Kategoria: Beldu Barik Jarrera

ABIAN DA BELDUR BARIK 2020 LEHIAKETA!

Beldur Barik Lehiaketa 2020

  • Emakundek bultzatuta eta euskal erakunde guztien laguntzarekin, 11 urtez gazteen artean errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentziorako jarrerak sustatzen daramatza Beldur Barik programak.
  • Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta programaren jarrera ikusarazten duten ikus-entzunezko lanak saritzen ditu.
  • Aurten sari-banaketa streaming bidez jarraitu ahal izango da beldurbarik.eus web gunean.

Gaur, irailak 14, Beldur Barik lehiaketaren 11. edizioari hasiera ematen zaio. Emakundek antolatzen du hamaika urtez martxan dagoen eta gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko asmoarekin egiten den lehiaketa hau, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDELen babesa eta beste erakunde batzuen laguntzarekin: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailaren Gazteria zuzendaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta EITB. Proiektua 2009an sortu zen Berdinsarearen baitan, Emakundek eta EUDELek bultzatzen duten berdintasunaren aldeko euskal udalen sarean, alegia.

Beldur Barik lehiaketa programaren ekintza nagusietako bat da. Aurtengo edizioa berezia izango da, koronabirusak markatuta datorrelako. Ezohiko egoera honek gazteengana iristeko sare sozialetan eta webgunean indar handia jartzea ekarri du. Hala, inoiz baino gehiago ikusi da Beldur Barik Jarrera edonon eta edozein egoeratan sustatu beharra dagoela. Horregatik, aurtengo lehiaketak hiru lelo ditu: “Nik, etxean eta kalean Beldur Barik Jarrera”, “Nik, bakarrik eta taldean Beldur Barik Jarrera” eta “Nik, gau eta egun Beldur Barik Jarrera”. Urte berezi honetan ematen ari diren egoera guztietan Beldur Barik jarrera bultzatzea da lema hauen helburua.

Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi behar dute; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin.

2020ko edizio honetan, iazkoarekin alderatuta, ikus-entzunezko lanak bakarrik aurkeztu ahal izango dira, eta bideoak aurkezteko epea irailaren 14tik azaroaren 5era bitartean zabalik egongo da. Parte-hartzeko hiru kategoria daude: lehen kategorian, 12-13 urte bitarteko parte-hartzaileak izango dira; bigarren kategorian, 14-18 urte bitartekoak; eta hirugarrenean, 19-26 urte bitarteko gazteak. Urtero bezala, lehiaketan taldeka edo bakarka parte hartu daiteke (ikastetxe batek, gela batek, elkarte batek, eta abarrek izena eman dezake).

Beldur Barik 2020 Lehiaketako Sariak

Sariak honako hauek izango dira: Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herri-bozkaketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Baita ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria emango zaizkio.

Aurten, lan sarituak 2020ko azaroaren 20an ezagutzera emango dira. Aurtengo sari-banaketara irabazleak eta sariak banatzeko ardura duten erakundeetako ordezkariak baino ez dira joango. Sari-banaketa www.beldurbarik.eus webgunean emango da zuzenean streaming bidez. Gainera, euskal artista ezberdinek sari-banaketa girotuko dute.

Ikus-entzunezko lan onenari saria Beldur Barik Jarrera! adierazteko kalitatezko komunikazio artistikoko baliabideak edota kodeak erabili dituen hiru kategorietako edozein lanari emango zaio. Parte-hartzeari saria, berriz, herri-bozketan boto gehien lortu dituen lanari emango zaio, Herri-bozketa azaroaren 11tik 13ra bitartean gauzatuko da, beldurbarik.eus web-gunearen bidez.

Beldur Barik Jarrera

Beldur Barik Lehiaketa ez da lehiaketa hutsa; izan ere, parte-hartzen duten proiektuek Beldur Barik jarrera islatu behar dute, kultura matxista eta indarkeria sexistaren formak eraldatzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa islatuz. Alde horretatik, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, bai eta hausnarketak eta eztabaidak sortzeko duen gaitasuna ere, nesken ahalduntzetik abiatuta, eta mutilek indarkeria matxista amaitzeko konpromisoa edo erantzukizuna hartzea.

Programari buruzko informazio guztia web gunean (www.beldurbarik.eus) zein sare sozialetan (FacebookTwitterInstagramSpotify eta Tiktok) aurki daiteke.


14/09/20

ETAPA BAT IXTEN DA BESTE BAT IREKITZEKO

Tira, tiraaaa, TIRA, Beldur Barikek etapa bat amaitu du eta beste bat datorrela.

Maiatzetik, asteartero gai desberdinei buruzko testuak argitaratzen ari gara eta voilá! Edukiak ixteko azken astea iritsi da.

Gure helburua zuekirakurtzeko testu asko izatea zen, mota askotariko edukiak, hurbileko esperientziak sentitzen diren horietakoak. Haurtzarotik zeharkatzen gaituzten errealitateak dira, eta nola edo hala guztioi gertatzen zaizkigu. Gainera, eduki honek guztiak balio dizue ideiak biltzeko, tttrrrr, danbor erredoblea, lehiaketarako!

Beraz, bizipenak partekatzea eta gure jendearen istorioetan islatuta sentitzea baino gauza hoberik ez dagoenez, konta iezaguzu zure bideoan eta aurkez zaitez film laburren lehiaketara!

Postaren bat irakurri gabe geratu bazinen, hauxe da maiatzetik irailera arte argitaratu ziren posten zerrenda osoa.

A, bide batez, datorren astean berri berriekin gatoz, ERNE!

GOZATU IRAKURKETAREKIN ETA ESAIGUZU, ZEREKIN IDENTIFIKATU ZARA GEHIEN?

Maiatzak 19: Irudi berria

Maiatzak 26: Beldur Barik Jarrera Konfinamenduan, Eztizen Agirresaroberen bideoa

Ekainak 2: Aniztasun sexuala eta Ligoteoa

Ekainak 9: Ligoteo Sano, YAS!

Ekainak 16: Yes, we fuck. Aniztasun funtzionala eta sexua

Ekainak 23: Mi Meta, Itziar eta Nahiaren bideoa

Ekainak 30: Ekainak 28, Harrotasunaren eguna

Uztailak 7: “Hilekoak min ematen dit”

Uztailak 14: Ondo maite

Uztailak 21: Beldur Barik Bikini Operazioa

Uztailak 28: BB Udako Kanpainia

Abuztuak 4: Batera Bikain, Tratu Onen Mapa

Abuztuak 11: Emagin, Autodefentsa feminista

Abuztuak 18: “Hazme un sandwich”

Abuztuak 25: Kattalin Izagirreren bideoa, emakume gor baten manifestua

iraila_etapa_bat_ixten_da_beste_bat_irekitzeko|Septiembre_Se_cierra_una_etapa_para_abrir_otra


01/09/20

Ezgaitasuna duen neska baten adierazpena

Kattalin Izagirreren manifestu bat da, emakume gorra, aktibista eta gizartearen aldaketan lanean, estereotipoak hausteko eta berdintasunezko begiradak lortzeko borrokan dabilena. Herritar guztiak gonbidatzen ditu pertsona eta mundu desberdinak ezagutzera. Errealitateak irekitzera eta beldurrik ez izatera.

 

 

 


14/08/20

“Egidazu sandwich bat”

Gamer batek idatzitako testua

Jokuen kulturan, inoiz diskriminazio-ekintzarik jasan edo ikusi ez duenak, online eta ezezagunekin jolastu ez duelako da. Online bideojokoena aparteko mundua da, legerik gabeko unibertso bat.

Batez ere talde-joko lehiakorretan, hala nola, CS:Go, Overwatch, Valorant edo League of Legends, batzuk aipatzearren. Erabiltzaile batzuk benetan toxikoak dira, imjina ezina da. Emakumea izanda ahots-txata erabiltzea probokazio bat dela dirudi: “Itzuli sukaldera”, “Egidazu sandwich bat”, “Baduzu senargairik?” Edo zuzenean “putak”, “Isildu hadi, guarra”, era guztietako sexu-intsinuazioak… Inor harritzen ez duten irainak dira.

Jolas horietako batean izan nuen azken esperientzian, ez nuen hitz egin beharrik ere izan. Lagun batekin jolasten nengoen, beste hiru talderen konra. Dena ondo zihoan haietako batek nire erabiltzaile-izenari erreparatu zion arte: “Badakit neska zarela”, dena esanda zegoen. Komentario matxistak egiten hasi ziren, baina batek badu esperientzia halako iruzkinen aurrean. Asertiboa izaten saiatu nintzen, eta ez entzuna egin nuen, “mutilak, goazen jolastera”. Ez zeuden gogoz, eta hurrengo fasera pasa behar izan nuen: erabiltzaileak isiltzera.

Oraindik ikus nitzakeen beraien pertsonaiak nire pantailara sartzen eta keinuka, baina benetan larritu nintzen nire lagunak haien kontra gogor egin zuenean. Ez dut inoiz ikusi haserre, ez dut jakin nahi zer nolako komentarioak egin zituen nik entzuten ez nuen bitartean. Hiru pertsona horien erantzuna? “SIMP”.

Simp modako memea da, emakume bat defendatu eta trukean onura sexualak lortzen dituen gizon otzan eta leloari esaten zaio. Emakume bat online defendatzera ausartzen den edozein gizoni izen ona kentzeko aitzakia da.

Horrelako jokoek zigortu egiten zaituzte partida amaitu aurretik taldea uzten baduzu, eta hori irabazi edo galtzeko baldintzatzaile izan daiteke kasu batzuetan. Nire lagunari ere isiltzeko eta jolasten jarraitzeko eskatu nion, beraz. Jakina, honek ezin zuen hor amaitu. Entzuten ez geniela konturatu zirenean, “Body-blocka”  egiten hasi ziren, beren pertsonaiak nirearen inguruan jarriz txanda bakoitzean, ni ez mugitzen uzteko. Nik ezin nuela jokatzen jarraitu erabaki zuten. Partida galdu genuen, baina hori gutxienekoa izan zen. Jokatzeko gogoa ere galdu genuen, beraz, haiek irabazi zuten.

Sare sozialetan bezala, pertsona horiek anonimotasunean eta momentuko iheskortasunean oinarritzen dira, toxikoak eta matxistak dira, “trollatzen ari dira”. Eta ez dago aitzakiarik.

Autodefentsa_femini

Beti aurkituko duzu jarrera horiek defendatzen dituen norbait: “Gizonak ere zirikatzen dituzte”, besobakar, gaizto, jolasten ez dakitela esaten diete. Dena den, komentario hauetan eta besteetan ezberdintasunik ikusten ez baduzu, arazoaren parte zara.

Eta, jakina, badago biktimari errua botatzen dionik ere: “Baina nola bururatzen zaizu modu irekian hitz egitea? Badakizu zer gertatuko den! “,” abatarra eta nick-a aldatu beharko zenituzke, neska zarela igartzen baita “. Horrela ez gaituzte babesten, ikusezin bihurtzen gaituzte.

Emakume gisa izan dudan esperientzietako bat besterik ez da hau, baina denetarik ikusi dut. Emakumeen, transexualen, homosexualen, hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonen eta haurren aurka. Diskriminazioa eta indarkeria matxista gai-zerrendan dago online munduan ere.

Defenda zaitezke. Zure aliatuak isiltzeko eta erabiltzailea salatzeko botoiak daude. Lagun artean jokatzen baduzu, anima zaitezte ere salatzera. Eta baliabideak baldin badituzu, grabatu erasoak, erakutsi sare sozialetan, etiketatu jokoa eta konpainia arduraduna. Asko dira, eta gero eta gehiago, jarrera horiengatik etengabe baneatutako erabiltzaileen kasuak. Baina ez dira nahikoak gure helburua bete arte: toxikoak eta matxistak ez diren eta diskriminaziorik ez duten komunitateak lortzea.

GAI HONETAN SAKONTZEKO

Valorant ya tiene un gran problema de sexismo y Riot Games busca cómo solucionarlo

Quién era Maria «Remilia» Creveling de League of Legends

La homofobia, el machismo y la misoginia: una lacra para los esports y los videojuegos

A fregar


20/08/20

AUTODEFENTSA FEMINISTA: BELDURREI AURRE EGITEKO LANABES KOLEKTIBOA

EMAGINek idatzitako testua

Gaua. Beldurra. Kalea. Bakarrik. Beldurra. Ezezaguna. Beldurra. Horixe da indarkeria matxistaren inguruan askok dugun iruditeria. Horrenbestez, Beldur Barik programak izenburu hori izatea ez da kasualitatea. Urteak darama Euskal Herriko Mugimendu Feminista esaten neska* eta emakume* gisa izendatu eta sozializatu garenok beldurrean heziak izan garela. Beldurrak emakumeon gorputzak eta bizitzak kontrolatzeko eta menperatzeko balio du. Hau da, txiki txikitatik harreman sozialetan zein espazio publikoaren erabileran kontuz ibiltzeko eskatzen zaigu, eta horrek gure buruak momentuoro babestu behar ditugula pentsatzera garamatza. Ondorioz, gure mugimenduak mugatzen ditugu, oztopoak antzematen ditugu bizitza sozialean parte hartzeko, beste pertsonekiko dependentzia harremanak garatzen ditugu, ez dugu geure buruengan konfiantzarik, ezezagunekiko mesfidantza dugu, erru sentimendu etengabea dugu gertakari desatsegin baten aurrean eta gure bizi esperientziari ez diogu zilegitasun nahikorik ematen. Ahulak garela eta arrisku etengabean gaudela sinesten dugu, eta gure inguruan ditugun instituzio, komunikabide zein inguru sozialek beste norbaiten babesa behar dugula adierazten digute. 

Ez zaigu ezetz esaten irakatsi.

Gertatu al zaizu inoiz norbaitekin gustura eta goxo-goxo egon, ligatzen, baina une batean, gehiago jarraitu nahi ez izan eta errudun sentitzea, ez oheratzeagatik? Eginez gero, noren desioa gailentzen da? Noren nahia bortxatu? Ezetz esatea, bestearen beharrak ez asetzea eta adeitsua ez izatea da, irentsi ditugun feminitatearen arauen kontra doa, baina emakumeok gure beharrak ditugu, gure nahiak eta gure eskubideak. Eta horiek defendatzen ikastea da Autodefentsa Feminista. 

Bakarrik ezin dut, lagunekin bai!

Argi dago: Autodefentsa feminista eta ahalduntze prozesuak ezinbestean kolektiboak behar dute izan. Beste emakumeen bizipenak entzuteak ispilu egiten dio norberari eta gertatzen zaigun hori ulertzeko eta izendatzeko balio izan digu. Ez gaude ero, ez  histerika, ez da gure errua, ez da naturala eta ez dugu zertan normalizatu behar. 

Sistema patriarkalak neskon arteko lehiakortasuna bilatzen du. Kritikatu izan dugu ondokoa bere janzkerarengatik, makillatuegia joateagatik edo lizuna izateagatik. Autodefentsa feministak hori guztia deseraikitzeko begirada ere ematen digu. Ez gara aske izango emakumeon arteko ahizpatasunik eta elkartasun-sarerik gabe. Elkarrekin indartsuagoak gara, armatu gaitezen feminismoz eta ekin diezaiogun autodefentsa feministari! 

Beldurrak gurekin jai! 

Autodefentsa feminista

Artikulu osoa irakurtzeko: Autodefentsa feminista


11/08/20

BASAURIKO TRATU ONEN MAPA

Gazte basauriarrak Tratu Onen Mapa eratzeko lanean hasi dira. Ezagutzen al duzu? Basauriko Marienea emakumeen etxeko Batera Bikain programak aurrera atera duen proiektua da.

Herri honetako emakumeek aurretik bi mapa egin dituzte. 2002.urtean Basauriko Hiria Kolektiboak neska gazte talde batzuekin batera “Emakumeentzako Hiri Debekatuaren Mapa” sortu zuen, eta bertan identifikatu zituzten, herritik zehar ibiltzerakoan, bereziki gauez, beldurra sentitzen zuten lekuak. 2011.urtean, Zaida Fernándezek “Mapa de las Huellas de las mujeres en Basauri” lanarekin herriko emakumeen memoria kolektiboa berreskuratu eta ikusarazi zuen.  Hamarkada baten ostean, hirugarren mapa honen helburua herriko pertsona guztiak eroso, seguru eta aske sentitzen diren espazioen sarea sortzea da.

Gustatuko litzaizuke parte-hartzea? 

Gazteen esku dago mapa hau pixkanaka osatzen joatea. Kalean daudenean konfiantza ematen dien espazio seguruak identifikatuko dituzte. Beraz, espazio seguruak, feministak, LGBTIQ+ guneak…  batuko ditu mapak. Giza eskubideak eta aniztasuna errespetatzen duten lekuak egongo dira bertan.

Beraz, Basaurikoa bazara, edo bertako gazteak ezagutzen badituzu, helarazi iezaiezu ekimen hau, ez daitezela proiektu honetan parte hartu gabe geratu!

Klikatu hemen nola parte hartu jakiteko, oso erraza da eta hau martxan dago!

Gora Basauri!

TRATU ONEN MAPAN EGOTEKO BETE BEHARREKO IRIZPIDEAK:

  1. Zu zeu zarena izateko eskubidea duzula sentitzen duzu. Berdin du zein den zure orientazio eta identitate sexuala, etnia, adina, interes politiko eta erlijiosoak.
  2. Edozein egoera edota edozer gauza bizi arren, espazio honetara laguntza eske jo dezakezu.
  3. Zu zeu izan zaitezke! Ez duzu zure jarrera aldatu behar eroso sentitzeko.
  4. Giza eskubideak defendatzen dira. Munduko edozein tokitako pertsonak izateagatik guztiok merezi ditugun eskubide unibertsal horiek defendatzen dira.
  5. Inklusioa benetakoa eta kontzientea da. Pertsonen aniztasuna errespetatzen da eta balioa ematen zaio. Adin desberdinak, larruazalaren kolorea, jatorriak, sexualitateak ondo hartzen dira.
  6. Kokapen egonkorra du.
  7. Aniztasun Funtzionala eta organikoa duten pertsonentzat egokituta dago, hala nola bainugela egokituak, arrapala sarreran, zeinu-hizkuntza itzultzea, itsuentzako irakurketa-idazketa, etab.
  8. Espazio segurua eta konfiantzazkoa izatea sustatzen da, herritarrak eroso, seguru eta aske sentitzea du xede.
  9. Herriko beste espazio batzuekin aliantzak sortzen dituen eta sare komunitarioa sortzea bilatzen duen espazioa da.
  10. Matxismorik gabeko espazioa da.
  11. Borroka feminista aldarrikatzen duen espazioa da.

Zure Herrian Basuri | Tu Pueblo Basauri


05/08/20

BELDUR BARIK UDA 2020

Iepa, gazteak!

Aurtengo uda berezi honetan eraso sexisten kontrako ekintzak aurrera eraman nahi ditugu, topera, aske bizi eta sentitzea merezi dugulako.

Jakin badakigu lan hau guztiona dela, gure egunerokotasunean indarkeria sexista oraindik gogor jotzen duela eta eraso sexistak prebenitzea herritarren kezka da, oro har, eta, jakina, baita gazteon erantzukizuna ere. Erasoak prebenitzea, antzematea  eta aurre egitea guztion esku dago..

Horregatik, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrerak sustatzeko, udalen eskura jarri dugu  Beldur Barik Uda 2020 sentsibilizazio-kanpainako kartela, Udal bakoitzaren logoarekin pertsonalizatu daitekeena.

Eraso sexistarik gabeko uda | Un verano libre de agresiones sexistas

Aurten Eraso Sexisten Kontrako Gida berritu dugu, eta hementxe duzue online begirada bat botatzeko: Eraso Sexistarik gabeko Egunak eta Gauak.

Gida pedagogikoa. Eraso sexista gabeko egunak eta gauak

 

#BeldurBarikChallenge bat antolatu dugu ere sareei su emateko! Nahiz eta aurten herri askotan jaiak ospatu ez, kalera irten eta ondo pasatzen jarraitu nahi dugu. Beti Beldur Barik jarrerarekin! Horregatik, Kai Nakai artistak #BeldurBarikJarrera duen dantza sortu du ‘Kolpe’ kantuarekin. 

Zer egin behar duzue?
Kai Nakairen pauso hauek dantzatzen grabatu behar duzute zuen burua, bakarrik edo taldean.  Ostean, zuen sare sozialetara igo behar duzute #BeldurBarikChallenge hashtag-a erabiliz.
Gure Instagram eta Tiktok sareetan aurkituko duzue koreografia osoa. 

Mugitu gorputza Beldur Barik Jarrerarekin!

Beldur Barik Challenge.Actitud Beldur Barik bailando | Beldur Barik Challenge. Beldur Barik Jarrera dantzan


28/07/20

BIKINI BELDUR BARIK OPERAZIOA

Udaberri osoa konfinatuta egon gara, ez ditugu gure lagunak ikusi, munduko pandemia baten parte izan gara eta… etengabe entzun ditugu egoera horren ondorio larriak: GIZENDUKO GARA!

Alde batetik, konfinamenduaren aurreko (argalak) eta ondorengo irudiak (lodiak), gorputz potolen bideoak… elkar partekatu ditugu. Horrez gain, influencer batzuk barkamena eskatu dute aurten “bikini-gorputzarik izango ez dutelako”…

Eta orain, uda heldu da, hondartzan lagunekin bainatu gaitezke, crush hori berriro ikusiko dugu… dietei buruzko iragarkiak ikusten hasi gara, gosea kentzeko pastillak,  eta  hori gutxi balitz, zure ama eta zure lagunak dietan hasi dira. Argh! 24 ordu horrekin!

Urtero berdin gaude, baina zergatik ematen du neskek beti “perfektu” egon behar dugula? Besteei bizitza/bista alaitzeko jaio al gara? Eta zer da “apaindu” behar izate hori? Zikin al gaude? ‘Hautsita’ al gaude?

Ziur mutilei entzun diezula ikaskideren baten gorputzari buruzko aipamenak egiten (objektu bat balitz bezala). Askotan guk geuk ere beste nesken gorputzei buruzko kritikak egiten ditugu, gure artean txikikeriaren bat dagoenean. Egunero, gure gorputza nola aldatu esaten diguten mezu pila bat jasotzen ditugu, presio estetikoa izugarria da, eta normala da gure artean alderatzea, gure influencer gogokoenen argazkiak ikustean gure autoestima jeistea edo gure gorputza ez dela behar bezain polita edo desiragarria birplanteatzea.

Normalean, gorputz perfektua irudikatzen dugunean, edertasun oso konkretua irudikatzen dugu. Emakume gazteak, zuriak, dibertsitate funtzionalik gabeak, brontzeatuak, altuak (baina ezta ere gehiegi), gehienetan ilehoriak, oso argalak, baina aldi berean ipurdia, titiak handiak dituzrela, eta abar luze bat. “Eta ni nolakoa naiz?” galdetzen diogu feure buruari.

Zer gertatzen da gure gorputza iragarkietan edo sare sozialetan agertzen denarena bezalakoa ez bada? Zer gertatzen da ‘moldeak hausten’ baditu?

Gorputz guztiak dira politak eta desiragarriak, izan ere, gustuak mota askotakoak dira! Utz diezaiogun estereotipoak erreproduzitzeari eta utzi gorputzak taburik gabe bizitzen!

Gozatu zeure gorputzaz, jantzi nahi duzun bezala, mugitu bootya eta dantzatzera! Zuk markatu zeure arauak! Eta gogoan izan zure gorputza estetika baino askoz gehiago dela, egunero zutik mantentzen zaituena dela, mendi batera igotzen zaituena, eguzkiaren beroaz eta itsasoaren lasaitasunaz gozatzen duena.

Estereotipoekin hautsi eta Beldur Barik bizitzaz gozatu nahi dugulako…

Operación Bikini Beldur Barik. Rompe con los estereotipos y a disfrutar. | Bikini operazioa Beldur Barik. Hautsi estereotipoekin eta gozatu.

Hautsi ditzagun moldeak!

  • Utz diezaiogun gure edo besteen gorputzak erasotzeari eta zigortzeari.
  • Ez egin zure gorputzari buruzko komentario iraingarririk. Zure gorputzaz gaizki hitz egiteak boomerang efektua du, eta zure inguruko pertsonengan segurtasunik eza eragin dezake.
  • Defendatu zure lagunak mutilek haiei buruz objektu gisa hitz egiten dutenean.
  • Bikini edo hondartzako gorpuak defendatu. Bikinirik baduzu? Hondartzara zoaz? Hortaz, baduzu hondartzako gorputz bat!

Neurri, forma eta kolore guztietan gatozelako, eta denak berdinak izango bagina bizitza oso aspergarria izango litzatekeelako! Imajinatzen duzu denok molde beretik aterako bagina? Kopia berdinak bata bestearen atzetik?

Udako tip-ak!

  • Nahi duzulako egin kirola, eta ez gizentzeko beldurrez zaudelako! Gozatu endorfinen txutea, eta ez erre den kaloria kopurua.
  • Zaindu zeure burua barrutik eta kanpotik. Saihestu gosea pasarazten dizuten eta debekatutako janariak ezartzen dizkizuten dietak. Izan zaitez fidel zure beharrekin eta ez ezarritako arauekin, inork ez du zure gorputza zuk baino hobeto ezagutzen! Ulertu zer sentitzen duzun ondoen, fisikoki eta mentalki.
  • Identifikatu zure gorputzari egiten dizkiozun kritikak eta gainerakoekin egiten dituzunak. Zergatik kritikatzen dugu gure gorputza edo gainerakoena? Zer adierazi nahi dugu?
  • Zeuren buruarekin konplexuren bat duzula nabaritzen duzuenean eta eguna tristetzen ari bazaitu horrek: Idatzi nola sentitzen zaren. Zergatik sentitzen zara horrela? Zergatik etorri zaizkigu burura pentsamendu horiek?
  • Eta gogoan izan beti: merezi duzula maitatua eta desiratua izatea.

“Normaltasun berri bat” nahi dugulako, iraganeko araurik gabe, denok sartzen garen normaltasun berri bat.

Aurten Bikini Beldur Barik operazioa!  

GAI HONETAN SAKONTZEKO:


28/07/20

ONDO MAITE

“Nik esaten dizudana da ondo maitatu behar zaituztela, ez asko edo gutxi“, esan zidan amak maitemintze horiekin hasi nintzenean.

Asko gustatzen zitzaidan nire klaseko edo ostiraletan kantxa berean entrenatzen zuen beste talde bateko norbaitekin amets egitea. Goizero irribarre batekin jaikitzea lortzen zuen pertsona berezi harengan pentsatzen eman nahi nituen orduak. Norbaitekin maitemintzen nintzenean sentitzen nuen nerbioei buruz hitz egitea gustatzen zitzaidan. Egia da, halaber, bi astero pertsona ezberdin batekin maitemintzen nintzela eroki, nigan interesik ez zutela ikusi orduko, pertsonaz aldatzen nuen.

Baina, lagun, gaizki pasatzen nuen. Orduan hasi zen ama moskeatzen, maitasun erromantikoa oso lotuta baitago mina erromantizatzearekin, eta horrek ezin du horrela izan.

Pentsamenduak lausotzen zitzaizkidan. Harreman horietan joaten zitzaizkidan indar guztiak, pentsatzen nuen agian neu nintzela gertatzen zitzaizkigun gauza txarrak aldatzeko arduraduna, norbait zoriontsu izan zitekeela nire ondoan. Nire lagunek egun bat gehiago pasa zezaketela ni ikusi gabe. Nire ikasketak ez zirela hain garrantzitsuak.

Harremanak guztiaren gainetik jartzen nituen. Esku artetik ihes egiten zitzaidan kontua.

Hori diot, azterketen gainditzeak eta suspentsoak, laneko akatsak eta asmatzeak oso lotuta egon baitira nire maitemintzeekin.

Eta horrek ezin zuen horrela jarraitu. Amak oso ondo esan zidanez, ondo maitatu behar gaituzte eta ondo maite behar dugu jendea eta baita geure burua.

Pixkanaka ikasi dut zer den harreman osasuntsua izatea. Ezer aldatzen saiatu gabe, dena da erraza pertsonek ondo elkar maite dutenean. Horrek harreman afektibo guztietarako balio du; familia, lagunak, animaliak…

Aprendamos a diferenciar el querer bien del amor romántico tóxico. Actitud Beldur Barik 2020.

Batez ere, neure burua zaintzen ikasi dut. Neure buruaren gainetik ezer ez dagoela ikasi dut.

Orain badakit nire lagunak nire lorategiko babeslekua direla, ureztatu eta zaindu behar dudan lorategia, loreak indartsu hazten jarrai dezaten.

Jada, ez dut uste nire jendeak dena jasan dezakeenik, ez.

Maitemintzen jarraituko dut, baina modu egokian. Pelikuletan erakutsi diguten maitasun erromantiko toxiko horretatik bereiziko dut, modu kontzientean egiteko, nire bikotekideak eta bidaia-lagunak zainduz.

Has gaitezen behingoz ondo maitatzen!

Eskerrik asko ama!

 

IRAKURKETA INTERESGARRIAK:

Maitasun erromantikoaren mitoak.

Genero indarkeria eta maitasun erromantikoa.

 

BIDEO INTERESGARRIAK:

Eneko Sagardoy: Laranja osoa.

Nola maite behar dugu feministok? 

 


13/07/20

“HILEKOAK MIN EMATEN DIT”

Mina, deserosotasuna, mina, usaina, mina, ondoeza, deserosotasuna, mina, “buffff-a”, mina…

Horiexek izan dira 30 urtetik beherako hogei bat neskari burura etorri zaizkien lehen hitzak, hilekoa entzutean. Beno, “zikloren” bat eta “ilargiren” bat ere aipatu dira (itxaropena badagoela dirudi).

Ez al da bitxia hilekoa dugun pertsonok hilero behin, gutxi gorabehera, hainbeste gogaitzen gaituen gertaera fisiko hau izatea, eta hain lasai egotea?

Ei! hilean behin hileko aaaaaasko dira gure bizitzan zehar (450 inguru).

Nolatan ez gara ari zerua eta lurra mugitzen horri irtenbidea bilatzeko????

Ba, ibuprofenoak hartu eta ez dugu oso ozen hitz egiten, ez gara kexatiegiak izango. Ez da ahultasuna erakusteko momentua. Egokitu zaiguna da, eta kitto. Guztiarekin Aurrera egin dezakegu. Show must go on.

Gainera, horretaz ez da hitz egiten. Ez behintzat naturaltasun handiz. Tanpoi eta konpresen lau iragarkik, benetako esperientzietatik abiatu beharrean, hodei eta likido urdinezko mundu bat saltzen digute, eta usainik ez hartzea eta ia ez nabaritzea lor dezakegula espero dugu. Ez ikusiarena egin.

Eta horrela, komunera joateko poltsatik ateratzen dugun konpresa asko ikus ez dadin ahalegintzen gara, kontu handiz ibiltzen gara galtzak ez zikintzeko, eta hobe dugu etxean geratzea hilekoa jaisten zaigun egun horretan, “bola zomorroa” bagina, ez gaitezen koadrilanfestaren tristura izan.

Eta, jakina, barre egiten jarraitzen dute lagun arteab baten batek esaten duenean: “joe, aizu, badirudi hilekoa duzula”. “Hori nesken kontua da”.

Ba, begira, esaldi hauek guztiak patriarkatuaren gauzak dira.

Gizarte honetan oraindik ere, emakumeon gorputzekin zerikusia daukan guztia ikusezin edo negatibotzat hartzen da, eta emakumeok gaizki badaramagu asuntoa, gure arazoa dela sinestarazten digute.

Ba aizu, ba al dakizu zer?

EZ, EZ DA NORMALA MIN EMATEA ETA HAINBESTE MOLESTATZEA.

EZ DA NORMALA GURE GORPUTZEI BURUZ HAIN GUTXI JAKITEA

EZ DA NORMALA HILEKOA EXISTITUKO EZ BALITZ BEZALA EGITEA.

Zer iruditzen zaizu horri buelta bat ematen saiatzen bagara? Elkarrekin, noski. Hona hemen hiru gako:

1. EZ DA HILEROKOA, ZIKLO BAT DA.

Batzuek esaten zuten bezala, hilerokoak, ilargiak bezalaxe, “zikloekin” zerikusia du.

Ez dugu soilik X egunetik behin odolusten (psssss ez dira beti 28 egun izaten!), baizik eta hainbat fasetatik igarotzen gara: hilekoa, aurreobulazioa, obulazioa eta hilero-aurrekoa.

Pixka bat gehiago jakiteko:

La Regla, la píldora y otras cosas que no nos han contado. Psico Woman con Enriqueta Barranco.

Espacio de desaprendizaje. Iratxe Gil. Psicóloga, sexóloga y educadora menstrual.

Menstruar consciente. ¿Qué aporta conocerse? Pikara Magazine.

Las reglas sagradas. Psico Woman | VERNE.

Gai honetan sakontzeko:

Ikusi ‘Monthlies’ Diana Fabianovaren dokumentala, 2016 (nerabeentzako)

Ikusi “La luna en ti”, Diana Fabianovaren dokumentala (2010)

Erika Irusta, hilekoaren pedagogoa:

2. KOPA EZAGUTZEN AL DUZU?

Hilekoarentzako kopa edo baginakoa deritzona, konpresak eta tanpoiak baino aukera osasungarriagoa, ekologikoagoa eta merkeagoa da.

Gainera, gure gorputzarekin kontaktuago egoteko tresna bat ere bada: ikusi, usaindu, ukitu dezakezu.

Pixka bat gehiago jakiteko: La copa menstrual | Psico Woman.

 3. AUKERATZEKO INFORMAZIOA. AHALDUNTZEKO AUKERATZEA!!!

Hitz egin dezagun hilekoari buruz, partekatu ditzagun esperientziak eta informazioa.

Nire hilekoa, gure gorputzarekin kontaktuan.


07/07/20
  • 1
  • 2
  • 8