BELDUR BARIK 2021 IRUDI BERRIA!!!

Aurtengo Beldur Barik programako irudiaren egilea Uxue Bereziartua ilustratzaile gazte feminista izan da. Iaz, ikus-entzunezko lan onenari saria irabazi zuen ‘Errebelazioa’ lanari esker, eta aurtengo irudia egiteko oso prestu azaldu da.

‘Anitzak gara, ezberdinak. Gorputz forma eta kolore askotarikoak. Izaera infinitukoak. Eta Beldur Barik jarrera zabalduko dugu’. Horrelaxe definitzen du Uxuek Beldur Barik 2021eko irudia.

Zabaldu zure Beldur Barik Jarrera! 2021eko irudiak gorputz eta identitate anitzak aldarrikatzen ditu.

Mezu hau oso indartsua da. Ondo dakigunez, heteropatriarkatuak izaera eta identite eta, hortaz, gorputz zehatz batzuk izatera bultzatzen gaitu, modu askotariko indarkeriak eta diskriminazioak erabiliz. Batez ere, «normaltasun» faltsu horretatik aldetzen direnak, «bereziak», baztertzen dira. Horren aurrean, Beldur Barik jarrera erakusten jarraituko dugu aurten ere. Gorputz anitzak ditugulako eta… gure gorputzetan, gure arauak!

Gure buruak maitatzen, eta elkarrekin sareak josten jarraituko dugu, feminismoa bidelagun.

Eta baita bide hori egiten uzten ez diguten estrukturak salatzen eta berriak sortzen.

Uxue Bereziartua Lonbide

Ikus-entzunezkoak ikasi zituenean hasi zen ilustrazioarekin esperimentatzen. Batetik eta bestetik ibili eta gero, ‘gustuko du’ egindako bidaia. Uxuek Berexi Art izenarekin sinatzen ditu bere lanak, eta berak dioenez, ‘izena bera militantzia izan da. Ideia batzuk zabaltzeko bidea, pentsamendu bat lantzekoa, errealitate bat erdian jartzekoa, komunitate bat sortzekoa’.

Baina ‘terapia’ ere izan dela dio, gorputzarekin lanketa bat egitera ekarri dio Berexi Art-ek, zerotik haste bat.

‘Besteak maitatzeko guretik hasi behar garelako, barruak irekitzea da nire proiektua, ondoren kanpora askatzeko’, azaldu du artistak.