BILGUNE FEMINISTAREKIN SOLASEAN, AUTODEFENTSA FEMINISTAREN INGURUAN

Ekainan, ligatzearen eta ez ligatzearen harira,  jai giroan hain ohikoak izaten diren indarkeria sexistaren adierazpenen inguruan hitz egin dugu. Gaian gehiago sakontzeko asmoz, Saioa Iraola, Bilgune Feministako kidea elkarrizketatu dugu, emakumeon autodefentsa ikuspegi feministatik jorratzen egiten duten lanagatik. Izan ere, hainbat tailer burutzen eta baliabide landu dituzte gai honen inguruan. Hori guztia izan dugu hizpide. Elkarrizketa osorik irakurtzeko aukera izateaz gain, bideo-laburpen bat ere baduzue.

ZER DA BILGUNE FEMINISTA?

«Bilgune Feminista Euskal Herri mailako erakundea da, orain dela 12 urte sortutakoa. Nolabait, tradizio feministaren, euskal feminismoaren oinordekoak garela. Gure jarduna, Euskal Herrian kokatzen da eta gure helburua da Euskal Herri feminista eraikitzea. Hasieran, emakumeon egoera zein den aztertzeko egindako diagnostikotik ikusi ahal izan genuen, patriarkatua jendartearen esparru desberdinetan egituratzen den bezalaxe, berari aurre egiteko, gure jarduna ere esparru desberdinetakoa izan behar dela: komunikabideak, kultura, instituzio politikoak, sozioekonomia, indarkeria sexista eta hezkuntza. Eta bakoitzean,  norabide eta lanketa desberdinak antolatu dira, ildoak, alegia. Indarkeria sexistaren arloan, esaterako, autodefentsa feminista lantzen dugu”

ZERGATIK GERTATZEN DIRA ERASO SEXISTAK JAIETAN?

«Jaiak badira eduki sinboliko handia biltzen duten kultur adierazpena, errealitatearen adierazpena. Gure egunerokotasunaren parte diren errealitate batzuk dira. Baina errealitatearen modu kondentsatu bat zeinetan erritoak, ohiturak, tradizioak, euforia… Nolabait emozio desberdinak batzen dira. Eta emozio eta errealitate guzti hoiek ere, gure jendarte patriarkal eta kapitalista honetan lantzen eta erreproduzitzen diren ideiak, erritoak, errealitateak ere badira.  Eta eskubide urraketa ere ematen da jaietan. Arlo desberdinetan ikusi edo aztertu genezake nola ematen den indarkeria sexista jaietan . Festak gure herrietan hasi berri dira eta ia badaude salaketak, eraso sexista desberdinak ematen dira eta hoien salaketak jaso ditugu. Arrasaten, Txantrean…

Indarkeria sexistari dagokionez, Bilgune sortzen denetik, egiten da lanketa bat da. Batetik, indarkeria sexista zer den ezaugarritzeko eta adierazteko . Zeren eta, egia da, askotan, zailtasunak daudela eraso bat zer den identifikatzeko . Eraso bat bada irain bat, begirada zikin bat, piropo zikin bat… Baina bada ere, zerbait fisikoagoa izan ahal dena: eraso fisiko bat, zaplasteko bat edo ipurdian jotzea. Eraso sexisten ezaugarritzea bada garrantzitsua, baita jaietan ere»

ZERGATIK AUTODEFENTSA FEMINISTA?

«Gure apustua, 3-4 urte batzuetatik hona izan da… Eraso sexisten salaketa garrantzitsua da, instituzioei neurri eraginkorrak eskatzea garrantzitsua da, prebentzioa lantzea erem garrantzitsua da: prebentzio eta sentsibilizazio kanpainak aurrera eramatea… Baina garrantzitsua da ere, emakumeokin lanketa bat egitea. Erasoen aurrean defenda gaitezkeela sinisteko, gure buruek sinisteko. Ahalduntze prozesu bat emateko ere, eta nolabait, erasoak identifikatzeko ere. Izan ere, gazteekin lanean, askotan kostatu egiten da identifikatzea begirada bat, beharbada, eraso bat dela. Edo leku baten ez garela eroso sentitzen, seguru sentitzen eta ea zergatik ez dugun sentitzen leku seguru bat dela. Guk lanketa guzti horiek egiten ditugu autodefentsa feministaren bitartez»

ZER DA, BERAZ?

«Guk autodefentsa feminista ulertzen dugu dela jarrera bat, errealitateri aurre egiteko jarrera bat. Baita ahalduntze prozesu bat ere, zeina hasten den norberak indibidualki egiten duen lanketa batetatik eta lan hori kolektibizatzetik. Hau da, eraso bat zer den edo ez den, beldurra nola kudeatzen den. Hau da, txikitatik emakumeoi hezten gaituzte esanez: kontuz gauean, kontuz kale horretatik … Eta nolabait mezu guzti horiek beldurra indartzen dute gugan»

EMAKUMEOI, ETENGABE, BELDURRAREN MEZUAK IGORTZEN DIZKIGUTE…

«Beldurra emozio bat da baina etengabe sentiarazten digute eta askotan identifikatu gabe, beldur horri aurre egiteko zer egin genezakeen. Zeren eta, beldurra emozio bat den neurrian, horren kontzientzia hartu beharra daukagu baina sozializatu egin beharra dugu. Hau da, egoera askotan beldurra sentitzen dugula, emakumeon artean baina baita ere, beldur hori kanalizatzen.

Beldurrari aurre egin behar diogu, zeren eta, beldurraren blokeoak ekarri dezake izua eta ez erreakzionatzeko edo blokeatzeko aukera hori. Eta hori gertatu ez dadin , erreminta batzuk behar ditugu, bitartekoak. Baina lehenengo kontzientzia hori hartu beharra dugu, eta sozializatu egin behar dugu beldur hori sentitu egiten dugula»

NOLA PROPOSATZEN DUZUE LANTZEA AUTODEFENTSA FEMINISTA?

"Beldurrak gurekin jai, ekin autodefentsa feministari" txostena

«Bilgunen lan-talde bat dago autodefentsa feministaren inguruan eta urteetan egon diren ekarpenak, jakintza guzti horiek bildu, eztabaidatu eta euskarazko bitarteko bat sortu du “Beldurrak gurekin jai. Ekin autodefentsa feministari”. Hemendik , nolabait, patriarkatuaren deseraikitze bat egiten da. Hau da, zer da patriarkatua, nola egituratzen den, ze lotura dituen gure jendartearekin, emakumeen eskubide urraketarekin. Eta bigarren atal bat bada emozioen ingurukoa, beldurraren sozializazioa, kontzientziazioa, kudeaketa. Autoestimaren ingurukoa. Zeren eta emakumeok gure autoestima lantzea, ezinbestekoa da, beharrezkoa jarrera autonomo bat, ziur bat izateko. Azkenean, txikitatik jasotzen ditugun mezu desberdinek irudi estetikoaren inguruan, sexualitatearen inguruan zer-nolako jarrera edo papera izan behar dugun emakumeok. Espazio publikoan eta espazio pribatuan izan beharreko paperaren inguruan … Ba guzti horren gaineko lanketa bat egitea ezinbestekoa da.

Bestalde, autodefentsa feministaren ariketa desberdinak ere lantzen ditugu, norberak lantzeko, kolektiboki lantzeko. Eta azkeneko zati bat da erasoei erantzutea, eta indibidual eta era kolektibo baten. Eta horretarako erreminta desberdinak lantzen ditugu txostenean. Urte dezentetako lana da eta guretzat erronka bat da, ezinbestekoa, emakumeekin autodefentsa feminista lantzea. Azkenean, egunerokotasunean bizi ditugulako eraso desberdinak. Eta autodefentsa feminista ez da, soilik, teknika fisikoen bilduma bat, baizik eta jarrera bat da. Eta jarrera hori lantzeko prozesu bat behar dugu eta ahalduntze prozesua da hori, kontzientzia hartuz norbera nola eraiki den, ze autoestima dugun, beldurra, gorputz itxurarekiko zein beldur ditugun, espazio publikoan jarduteko … Guzti hortaz, motxila hori atera, aztertu, horren kontziente izan eta norberak erabaki dezala zein jarrerarekin egin nahi dion aurre biziari orokorrean eta erasoei zehazki»

INDARKERIA SEXISTAREN, ETA ZEHAZKI SEXU INDARKERIARENMUINEAN, SEXUALITATE EREDU KONKRETU BAT EGON DAITEKE?

«Gure ustez, ezinbestean, patriarkatuaren eta gure jendarte egituratzearen inguruan hitz egiten dugunean, ezinbestekoa dugu hausnartzea sexu-genero sistemak zein sexualitate eredu erreproduzitzen eta indartzen duen, eta horrek nola eragiten digun emakumeoi. Gure analisia da bizi garela jendarte eredu baten zeinetan, sexualitate eredu bakarra den hobetsia eta lehenesten den, dela heterosexuala, emakume batek eta gizon batek osatua. Bikote harreman baten oinarritzen dena. Hau da, nolabait, sexualitatea ulertzen da bizitzako fase berdinetan sexualitate era bat izan behar duela. Hau da, 30 urtera arte izan gaitezke nahi duguna, harremandu  gaitezke pertsona ezberdinekin, beti ere, arautua bada, bikote ereduan baldin bada. Baina, nolabait, 30 urtetik aurrera proiektatzen da ezkontza. Guretzat ezkontza da arau sartze horretan oinarrizko elementu bat, kontratu ekonomikoa izateaz gain. Ezkontza, seme-alabak… Hau da, sexualitate eredu bat zeina ugalketara bideratuta dagoen, gorputz ugalkorretan ematen dena eta desira ugalkorrari lotua.

 Hori da, nolabait, elementu klabea iruditzen zaiguna, gaur egungo sexualitate eredu hau sistema kapitalistari dagoela lotuta. Sistema kapitalistak behar du erreprodukziora begirako sexualitate eredua, zeinetan, emakumeok dugun paper bat eta gizonek beste bat. Zeinetan gizona den aktiboa, indartsua … Rol horietan eraikitzen dute edo inposatzen zaie beraien identitatea eraikitzea. Eta emakumeoi, otzana, sumisa izatea sexualki ez hain aktiboak. Eta rol horien indartzea eta erreprodukzioa ematen da gaur egungo sexualitate ereduen bitartez, zeinetan hobesten diren eta legitimizatzen diren praktika sexual zehatz batzuk. Hau da, koitora. Koitozentrismoa deitzen diogu, koitoa oinarri duten praktika sexualak baino ez dituela bultzatzen egungo sexualitate ereduak. Komentario asko, gure artean, gazteon artean: Zer, ligatu duzu? Bueno … ligatu-ligatu ez, baina bueno, ligatu-ligatu bai. Zer da ligatu-ligatu ez?Koitoa ez dutela praktikatu pertsona batekin? Eta erdi ligatu da musu batzuk eman ditugunean, begiratu garela, ukitu garela laztandu garela?

Eredu hau indartzeko badago ikus-entzunezko ekoizpen pila bat: pelikulak, serieak, bideojokoak, aldizkariak, musikak, bideoklipak… Zeinetan indartzen den praktika batzuk»

 SEXUALITATE EREDU HORREN AURREAN ZEINTZUK DIRA AUKERAK?

«Gure lanketa bada, batetik, irakurketa bat egitea inposatzen zaigun sexualitate eredu honen inguruan eta pixkanaka, joatea sortzen bestelako sexualitate eredu batzuk. Sexualitate praktika anitzei, dimentsio politiko bat ematea. Hau da, sexualitatea ez da zerbait pertsonala, bada zerbait politikoa, gure bizitzetan guztiz eragiten duena. Eta, horregatik, aitortza eta dimentsio politiko bat eman behar zaio. Gure etengabeko saiakera da, geroz eta gehiago garela, zailtasunak-zailtasun, bestelako sexualitate eredu baten aldeko apustua egiten dugun herritarrak. Hau da, oso zaila dela, ezinezkoa ez esateagatik, sistema kapitalista-patriarkal honek planteatzen duen sexualitate eredu itxi horren baitan kokatzea eta beharrezkoa ikusten dugula, bisibilizazio bate matea bestelako sexualitate eta identitateena: lesbioanona; transexualen errealitatea, bizipenak, jendarteratzea; gay-ena; ama bakarreko familia ereduak; lagunarteak osotutako familia ereduak geroz eta gehiago direla … Hau da, adieraztea, inposatutako eredu horretan badaudela geroz eta bide gehiago, bidezidorrak, eta horien bila joan behar dugula.»

SEXUALITATE ETA IDENTITADE ANIZTASUNA ISLADATU NAHI IZAN DUZUE ARRAKALAK PROIEKTUAREKIN.

«Horretarako dokumental bat osotu dugu “Arrakalak” izenekoa. Guk planteatzen dugu patriarkatua badela haitz handi bat bere araua heterosexualitatea dela, koitoan oinarritutakoa, bikotean, ezkontzan … Eta haitz guzti horretan izan gaitezen arrakalak, beste bizi eredu batetan bizi nahi dugulako, bestelako sexualitate eredu baten eta bestelako identitate batzuekin …»

JAI EREDUEN INGURUKO HAUSNARKETA INTERESGARRIA ERE PLAZARATU DUZUE “FESTA DEZAGUN GAURDANIK GEROA” DOKUMENTALAREKIN…

«Badaramagu urte piloa lantzen jai parekideen aldeko lanketak. Jaiak badirelako testuinguru bat non iruditzen zaigun zapalkuntza

"Festa dezagun, gaurdanik geroar" dokumentalaren irudia

desberdinak ematen diren. Eta errealitatearen parte diren heinean eraldatu egin behar dugula uste dugu. “Festa dezagun geroa” dokumentalarekin hainbat gauza landu nahi izan ditugu. Batetik, adieraztea, festak zer diren. Hau da, gure gizartearen ordena erreproduzitzen dituzten errito eta ohiturak direla. Sistema kapitalista eta patriarkalaren orden hau, espazio publikoaren egituratzea, espazio pribatuaren beste bat. Askotan, tradizioaren izenean eskubide urraketa ematen delako gure herrietan. Eta dokumentalean saiatu gara azaltzen guretzat zer diren festak eta zergatik eraldatu behar dugun. Era berean, ezagutzera ematen dugu baita ere , Euskal Herriko herri desberdinetan, emakumeen parte-hartzea bultzatzeko egiten diren ekimen desberdinak. Geroz eta ekimen gehiago egiten dira “Emakumeak plazara”, herri kiroletan ere geroz eta emakume gehiok hartzen du parte. Dokumentalean lantzen den beste ildo bat da, jaietan eraso sexisten aurrean ze protokolo lantzen diren gure herrietan, nola egiten zaien aurrean. Garrantzitsua baita herriak antolatzen dituzten agente desberdinen artean erantzun protokolo bat osatzea ze jaietan ematen diren erasoak ez da soilik talde feministen erantzukizuna soilik. Hau da, herriarena da erantzutearen ardura.

Errebisio bat egin behar dugu festen antolaketan, egitarauan eta festetan bertan, ikuspegi feminista bat txertatzeko. Hau da, nola antolatzen ditugu, ze espazioetan, zer-nolako parte-hartzea duen, egitaraua, egitarauarekin lortu nahi dena, ze jendearengana heltzen garen Eta horretan inplikatu behar direla Jai Batzorde eta Txosna Batzordeak.»