«Erabakia hartuta» #beldurbarik

(Si crees que este trabajo merece ganar el Premio Popular Beldur Barik, de 300 euros, pincha en “Votar”)

Egilea: Munia Pitarque eta Marta Camilo

Kategoria: 1. (12-17 urte)

Herria: Sopelana

Erabakia hartuta

Etxeko atea golpe batez ixten dut. Ezin dut egoera hau gehiago jasan. Egun osoa ematen dute elkarrekin eztabaidatzen. Igogailura sartzen naiz, korrika, beranduegi noa. Jaisten noan heinean, ispiluan begiratzen naiz. Asko prestatu dut neure burua gaurko egunerako. Beharbada, honen arrazoia Ander izango da. Beno, seguru asko. Azkenean, metrora lasterka heltzen naiz, galduko ote nuen beldur. Bost minutu gelditzen dira, baina azkar pasatzen zaizkit.

Metroan lau lagunekin elkartzen naiz: nire neskak. Ez dakit zer egingo nukeen haiek gabe. Egin beharreko ibilbidea begiratzen dut. Aiboan oraindik, beraz, hogeita hamar minutu inguru Anakondara heltzeko. Gero eta jende gehiago sartzen ari da. Gehienak, neskak, horietako asko…nola esan…prostitutak dirudite: gona laburrak eta titiak erakutsiz. Bat-batean, Ander ikusten dut. “Ene, guapa egongo al naiz?” Hor dator. Hizketan hasten gara. Gorri-gorri nagoela nabaritzen dut. Gero elkar ikusiko dugula dio.

Diskotekara iristean sartzeko ilaran jartzen gara. “Mira que buena está la de azul” dio batek, ni seinalatuz. Mutilak. Denak berdinak. Eskerrak Ander horrelakoa ez dirudien. Barrura sartzen gara. Jende piloaren artean dantzatzen hasten gara. Egia esan, gaztegehiegi daude. Hori gutxi balitz, etengabe eskuak sentitzen ditut nire atzeko aldean, ni ukituz. Agggg txerri hutsak. Buelta eman eta “¡asquerosos!” deitzen diet. Mutil guzti hauen artean deigarri egiten zaidan bat ikusten dut: Ander. Nigana dator. Bera jarraitzeko keinua egiten dit.

Kanpora irteten gara elkarrekin eta jarraian musukatu egiten nau. Harrituta gelditzen naiz. Hala ere, nik ez diot uko egiten, eskua nire gorputzetik jaisten ari dela nabaritu arte. Memento hartan, beragandik aldentzen naiz. Duela bi egun ezagutzen dut, ez dut konfiantzarik. Berak, orduan, keinu haserrekorra egiten du. Eskutik gogor hartu eta ilun dagoen tokira eramaten nau. “Ez, ez naiz joango Ander” esaten diot. Dena den, ez dit eskua aske uzten. Orduan, nik diskotekara bueltatzeko imintzioa egiten dut. Zenbait segundo tematu ondoren, eskua askatu eta txistua botatzen du nire ondoan. Funtsean, mutil guzti guztiak berdinak dira, Ander barne.

Anakondara berriro sartzen naiz. Berehala neskak ikusi eta beraiekin batera dantzan hasten naiz. Anderrekin gertatutakoa ahalik eta azkarren ahaztu nahi dut. Bat- batean, erlojua begiratzen dut. Kaka zaharra. Hamaikak. Ama kanpoan egongo da jada, ni itxaroten. Neskei agur esan eta irtetzen naiz. Ama, ordea, ez da kanpoan. Banku batean esertzen naiz. Hamaikak eta laurden. Agertu gabe jarraitzen du. Bost minutu geroago, mugikorrak mezu bat iritsi zaidan seinale egiten du. Amarena da:

“Maitea, barkatu, baina ezin naiz zure bila joan.

Beranduago etor zaitezke, ez izan etxera ailegatzeko presarik.

Musu bat.”

Zein arraroa. Ama ezin dela nire bila etorri? Arraroegia. Algortara bakarrik joaten ere ez dit uzten. Ez dut ulertzen, jasotako mezua ez dator nire amak esango lukeenarekin bat…

Metroan nago. Ez dago jesartzeko lekurik ere. Gazte talde batean jartzen dut arreta. Sei pertsonak osatzen dute. Hiru bikote dira. Oso pozik dirudite, neskek batez ere. Neuk ere bikote bat nahiko nuke. Badirudi, mutil edo neska laguna dutenak zoriontsuago bizi direla. Ez da hala, ala? Ander datorkit burura. Ez dakit nik hori egia izango den.

Plentziara ailegatu naiz. Goizaldeko ordu bata laurden gutxi dira. Inoiz ez naiz arratsaldeko diskoteka batetik horren berandu heldu. Etxerako bidea luzeegia iruditu zait. Azkenean, etxe aurrean aurkitzen naiz. Ezkaratzeko atea irekitzen dut giltzaz. Ondoren, igogailuan sartzen naiz. Ispilua aurrean dut. Bertan begiratzea ezin dut ekidin. Lehen baino nekatuago eta tristeago nagoela dirudi. Etxeko atea irekitzekotan nagoela, zerbait entzuten dut. Norbait negar-zotinka dagoela ematen du. Atea astiro irekitzen dut, beldurrez. Orduan, soinuaren zergatia ulertzen dut. Aita zaplazteko bat ematen ari zaio amari. Auskalo zenbatgarrena. Tarte batean geldi geldirik gelditzen naiz, eszena ikusten. Hau, aldiz, eztabaidak baino gutxiago jasaten ditut. Negar tanta bat nire masail gorritik irristatzen nabarmentzen dut. Brastakoan, gurasoak, gertatutako guztia ikusten egon naizela konturatzen dira. Biak begira geratzen zaizkit. Ezkaratzera ematen duten eskaileretatik jaisten naiz, korrika. Eskuak dardarka ditut. Burua nahasita daukat.Ez dakit nora joan. Ez dakit zer pentsatu. Etxeko giltzak eta mugikorra ditut bakarrik. Erabakia hartuta daukat. Mugikorra hartu eta 016 zenbakia markatzen dut, beldur barik.