Boterezko harremanak dira bullying-aren oinarria

Pasa den post-etan normaltasunari buruz hitzegin dugu, baita ere pertsona batzuek duten “mania” ikusarasteko beraiek dituzten harreman eredu eta jokatzeko moduak egokiak direla eta zureak ez. Nor da inor zuri esateko egiten duzuna, zure identitate sexuala, zure generoa.. egokia ez denik?

Nolako harremanak sortzen ditugu gure artean? Nork hartzen du boterea, nola ematen diogu boterea pertsona bat edota batzuei talde batean gaudenean? Zergaitik? Nork erabakitzen du zein izango den gure ardura talde batean? Gu al gara? Aurreko post-ean genion bezala, azkenean uzten digutena gara askotan. Horretan gelditu behar al gara?

Begiratu zure ingurura, nola ezartzen eta eraikitzen dira gure harremanak? Nork esan du aurrean dugun tipa edo tipoak esandako guztiei jaramon egin behar diogula txintik esan gabe? Nola hartzen du boterea pertsona horrek? Azkenean ingurukoak ez al diogu utzi ere ez dugulako hitzegin edo erantzun eraso bat egon denean? Eta ez du zertan eraso fisiko bat izan beharrik. Norbaitek txantxak egiten dituenean norbaiten portaera, irudi fisiko, identitate sexuala, ezgaitasun baten inguruan… eta hortxe dago talde guztia lurrera begira… Konplize izateari utzi behar diogu! Erasoen aurrean erantzun bat eman behar dugu! Erantzun kolektibo bat! Ez ditugula eraso gehiago jasango, etortzen diren lekutik! Akabo! Ezberdina denari erasoa beldur hutsa delako. Desberdintasunari beldur hutsa.

Eta desberdintasunari beldur hori askotan ez da bakarrik ematen besteengan. Batzutan norberaren baitan ere aurkitu dezakegu. Kanpotik etortzen da, gure barneetan sartu eta han bereak egiteari ekiten dio. Guk nahi duguna gure lagunekin egotea da, gure lagunak gu maitatzea, gurekin egon nahi izatea, gure burua aintzat hartzea… eta bapatean, neska izanda, neskak atsegin ditugulako, edota mutila izanda mutilak atsegin ditugulako, edota gure generoarekin ez dugulako bat egiten… boom! Gure barnean beldur hori ezartzen da. Beraiek bezalakoa ez banaiz gustokoa izango naute? Neska izanda, nesken gauzak egiten ez baditut… whatsapp taldean bromak egingo dituzte? Marimutila izango da nire ezizena? Gelan nire alboan eseritzen den mutila gustatzen bazait… ez naiz nire gelako mutilak bezalakoa… beraiek nesken gorputzen inguruko txisteak eta bromak egiten dituzte… desberdin sentitzen banaiz… zer gertatu daiteke? Desberdina banaiz… nola jarraitu beraiek ere egiten dutena?

Eta argi izan behar dugu hurrengo guztia…

  • norbaiti “zuk ez dakizu” esaten diogunean…
  • norbaiti “zelako ilea, mutila ematen duzu” edo “neska ematen duzu” esaten diogunean….
  • norbaiti “zelako piura, normala bakarik egotea” esaten diogunean….
  • norbaiti, harean “hobebeharrez” nahi ez duen zerbait egitera bultzatzen diogunean…
  • norbaiti lodia, argala, “tabla”… deitzen diogunean…
  • norbaiti maritxu edo marimutila esaten diogunean…
  • norbaiten izenaren inguruan bromak egiten ditugunean….
  • Norbaiteri “zuk ez, zurekin ez…” esaten diogunean..
  • Norbaiten jaioterriari edo kulturari buruzko bromak egiten diogunean….

GUZTI HAU BULLLYINGa da! Guzti hau botere harremanak dira! Pertsona bat beste baten gainean dagoela pentsatzen duelako… bakarrik desberdina delako… esan dugun bezala, desberdintasun horri beldur hutsa delako. Eta inguruan dauden pertsona guztiek, beraien isiltasunarekin konplize bihurtzen dira.

Harremanak horrela sortu nahi ditugu? Nola eraiki nahi ditugu gure harremanak? Besteen gainetik, besteen menpean ala maila berdinean?

Pasa den astean ingurunean gotorleku bilakatzearen garrantziaz aritu ginen. Gotorleku bilakatu ditzagun gure inguruneak, sororitate eta elkartasun sareak sustatuz, aliantza berriak eraiki behar ditugu desberdintasun eta desorekak sortzen dituzten botere harreman hoiek deuseztatzeko!

Zure Jarrera eta portaerak berrikuzi! Beldur Barik Jarrera praktikan jarri!