AUTODEFENTSA FEMINISTA: BELDURREI AURRE EGITEKO LANABES KOLEKTIBOA

EMAGINek idatzitako testua

Gaua. Beldurra. Kalea. Bakarrik. Beldurra. Ezezaguna. Beldurra. Horixe da indarkeria matxistaren inguruan askok dugun iruditeria. Horrenbestez, Beldur Barik programak izenburu hori izatea ez da kasualitatea. Urteak darama Euskal Herriko Mugimendu Feminista esaten neska* eta emakume* gisa izendatu eta sozializatu garenok beldurrean heziak izan garela. Beldurrak emakumeon gorputzak eta bizitzak kontrolatzeko eta menperatzeko balio du. Hau da, txiki txikitatik harreman sozialetan zein espazio publikoaren erabileran kontuz ibiltzeko eskatzen zaigu, eta horrek gure buruak momentuoro babestu behar ditugula pentsatzera garamatza. Ondorioz, gure mugimenduak mugatzen ditugu, oztopoak antzematen ditugu bizitza sozialean parte hartzeko, beste pertsonekiko dependentzia harremanak garatzen ditugu, ez dugu geure buruengan konfiantzarik, ezezagunekiko mesfidantza dugu, erru sentimendu etengabea dugu gertakari desatsegin baten aurrean eta gure bizi esperientziari ez diogu zilegitasun nahikorik ematen. Ahulak garela eta arrisku etengabean gaudela sinesten dugu, eta gure inguruan ditugun instituzio, komunikabide zein inguru sozialek beste norbaiten babesa behar dugula adierazten digute. 

Ez zaigu ezetz esaten irakatsi.

Gertatu al zaizu inoiz norbaitekin gustura eta goxo-goxo egon, ligatzen, baina une batean, gehiago jarraitu nahi ez izan eta errudun sentitzea, ez oheratzeagatik? Eginez gero, noren desioa gailentzen da? Noren nahia bortxatu? Ezetz esatea, bestearen beharrak ez asetzea eta adeitsua ez izatea da, irentsi ditugun feminitatearen arauen kontra doa, baina emakumeok gure beharrak ditugu, gure nahiak eta gure eskubideak. Eta horiek defendatzen ikastea da Autodefentsa Feminista. 

Bakarrik ezin dut, lagunekin bai!

Argi dago: Autodefentsa feminista eta ahalduntze prozesuak ezinbestean kolektiboak behar dute izan. Beste emakumeen bizipenak entzuteak ispilu egiten dio norberari eta gertatzen zaigun hori ulertzeko eta izendatzeko balio izan digu. Ez gaude ero, ez  histerika, ez da gure errua, ez da naturala eta ez dugu zertan normalizatu behar. 

Sistema patriarkalak neskon arteko lehiakortasuna bilatzen du. Kritikatu izan dugu ondokoa bere janzkerarengatik, makillatuegia joateagatik edo lizuna izateagatik. Autodefentsa feministak hori guztia deseraikitzeko begirada ere ematen digu. Ez gara aske izango emakumeon arteko ahizpatasunik eta elkartasun-sarerik gabe. Elkarrekin indartsuagoak gara, armatu gaitezen feminismoz eta ekin diezaiogun autodefentsa feministari! 

Beldurrak gurekin jai! 

Autodefentsa feminista

Artikulu osoa irakurtzeko: Autodefentsa feminista