dira, ildoak, alegia. Indarkeria sexistaren arloan, esaterako, autodefentsa feminista lantzen dugu”

ZERGATIK GERTATZEN DIRA ERASO SEXISTAK JAIETAN?

“Jaiak badira eduki sinboliko handia biltzen duten kultur adierazpena, errealitatearen adierazpena. Gure egunerokotasunaren parte diren errealitate batzuk dira. Baina errealitatearen modu kondentsatu bat zeinetan erritoak, ohiturak, tradizioak, euforia… Nolabait emozio desberdinak batzen dira. Eta emozio eta errealitate guzti hoiek ere, gure jendarte patriarkal eta kapitalista honetan lantzen eta erreproduzitzen diren ideiak, erritoak, errealitateak ere badira.  Eta eskubide urraketa ere ematen da jaietan. Arlo desberdinetan ikusi edo aztertu genezake nola ematen den indarkeria sexista jaietan . Festak gure herrietan hasi berri dira eta ia badaude salaketak, eraso sexista desberdinak ematen dira eta hoien salaketak jaso ditugu. Arrasaten, Txantrean…

Indarkeria sexistari dagokionez, Bilgune sortzen denetik, egiten da lanketa bat da. Batetik, indarkeria sexista zer den ezaugarritzeko eta adierazteko . Zeren eta, egia da, askotan, zailtasunak daudela eraso bat zer den identifikatzeko . Eraso bat bada irain bat, begirada zikin bat, piropo zikin bat… Baina bada ere, zerbait fisikoagoa izan ahal dena: eraso fisiko bat, zaplasteko bat edo ipurdian jotzea. Eraso sexisten ezaugarritzea bada garrantzitsua, baita jaietan ere”

ZERGATIK AUTODEFENTSA FEMINISTA?

“Gure apustua, 3-4 urte batzuetatik hona izan da… Eraso sexisten salaketa garrantzitsua da, instituzioei neurri eraginkorrak eskatzea garrantzitsua da, prebentzioa lantzea erem garrantzitsua da: prebentzio eta sentsibilizazio kanpainak aurrera eramatea… Baina garrantzitsua da ere, emakumeokin lanketa bat egitea. Erasoen aurrean defenda gaitezkeela sinisteko, gure buruek sinisteko. Ahalduntze prozesu bat emateko ere, eta nolabait, erasoak identifikatzeko ere. Izan ere, gazteekin lanean, askotan kostatu egiten da identifikatzea begirada bat, beharbada, eraso bat dela. Edo leku baten ez garela eroso sentitzen, seguru sentitzen eta ea zergatik ez dugun sentitzen leku seguru bat dela. Guk lanketa guzti horiek egiten ditugu autodefentsa feministaren bitartez”

ZER DA, BERAZ?

“Guk autodefentsa feminista ulertzen dugu dela jarrera bat, errealitateri aurre egiteko jarrera bat. Baita ahalduntze prozesu bat ere, zeina hasten den norberak indibidualki egiten duen lanketa batetatik eta lan hori kolektibizatzetik. Hau da, eraso bat zer den edo ez den, beldurra nola kudeatzen den. Hau da, txikitatik emakumeoi hezten gaituzte esanez: kontuz gauean, kontuz kale horretatik … Eta nolabait mezu guzti horiek beldurra indartzen dute gugan”

EMAKUMEOI, ETENGABE, BELDURRAREN MEZUAK IGORTZEN DIZKIGUTE…

“Beldurra emozio bat da baina etengabe sentiarazten digute eta askotan identifikatu gabe, beldur horri aurre egiteko zer egin genezakeen. Zeren eta, beldurra emozio bat den neurrian, horren kontzientzia hartu beharra daukagu baina sozializatu egin beharra dugu. Hau da, egoera askotan beldurra sentitzen dugula, emakumeon artean baina baita ere, beldur hori kanalizatzen.

Beldurrari aurre egin behar diogu, zeren eta, beldurraren blokeoak ekarri dezake izua eta ez erreakzionatzeko edo blokeatzeko aukera hori. Eta hori gertatu ez dadin , erreminta batzuk behar ditugu, bitartekoak. Baina lehenengo kontzientzia hori hartu beharra dugu, eta sozializatu egin behar dugu beldur hori sentitu egiten dugula”

NOLA PROPOSATZEN DUZUE LANTZEA AUTODEFENTSA FEMINISTA?

"Beldurrak gurekin jai, ekin autodefentsa feministari" txostena

“Bilgunen lan-talde bat dago autodefentsa feministaren inguruan eta urteetan egon diren ekarpenak, jakintza guzti horiek bildu, eztabaidatu eta euskarazko bitarteko bat sortu du “Beldurrak gurekin jai. Ekin autodefentsa feministari”. Hemendik , nolabait, patriarkatuaren deseraikitze bat egiten da. Hau da, zer da patriarkatua, nola egituratzen den, ze lotura dituen gure jendartearekin, emakumeen eskubide urraketarekin. Eta bigarren atal bat bada emozioen ingurukoa, beldurraren sozializazioa, kontzientziazioa, kudeaketa. Autoestimaren ingurukoa. Zeren eta emakumeok gure autoestima lantzea, ezinbestekoa da, beharrezkoa jarrera autonomo bat, ziur bat izateko. Azkenean, txikitatik jasotzen ditugun mezu desberdinek irudi estetikoaren inguruan, sexualitatearen inguruan zer-nolako jarrera edo papera izan behar dugun emakumeok. Espazio publikoan eta espazio pribatuan izan beharreko paperaren inguruan … Ba guzti horren gaineko lanketa bat egitea ezinbestekoa da.

Bestalde, autodefentsa feministaren ariketa desberdinak ere lantzen ditugu, norberak lantzeko, kolektiboki lantzeko. Eta azkeneko zati bat da erasoei erantzutea, eta indibidual eta era kolektibo baten. Eta horretarako erreminta desberdinak lantzen ditugu txostenean. Urte dezentetako lana da eta guretzat erronka bat da, ezinbestekoa, emakumeekin autodefentsa feminista lantzea. Azkenean, egunerokotasunean bizi ditugulako eraso desberdinak. Eta autodefentsa feminista ez da, soilik, teknika fisikoen bilduma bat, baizik eta jarrera bat da. Eta jarrera hori lantzeko prozesu bat behar dugu eta ahalduntze prozesua da hori, kontzientzia hartuz norbera nola eraiki den, ze autoestima dugun, beldurra, gorputz itxurarekiko zein beldur ditugun, espazio publikoan jarduteko … Guzti hortaz, motxila hori atera, aztertu, horren kontziente izan eta norberak erabaki dezala zein jarrerarekin egin nahi dion aurre biziari orokorrean eta erasoei zehazki”

INDARKERIA SEXISTAREN, ETA ZEHAZKI SEXU INDARKERIARENMUINEAN, SEXUALITATE EREDU KONKRETU BAT EGON DAITEKE?

“Gure ustez, ezinbestean, patriarkatuaren eta gure jendarte egituratzearen inguruan hitz egiten dugunean, ezinbestekoa dugu hausnartzea sexu-genero sistemak zein sexualitate eredu erreproduzitzen eta indartzen duen, eta horrek nola eragiten digun emakumeoi. Gure analisia da bizi garela jendarte eredu baten zeinetan, sexualitate eredu bakarra den hobetsia eta lehenesten den, dela heterosexuala, emakume batek eta gizon batek osatua. Bikote harreman baten oinarritzen dena. Hau da, nolabait, sexualitatea ulertzen da bizitzako fase berdinetan sexualitate era bat izan behar duela. Hau da, 30 urtera arte izan gaitezke nahi duguna, harremandu  gaitezke pertsona ezberdinekin, beti ere, arautua bada, bikote ereduan baldin bada. Baina, nolabait, 30 urtetik aurrera proiektatzen da ezkontza. Guretzat ezkontza da arau sartze horretan oinarrizko elementu bat, kontratu ekonomikoa izateaz gain. Ezkontza, seme-alabak… Hau da, sexualitate eredu bat zeina ugalketara bideratuta dagoen, gorputz ugalkorretan ematen dena eta desira ugalkorrari lotua.

 Hori da, nolabait, elementu klabea iruditzen zaiguna, gaur egungo sexualitate eredu hau sistema kapitalistari dagoela lotuta. Sistema kapitalistak behar du erreprodukziora begirako sexualitate eredua, zeinetan, emakumeok dugun paper bat eta gizonek beste bat. Zeinetan gizona den aktiboa, indartsua … Rol horietan eraikitzen dute edo inposatzen zaie beraien identitatea eraikitzea. Eta emakumeoi, otzana, sumisa izatea sexualki ez hain aktiboak. Eta rol horien indartzea eta erreprodukzioa ematen da gaur egungo sexualitate ereduen bitartez, zeinetan hobesten diren eta legitimizatzen diren praktika sexual zehatz batzuk. Hau da, koitora. Koitozentrismoa deitzen diogu, koitoa oinarri duten praktika sexualak baino ez dituela bultzatzen egungo sexualitate ereduak. Komentario asko, gure artean, gazteon artean: Zer, ligatu duzu? Bueno … ligatu-ligatu ez, baina bueno, ligatu-ligatu bai. Zer da ligatu-ligatu ez?Koitoa ez dutela praktikatu pertsona batekin? Eta erdi ligatu da musu batzuk eman ditugunean, begiratu garela, ukitu garela laztandu garela?

Eredu hau indartzeko badago ikus-entzunezko ekoizpen pila bat: pelikulak, serieak, bideojokoak, aldizkariak, musikak, bideoklipak… Zeinetan indartzen den praktika batzuk”

 SEXUALITATE EREDU HORREN AURREAN ZEINTZUK DIRA AUKERAK?

“Gure lanketa bada, batetik, irakurketa bat egitea inposatzen zaigun sexualitate eredu honen inguruan eta pixkanaka, joatea sortzen bestelako sexualitate eredu batzuk. Sexualitate praktika anitzei, dimentsio politiko bat ematea. Hau da, sexualitatea ez da zerbait pertsonala, bada zerbait politikoa, gure bizitzetan guztiz eragiten duena. Eta, horregatik, aitortza eta dimentsio politiko bat eman behar zaio. Gure etengabeko saiakera da, geroz eta gehiago garela, zailtasunak-zailtasun, bestelako sexualitate eredu baten aldeko apustua egiten dugun herritarrak. Hau da, oso zaila dela, ezinezkoa ez esateagatik, sistema kapitalista-patriarkal honek planteatzen duen sexualitate eredu itxi horren baitan kokatzea eta beharrezkoa ikusten dugula, bisibilizazio bate matea bestelako sexualitate eta identitateena: lesbioanona; transexualen errealitatea, bizipenak, jendarteratzea; gay-ena; ama bakarreko familia ereduak; lagunarteak osotutako familia ereduak geroz eta gehiago direla … Hau da, adieraztea, inposatutako eredu horretan badaudela geroz eta bide gehiago, bidezidorrak, eta horien bila joan behar dugula.”

SEXUALITATE ETA IDENTITADE ANIZTASUNA ISLADATU NAHI IZAN DUZUE ARRAKALAK PROIEKTUAREKIN.

“Horretarako dokumental bat osotu dugu “Arrakalak” izenekoa. Guk planteatzen dugu patriarkatua badela haitz handi bat bere araua heterosexualitatea dela, koitoan oinarritutakoa, bikotean, ezkontzan … Eta haitz guzti horretan izan gaitezen arrakalak, beste bizi eredu batetan bizi nahi dugulako, bestelako sexualitate eredu baten eta bestelako identitate batzuekin …”

JAI EREDUEN INGURUKO HAUSNARKETA INTERESGARRIA ERE PLAZARATU DUZUE “FESTA DEZAGUN GAURDANIK GEROA” DOKUMENTALAREKIN

Badaramagu urte piloa lantzen jai parekideen aldeko lanketak. Jaiak badirelako testuinguru bat non iruditzen zaigun zapalkuntza

"Festa dezagun, gaurdanik geroar" dokumentalaren irudia

desberdinak ematen diren. Eta errealitatearen parte diren heinean eraldatu egin behar dugula uste dugu. “Festa dezagun geroa” dokumentalarekin hainbat gauza landu nahi izan ditugu. Batetik, adieraztea, festak zer diren. Hau da, gure gizartearen ordena erreproduzitzen dituzten errito eta ohiturak direla. Sistema kapitalista eta patriarkalaren orden hau, espazio publikoaren egituratzea, espazio pribatuaren beste bat. Askotan, tradizioaren izenean eskubide urraketa ematen delako gure herrietan. Eta dokumentalean saiatu gara azaltzen guretzat zer diren festak eta zergatik eraldatu behar dugun. Era berean, ezagutzera ematen dugu baita ere , Euskal Herriko herri desberdinetan, emakumeen parte-hartzea bultzatzeko egiten diren ekimen desberdinak. Geroz eta ekimen gehiago egiten dira “Emakumeak plazara”, herri kiroletan ere geroz eta emakume gehiok hartzen du parte. Dokumentalean lantzen den beste ildo bat da, jaietan eraso sexisten aurrean ze protokolo lantzen diren gure herrietan, nola egiten zaien aurrean. Garrantzitsua baita herriak antolatzen dituzten agente desberdinen artean erantzun protokolo bat osatzea ze jaietan ematen diren erasoak ez da soilik talde feministen erantzukizuna soilik. Hau da, herriarena da erantzutearen ardura.

Errebisio bat egin behar dugu festen antolaketan, egitarauan eta festetan bertan, ikuspegi feminista bat txertatzeko. Hau da, nola antolatzen ditugu, ze espazioetan, zer-nolako parte-hartzea duen, egitaraua, egitarauarekin lortu nahi dena, ze jendearengana heltzen garen Eta horretan inplikatu behar direla Jai Batzorde eta Txosna Batzordeak.”

 


07/09/19

PUNTU ITSUAK


Uda eta jaiak estreinatu berritan, gertatu dira, jada, gurean ere, hainbat sexu eraso eta gehiegikeria:
Hernanin, Arrasaten edota Txantrean, kasu. Eta horien aurrean, sexu gehiegikeria horiek ekidin asmoz, ohikoak izaten dira neskoi igorritako betiko mezu eta gomendioak: ez joateko bakarrik, ordu-txikitan ez ibiltzeko… Emakumeak biktima ez izateko gomendioak.

Baina, zergatik ez alderantziz? Nortzuek dute arazoa? Emakumeek edo erasoak burutzen dituztenek? Zergatik ez, sexu-erasotzaile ez izateko gomendio eta mezuak? Zergatik ez, sexu-erasoak nola ez burutu gomendatzen dituzten mezuak? Badirudi, gure egunerokoan parekidetasunerako nolabaiteko diskurtso bat dugula, pakto bat ezarrita, zeina “politikoki egokia” den plano batetan errespetatzen dugun. Baina badaudela testuinguru batzuk, non ulertzen den pakto horiek albo batera utz daitezkeela, badagoela “benetako zena” ateratzeko askatasuna edo permisibitatea. Beraz, esan genezake gure kontzientziatan badaudela zenbait “puntu itsu”.

Beraz, ezinbesteko dugu jaietako “puntu itsu” horiek azaleratzen lagunduko dizkiguten mezuak. Esatea, posible direla beste era batzuetako jaiak.  Ezbaian jarri behar ditugu, naturalizatuta ditugun jokaera horiek. Ezinbesteko ditugu sexu-erasoei Beldur Barik aurre egiten dioten ekimenak. Honen harira, hainbat herrietako jaietan, neska-mutilek, emakume-gizonek, eraso sexisten aurreko beraien gaitzespena adierazteko ekimenetan hartu dute parte..

Irunen, esaterako “Eraso sexisten aurrean, atera zure bibotea!” ekimena atera dute. Ekimenaren xedea da “…festetan sortzen diren indarkeriazko espazio inpuneak borrokatzea, barrearekin eta ironiarekin (…)barre egiten diogu emakumeak jaietan gozatu ezin dugula pentsatzen duenari, barre egiten diogu matxistari, arrazistari, homofoboari”. Horretarako, besteak beste, photocall antzeko bat antolatu dute jendeak bibotea jarrita argazkia atera eta eraso sexisten aurka daudela adierazteko.

 San Ferminetan ohikoak diren sexu-erasoen inpunitatearekin apurtzko Gora Iruñea herri-plataformak eta Eraso Sexisten aurkako Emakumeen Plataformak, elkarlanean, #zeroeraso  ekimena antolatu dute. Ekimen horretan, elkarte desberdinek hartu dute parte, eraso sexisten aurreko beraien jarrera aktiboa erakusteko. Eta horretaz gain, autodefentsa feministarako hainbat ikastaro antolatu dituzte  “…erasotzen gaituen orori aurre egiteko Autodefentsa Feministarekin. Preparatu egingo gara, gure arteko sareak ehunduko ditugu, elkartuta indartsuagoak garelako”

 

Eta zuen herrietan, antolatu al dituzue sexu-erasoen  inpunitatearekin, puntu itsuekin, hausteko ekimenik? Elkarbanatu gurekin! Elkarbanatu Beldur Barik Jarrera!!


07/09/19

LAINO GUZTIEN AZPITIK, SASI GUZTIEN GAINETIK

Jaiak eta ohiturak: aldaezinak?
Jaiak eta ohiturak: aldaezinak?

Atzo San Juan bezpera izan zen, usadioz eta kontu ugariz betetako eguna. Egun magikoa. Gure herrietako jai eta ospakizunak ohiturezjosiak daude, askotan zalantzan ere jartzen ez ditugunak: nondik datoz, zer esan nahi dute, nortzuk dira protagonistak? Zeren eta, jaiak baztertzaileak izan ohi dira. Mutil izateko modu batek dauka ahotsa, lekua, zentralitatea. Horrela erakusten digu 2013ko Beldur Barik lehiaketara aurkeztutako ikus-entzunezko honek. Genero arauek maskulinitateari ematen dioten boterearekin hausten dugunean, erasoak ohikoak dira. Eta heteroaraua hausten dugunean, oraindik ere, are gehiago.

Jaietan agresio homofoboak ere ugariak izaten dira. Eta, horrela gogorazten zigun Mikel Ayerbek 2012an uztarria.com-en idatzi zuen post-ean. Berak bizi izandako bi gertaerak kontatu nahi zituen salatzeko  jai giroan edota ohiko eguneroko bizitzan gure inguruan ohikoak izaten diren ‘mikro-homofobia’ ekintzak eta erasoak : “Gertaturikoa lagunei kontatzeko orduan, behin baino gehiagotan nik ere zalantza egin dut eraso hitza erabili edo ez, eraso hitza bortitzegia bailitzan. (…) Eraso hitza ekintza eufemismoarekin estaltzeak hori bera adierazten baitu, sarritan erasoak jasandakoan ere ez dugula nahi izaten kontuari hainbesteko garrantzia ematerik. (…)‘ Mikro-homofobia’ terminoa ‘mikro-matxismo’ terminoaren aldaera gisa erabili asmo dut, hain zuzen, emakumeek sarritan jasaten dituzten ekintza eta eraso matxista txiki baina errepikatuak izendatzeko terminoaren baliokide gisa. Jakina baita emakumeek maiz jasan behar izaten dituztela gertakizun, irain eta ekintza matxistak, sarritan oharkabean bada ere, eta, gainera, esan bezala, zenbaitentzako gertaerok “ez dira hainbesterako izaten”.

Zergatik eraso guzti hauek? Zergatik batzuen desfaseak dauka hainbesteko kabida jaietan? Ordua da jaien inguruan orokortuta dagoen kontzeptuarekin hausteko. Batzuen jaiak izatetik denon jaiak izateko. Gure sexualitatea nahi dugun bezala, nahi dugunarekin eta nahi dugun beste gozatu ahal izateko, erasoen beldurrik gabe. Gutxi batzuen tradizioekin hautsi, beste guztiak sartu ahal izateko. Normalitatearekin, betikoarekin hautsi behar dugu, nola edo hala, indarkeria justifikatu egiten dutelako.

Iturria: Zeatikezpa.org-tik hartutako bideoa

 

Laino guztien azpitik, sasi guztien gainetik… Hautsi dezagun genero eta heteroarauarekin, gure tabernatan eta plazetan!

Eta ospa dezagun Ekainak 28a, gay, lesbiana eta transexualen harrotasun eguna: sexu-aniztasuna eta identitate ezberdinen existentzia aldarrikatzeko eguna. Horretarako, hainbat ekintza antolatu dira gure hiriburu eta herrietan. Parte-hartu!!


07/09/19