Categoría: <span>Beldu Barik Jarrera</span>

Ezgaitasuna duen neska baten adierazpena

Kattalin Izagirreren manifestu bat da, emakume gorra, aktibista eta gizartearen aldaketan lanean, estereotipoak hausteko eta berdintasunezko begiradak lortzeko borrokan dabilena. Herritar guztiak gonbidatzen ditu pertsona eta mundu desberdinak ezagutzera. Errealitateak irekitzera eta beldurrik ez izatera.

 

 

 


14/08/20

«Egidazu sandwich bat»

Gamer batek idatzitako testua

Jokuen kulturan, inoiz diskriminazio-ekintzarik jasan edo ikusi ez duenak, online eta ezezagunekin jolastu ez duelako da. Online bideojokoena aparteko mundua da, legerik gabeko unibertso bat.

Batez ere talde-joko lehiakorretan, hala nola, CS:Go, Overwatch, Valorant edo League of Legends, batzuk aipatzearren. Erabiltzaile batzuk benetan toxikoak dira, imjina ezina da. Emakumea izanda ahots-txata erabiltzea probokazio bat dela dirudi: «Itzuli sukaldera», «Egidazu sandwich bat», «Baduzu senargairik?» Edo zuzenean «putak», «Isildu hadi, guarra», era guztietako sexu-intsinuazioak… Inor harritzen ez duten irainak dira.

Jolas horietako batean izan nuen azken esperientzian, ez nuen hitz egin beharrik ere izan. Lagun batekin jolasten nengoen, beste hiru talderen konra. Dena ondo zihoan haietako batek nire erabiltzaile-izenari erreparatu zion arte: «Badakit neska zarela», dena esanda zegoen. Komentario matxistak egiten hasi ziren, baina batek badu esperientzia halako iruzkinen aurrean. Asertiboa izaten saiatu nintzen, eta ez entzuna egin nuen, «mutilak, goazen jolastera». Ez zeuden gogoz, eta hurrengo fasera pasa behar izan nuen: erabiltzaileak isiltzera.

Oraindik ikus nitzakeen beraien pertsonaiak nire pantailara sartzen eta keinuka, baina benetan larritu nintzen nire lagunak haien kontra gogor egin zuenean. Ez dut inoiz ikusi haserre, ez dut jakin nahi zer nolako komentarioak egin zituen nik entzuten ez nuen bitartean. Hiru pertsona horien erantzuna? «SIMP».

Simp modako memea da, emakume bat defendatu eta trukean onura sexualak lortzen dituen gizon otzan eta leloari esaten zaio. Emakume bat online defendatzera ausartzen den edozein gizoni izen ona kentzeko aitzakia da.

Horrelako jokoek zigortu egiten zaituzte partida amaitu aurretik taldea uzten baduzu, eta hori irabazi edo galtzeko baldintzatzaile izan daiteke kasu batzuetan. Nire lagunari ere isiltzeko eta jolasten jarraitzeko eskatu nion, beraz. Jakina, honek ezin zuen hor amaitu. Entzuten ez geniela konturatu zirenean, «Body-blocka»  egiten hasi ziren, beren pertsonaiak nirearen inguruan jarriz txanda bakoitzean, ni ez mugitzen uzteko. Nik ezin nuela jokatzen jarraitu erabaki zuten. Partida galdu genuen, baina hori gutxienekoa izan zen. Jokatzeko gogoa ere galdu genuen, beraz, haiek irabazi zuten.

Sare sozialetan bezala, pertsona horiek anonimotasunean eta momentuko iheskortasunean oinarritzen dira, toxikoak eta matxistak dira, «trollatzen ari dira». Eta ez dago aitzakiarik.

Autodefentsa_femini

Beti aurkituko duzu jarrera horiek defendatzen dituen norbait: «Gizonak ere zirikatzen dituzte», besobakar, gaizto, jolasten ez dakitela esaten diete. Dena den, komentario hauetan eta besteetan ezberdintasunik ikusten ez baduzu, arazoaren parte zara.

Eta, jakina, badago biktimari errua botatzen dionik ere: «Baina nola bururatzen zaizu modu irekian hitz egitea? Badakizu zer gertatuko den! «,» abatarra eta nick-a aldatu beharko zenituzke, neska zarela igartzen baita «. Horrela ez gaituzte babesten, ikusezin bihurtzen gaituzte.

Emakume gisa izan dudan esperientzietako bat besterik ez da hau, baina denetarik ikusi dut. Emakumeen, transexualen, homosexualen, hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonen eta haurren aurka. Diskriminazioa eta indarkeria matxista gai-zerrendan dago online munduan ere.

Defenda zaitezke. Zure aliatuak isiltzeko eta erabiltzailea salatzeko botoiak daude. Lagun artean jokatzen baduzu, anima zaitezte ere salatzera. Eta baliabideak baldin badituzu, grabatu erasoak, erakutsi sare sozialetan, etiketatu jokoa eta konpainia arduraduna. Asko dira, eta gero eta gehiago, jarrera horiengatik etengabe baneatutako erabiltzaileen kasuak. Baina ez dira nahikoak gure helburua bete arte: toxikoak eta matxistak ez diren eta diskriminaziorik ez duten komunitateak lortzea.

GAI HONETAN SAKONTZEKO

Valorant ya tiene un gran problema de sexismo y Riot Games busca cómo solucionarlo

Quién era Maria «Remilia» Creveling de League of Legends

La homofobia, el machismo y la misoginia: una lacra para los esports y los videojuegos

A fregar


20/08/20

AUTODEFENTSA FEMINISTA: BELDURREI AURRE EGITEKO LANABES KOLEKTIBOA

EMAGINek idatzitako testua

Gaua. Beldurra. Kalea. Bakarrik. Beldurra. Ezezaguna. Beldurra. Horixe da indarkeria matxistaren inguruan askok dugun iruditeria. Horrenbestez, Beldur Barik programak izenburu hori izatea ez da kasualitatea. Urteak darama Euskal Herriko Mugimendu Feminista esaten neska* eta emakume* gisa izendatu eta sozializatu garenok beldurrean heziak izan garela. Beldurrak emakumeon gorputzak eta bizitzak kontrolatzeko eta menperatzeko balio du. Hau da, txiki txikitatik harreman sozialetan zein espazio publikoaren erabileran kontuz ibiltzeko eskatzen zaigu, eta horrek gure buruak momentuoro babestu behar ditugula pentsatzera garamatza. Ondorioz, gure mugimenduak mugatzen ditugu, oztopoak antzematen ditugu bizitza sozialean parte hartzeko, beste pertsonekiko dependentzia harremanak garatzen ditugu, ez dugu geure buruengan konfiantzarik, ezezagunekiko mesfidantza dugu, erru sentimendu etengabea dugu gertakari desatsegin baten aurrean eta gure bizi esperientziari ez diogu zilegitasun nahikorik ematen. Ahulak garela eta arrisku etengabean gaudela sinesten dugu, eta gure inguruan ditugun instituzio, komunikabide zein inguru sozialek beste norbaiten babesa behar dugula adierazten digute. 

Ez zaigu ezetz esaten irakatsi.

Gertatu al zaizu inoiz norbaitekin gustura eta goxo-goxo egon, ligatzen, baina une batean, gehiago jarraitu nahi ez izan eta errudun sentitzea, ez oheratzeagatik? Eginez gero, noren desioa gailentzen da? Noren nahia bortxatu? Ezetz esatea, bestearen beharrak ez asetzea eta adeitsua ez izatea da, irentsi ditugun feminitatearen arauen kontra doa, baina emakumeok gure beharrak ditugu, gure nahiak eta gure eskubideak. Eta horiek defendatzen ikastea da Autodefentsa Feminista. 

Bakarrik ezin dut, lagunekin bai!

Argi dago: Autodefentsa feminista eta ahalduntze prozesuak ezinbestean kolektiboak behar dute izan. Beste emakumeen bizipenak entzuteak ispilu egiten dio norberari eta gertatzen zaigun hori ulertzeko eta izendatzeko balio izan digu. Ez gaude ero, ez  histerika, ez da gure errua, ez da naturala eta ez dugu zertan normalizatu behar. 

Sistema patriarkalak neskon arteko lehiakortasuna bilatzen du. Kritikatu izan dugu ondokoa bere janzkerarengatik, makillatuegia joateagatik edo lizuna izateagatik. Autodefentsa feministak hori guztia deseraikitzeko begirada ere ematen digu. Ez gara aske izango emakumeon arteko ahizpatasunik eta elkartasun-sarerik gabe. Elkarrekin indartsuagoak gara, armatu gaitezen feminismoz eta ekin diezaiogun autodefentsa feministari! 

Beldurrak gurekin jai! 

Autodefentsa feminista

Artikulu osoa irakurtzeko: Autodefentsa feminista


11/08/20

BASAURIKO TRATU ONEN MAPA

Gazte basauriarrak Tratu Onen Mapa eratzeko lanean hasi dira. Ezagutzen al duzu? Basauriko Marienea emakumeen etxeko Batera Bikain programak aurrera atera duen proiektua da.

Herri honetako emakumeek aurretik bi mapa egin dituzte. 2002.urtean Basauriko Hiria Kolektiboak neska gazte talde batzuekin batera «Emakumeentzako Hiri Debekatuaren Mapa» sortu zuen, eta bertan identifikatu zituzten, herritik zehar ibiltzerakoan, bereziki gauez, beldurra sentitzen zuten lekuak. 2011.urtean, Zaida Fernándezek “Mapa de las Huellas de las mujeres en Basauri” lanarekin herriko emakumeen memoria kolektiboa berreskuratu eta ikusarazi zuen.  Hamarkada baten ostean, hirugarren mapa honen helburua herriko pertsona guztiak eroso, seguru eta aske sentitzen diren espazioen sarea sortzea da.

Gustatuko litzaizuke parte-hartzea? 

Gazteen esku dago mapa hau pixkanaka osatzen joatea. Kalean daudenean konfiantza ematen dien espazio seguruak identifikatuko dituzte. Beraz, espazio seguruak, feministak, LGBTIQ+ guneak…  batuko ditu mapak. Giza eskubideak eta aniztasuna errespetatzen duten lekuak egongo dira bertan.

Beraz, Basaurikoa bazara, edo bertako gazteak ezagutzen badituzu, helarazi iezaiezu ekimen hau, ez daitezela proiektu honetan parte hartu gabe geratu!

Klikatu hemen nola parte hartu jakiteko, oso erraza da eta hau martxan dago!

Gora Basauri!

TRATU ONEN MAPAN EGOTEKO BETE BEHARREKO IRIZPIDEAK:

  1. Zu zeu zarena izateko eskubidea duzula sentitzen duzu. Berdin du zein den zure orientazio eta identitate sexuala, etnia, adina, interes politiko eta erlijiosoak.
  2. Edozein egoera edota edozer gauza bizi arren, espazio honetara laguntza eske jo dezakezu.
  3. Zu zeu izan zaitezke! Ez duzu zure jarrera aldatu behar eroso sentitzeko.
  4. Giza eskubideak defendatzen dira. Munduko edozein tokitako pertsonak izateagatik guztiok merezi ditugun eskubide unibertsal horiek defendatzen dira.
  5. Inklusioa benetakoa eta kontzientea da. Pertsonen aniztasuna errespetatzen da eta balioa ematen zaio. Adin desberdinak, larruazalaren kolorea, jatorriak, sexualitateak ondo hartzen dira.
  6. Kokapen egonkorra du.
  7. Aniztasun Funtzionala eta organikoa duten pertsonentzat egokituta dago, hala nola bainugela egokituak, arrapala sarreran, zeinu-hizkuntza itzultzea, itsuentzako irakurketa-idazketa, etab.
  8. Espazio segurua eta konfiantzazkoa izatea sustatzen da, herritarrak eroso, seguru eta aske sentitzea du xede.
  9. Herriko beste espazio batzuekin aliantzak sortzen dituen eta sare komunitarioa sortzea bilatzen duen espazioa da.
  10. Matxismorik gabeko espazioa da.
  11. Borroka feminista aldarrikatzen duen espazioa da.

Zure Herrian Basuri | Tu Pueblo Basauri


05/08/20

BELDUR BARIK UDA 2020

Iepa, gazteak!

Aurtengo uda berezi honetan eraso sexisten kontrako ekintzak aurrera eraman nahi ditugu, topera, aske bizi eta sentitzea merezi dugulako.

Jakin badakigu lan hau guztiona dela, gure egunerokotasunean indarkeria sexista oraindik gogor jotzen duela eta eraso sexistak prebenitzea herritarren kezka da, oro har, eta, jakina, baita gazteon erantzukizuna ere. Erasoak prebenitzea, antzematea  eta aurre egitea guztion esku dago..

Horregatik, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrerak sustatzeko, udalen eskura jarri dugu  Beldur Barik Uda 2020 sentsibilizazio-kanpainako kartela, Udal bakoitzaren logoarekin pertsonalizatu daitekeena.

Eraso sexistarik gabeko uda | Un verano libre de agresiones sexistas

Aurten Eraso Sexisten Kontrako Gida berritu dugu, eta hementxe duzue online begirada bat botatzeko: Eraso Sexistarik gabeko Egunak eta Gauak.

Gida pedagogikoa. Eraso sexista gabeko egunak eta gauak

 

#BeldurBarikChallenge bat antolatu dugu ere sareei su emateko! Nahiz eta aurten herri askotan jaiak ospatu ez, kalera irten eta ondo pasatzen jarraitu nahi dugu. Beti Beldur Barik jarrerarekin! Horregatik, Kai Nakai artistak #BeldurBarikJarrera duen dantza sortu du ‘Kolpe’ kantuarekin. 

Zer egin behar duzue?
Kai Nakairen pauso hauek dantzatzen grabatu behar duzute zuen burua, bakarrik edo taldean.  Ostean, zuen sare sozialetara igo behar duzute #BeldurBarikChallenge hashtag-a erabiliz.
Gure Instagram eta Tiktok sareetan aurkituko duzue koreografia osoa. 

Mugitu gorputza Beldur Barik Jarrerarekin!

Beldur Barik Challenge.Actitud Beldur Barik bailando | Beldur Barik Challenge. Beldur Barik Jarrera dantzan


28/07/20

BIKINI BELDUR BARIK OPERAZIOA

Udaberri osoa konfinatuta egon gara, ez ditugu gure lagunak ikusi, munduko pandemia baten parte izan gara eta… etengabe entzun ditugu egoera horren ondorio larriak: GIZENDUKO GARA!

Alde batetik, konfinamenduaren aurreko (argalak) eta ondorengo irudiak (lodiak), gorputz potolen bideoak… elkar partekatu ditugu. Horrez gain, influencer batzuk barkamena eskatu dute aurten «bikini-gorputzarik izango ez dutelako»…

Eta orain, uda heldu da, hondartzan lagunekin bainatu gaitezke, crush hori berriro ikusiko dugu… dietei buruzko iragarkiak ikusten hasi gara, gosea kentzeko pastillak,  eta  hori gutxi balitz, zure ama eta zure lagunak dietan hasi dira. Argh! 24 ordu horrekin!

Urtero berdin gaude, baina zergatik ematen du neskek beti «perfektu» egon behar dugula? Besteei bizitza/bista alaitzeko jaio al gara? Eta zer da “apaindu” behar izate hori? Zikin al gaude? ‘Hautsita’ al gaude?

Ziur mutilei entzun diezula ikaskideren baten gorputzari buruzko aipamenak egiten (objektu bat balitz bezala). Askotan guk geuk ere beste nesken gorputzei buruzko kritikak egiten ditugu, gure artean txikikeriaren bat dagoenean. Egunero, gure gorputza nola aldatu esaten diguten mezu pila bat jasotzen ditugu, presio estetikoa izugarria da, eta normala da gure artean alderatzea, gure influencer gogokoenen argazkiak ikustean gure autoestima jeistea edo gure gorputza ez dela behar bezain polita edo desiragarria birplanteatzea.

Normalean, gorputz perfektua irudikatzen dugunean, edertasun oso konkretua irudikatzen dugu. Emakume gazteak, zuriak, dibertsitate funtzionalik gabeak, brontzeatuak, altuak (baina ezta ere gehiegi), gehienetan ilehoriak, oso argalak, baina aldi berean ipurdia, titiak handiak dituzrela, eta abar luze bat. “Eta ni nolakoa naiz?” galdetzen diogu feure buruari.

Zer gertatzen da gure gorputza iragarkietan edo sare sozialetan agertzen denarena bezalakoa ez bada? Zer gertatzen da ‘moldeak hausten’ baditu?

Gorputz guztiak dira politak eta desiragarriak, izan ere, gustuak mota askotakoak dira! Utz diezaiogun estereotipoak erreproduzitzeari eta utzi gorputzak taburik gabe bizitzen!

Gozatu zeure gorputzaz, jantzi nahi duzun bezala, mugitu bootya eta dantzatzera! Zuk markatu zeure arauak! Eta gogoan izan zure gorputza estetika baino askoz gehiago dela, egunero zutik mantentzen zaituena dela, mendi batera igotzen zaituena, eguzkiaren beroaz eta itsasoaren lasaitasunaz gozatzen duena.

Estereotipoekin hautsi eta Beldur Barik bizitzaz gozatu nahi dugulako…

Operación Bikini Beldur Barik. Rompe con los estereotipos y a disfrutar. | Bikini operazioa Beldur Barik. Hautsi estereotipoekin eta gozatu.

Hautsi ditzagun moldeak!

  • Utz diezaiogun gure edo besteen gorputzak erasotzeari eta zigortzeari.
  • Ez egin zure gorputzari buruzko komentario iraingarririk. Zure gorputzaz gaizki hitz egiteak boomerang efektua du, eta zure inguruko pertsonengan segurtasunik eza eragin dezake.
  • Defendatu zure lagunak mutilek haiei buruz objektu gisa hitz egiten dutenean.
  • Bikini edo hondartzako gorpuak defendatu. Bikinirik baduzu? Hondartzara zoaz? Hortaz, baduzu hondartzako gorputz bat!

Neurri, forma eta kolore guztietan gatozelako, eta denak berdinak izango bagina bizitza oso aspergarria izango litzatekeelako! Imajinatzen duzu denok molde beretik aterako bagina? Kopia berdinak bata bestearen atzetik?

Udako tip-ak!

  • Nahi duzulako egin kirola, eta ez gizentzeko beldurrez zaudelako! Gozatu endorfinen txutea, eta ez erre den kaloria kopurua.
  • Zaindu zeure burua barrutik eta kanpotik. Saihestu gosea pasarazten dizuten eta debekatutako janariak ezartzen dizkizuten dietak. Izan zaitez fidel zure beharrekin eta ez ezarritako arauekin, inork ez du zure gorputza zuk baino hobeto ezagutzen! Ulertu zer sentitzen duzun ondoen, fisikoki eta mentalki.
  • Identifikatu zure gorputzari egiten dizkiozun kritikak eta gainerakoekin egiten dituzunak. Zergatik kritikatzen dugu gure gorputza edo gainerakoena? Zer adierazi nahi dugu?
  • Zeuren buruarekin konplexuren bat duzula nabaritzen duzuenean eta eguna tristetzen ari bazaitu horrek: Idatzi nola sentitzen zaren. Zergatik sentitzen zara horrela? Zergatik etorri zaizkigu burura pentsamendu horiek?
  • Eta gogoan izan beti: merezi duzula maitatua eta desiratua izatea.

«Normaltasun berri bat» nahi dugulako, iraganeko araurik gabe, denok sartzen garen normaltasun berri bat.

Aurten Bikini Beldur Barik operazioa!  

GAI HONETAN SAKONTZEKO:


28/07/20

ONDO MAITE

«Nik esaten dizudana da ondo maitatu behar zaituztela, ez asko edo gutxi«, esan zidan amak maitemintze horiekin hasi nintzenean.

Asko gustatzen zitzaidan nire klaseko edo ostiraletan kantxa berean entrenatzen zuen beste talde bateko norbaitekin amets egitea. Goizero irribarre batekin jaikitzea lortzen zuen pertsona berezi harengan pentsatzen eman nahi nituen orduak. Norbaitekin maitemintzen nintzenean sentitzen nuen nerbioei buruz hitz egitea gustatzen zitzaidan. Egia da, halaber, bi astero pertsona ezberdin batekin maitemintzen nintzela eroki, nigan interesik ez zutela ikusi orduko, pertsonaz aldatzen nuen.

Baina, lagun, gaizki pasatzen nuen. Orduan hasi zen ama moskeatzen, maitasun erromantikoa oso lotuta baitago mina erromantizatzearekin, eta horrek ezin du horrela izan.

Pentsamenduak lausotzen zitzaizkidan. Harreman horietan joaten zitzaizkidan indar guztiak, pentsatzen nuen agian neu nintzela gertatzen zitzaizkigun gauza txarrak aldatzeko arduraduna, norbait zoriontsu izan zitekeela nire ondoan. Nire lagunek egun bat gehiago pasa zezaketela ni ikusi gabe. Nire ikasketak ez zirela hain garrantzitsuak.

Harremanak guztiaren gainetik jartzen nituen. Esku artetik ihes egiten zitzaidan kontua.

Hori diot, azterketen gainditzeak eta suspentsoak, laneko akatsak eta asmatzeak oso lotuta egon baitira nire maitemintzeekin.

Eta horrek ezin zuen horrela jarraitu. Amak oso ondo esan zidanez, ondo maitatu behar gaituzte eta ondo maite behar dugu jendea eta baita geure burua.

Pixkanaka ikasi dut zer den harreman osasuntsua izatea. Ezer aldatzen saiatu gabe, dena da erraza pertsonek ondo elkar maite dutenean. Horrek harreman afektibo guztietarako balio du; familia, lagunak, animaliak…

Aprendamos a diferenciar el querer bien del amor romántico tóxico. Actitud Beldur Barik 2020.

Batez ere, neure burua zaintzen ikasi dut. Neure buruaren gainetik ezer ez dagoela ikasi dut.

Orain badakit nire lagunak nire lorategiko babeslekua direla, ureztatu eta zaindu behar dudan lorategia, loreak indartsu hazten jarrai dezaten.

Jada, ez dut uste nire jendeak dena jasan dezakeenik, ez.

Maitemintzen jarraituko dut, baina modu egokian. Pelikuletan erakutsi diguten maitasun erromantiko toxiko horretatik bereiziko dut, modu kontzientean egiteko, nire bikotekideak eta bidaia-lagunak zainduz.

Has gaitezen behingoz ondo maitatzen!

Eskerrik asko ama!

 

IRAKURKETA INTERESGARRIAK:

• Maitasun erromantikoaren mitoak.

• Genero indarkeria eta maitasun erromantikoa.

 

BIDEO INTERESGARRIAK:

• Eneko Sagardoy: Laranja osoa.

• Nola maite behar dugu feministok? 

 


13/07/20

“HILEKOAK MIN EMATEN DIT”

Mina, deserosotasuna, mina, usaina, mina, ondoeza, deserosotasuna, mina, «buffff-a», mina…

Horiexek izan dira 30 urtetik beherako hogei bat neskari burura etorri zaizkien lehen hitzak, hilekoa entzutean. Beno, «zikloren» bat eta «ilargiren» bat ere aipatu dira (itxaropena badagoela dirudi).

Ez al da bitxia hilekoa dugun pertsonok hilero behin, gutxi gorabehera, hainbeste gogaitzen gaituen gertaera fisiko hau izatea, eta hain lasai egotea?

Ei! hilean behin hileko aaaaaasko dira gure bizitzan zehar (450 inguru).

Nolatan ez gara ari zerua eta lurra mugitzen horri irtenbidea bilatzeko????

Ba, ibuprofenoak hartu eta ez dugu oso ozen hitz egiten, ez gara kexatiegiak izango. Ez da ahultasuna erakusteko momentua. Egokitu zaiguna da, eta kitto. Guztiarekin Aurrera egin dezakegu. Show must go on.

Gainera, horretaz ez da hitz egiten. Ez behintzat naturaltasun handiz. Tanpoi eta konpresen lau iragarkik, benetako esperientzietatik abiatu beharrean, hodei eta likido urdinezko mundu bat saltzen digute, eta usainik ez hartzea eta ia ez nabaritzea lor dezakegula espero dugu. Ez ikusiarena egin.

Eta horrela, komunera joateko poltsatik ateratzen dugun konpresa asko ikus ez dadin ahalegintzen gara, kontu handiz ibiltzen gara galtzak ez zikintzeko, eta hobe dugu etxean geratzea hilekoa jaisten zaigun egun horretan, «bola zomorroa» bagina, ez gaitezen koadrilanfestaren tristura izan.

Eta, jakina, barre egiten jarraitzen dute lagun arteab baten batek esaten duenean: «joe, aizu, badirudi hilekoa duzula». “Hori nesken kontua da”.

Ba, begira, esaldi hauek guztiak patriarkatuaren gauzak dira.

Gizarte honetan oraindik ere, emakumeon gorputzekin zerikusia daukan guztia ikusezin edo negatibotzat hartzen da, eta emakumeok gaizki badaramagu asuntoa, gure arazoa dela sinestarazten digute.

Ba aizu, ba al dakizu zer?

EZ, EZ DA NORMALA MIN EMATEA ETA HAINBESTE MOLESTATZEA.

EZ DA NORMALA GURE GORPUTZEI BURUZ HAIN GUTXI JAKITEA.

EZ DA NORMALA HILEKOA EXISTITUKO EZ BALITZ BEZALA EGITEA.

Zer iruditzen zaizu horri buelta bat ematen saiatzen bagara? Elkarrekin, noski. Hona hemen hiru gako:

1. EZ DA HILEROKOA, ZIKLO BAT DA.

Batzuek esaten zuten bezala, hilerokoak, ilargiak bezalaxe, «zikloekin» zerikusia du.

Ez dugu soilik X egunetik behin odolusten (psssss ez dira beti 28 egun izaten!), baizik eta hainbat fasetatik igarotzen gara: hilekoa, aurreobulazioa, obulazioa eta hilero-aurrekoa.

Pixka bat gehiago jakiteko:

La Regla, la píldora y otras cosas que no nos han contado. Psico Woman con Enriqueta Barranco.

Espacio de desaprendizaje. Iratxe Gil. Psicóloga, sexóloga y educadora menstrual.

Menstruar consciente. ¿Qué aporta conocerse? Pikara Magazine.

Las reglas sagradas. Psico Woman | VERNE.

Gai honetan sakontzeko:

Ikusi ‘Monthlies’ Diana Fabianovaren dokumentala, 2016 (nerabeentzako)

Ikusi “La luna en ti”, Diana Fabianovaren dokumentala (2010)

Erika Irusta, hilekoaren pedagogoa:

2. KOPA EZAGUTZEN AL DUZU?

Hilekoarentzako kopa edo baginakoa deritzona, konpresak eta tanpoiak baino aukera osasungarriagoa, ekologikoagoa eta merkeagoa da.

Gainera, gure gorputzarekin kontaktuago egoteko tresna bat ere bada: ikusi, usaindu, ukitu dezakezu.

Pixka bat gehiago jakiteko: La copa menstrual | Psico Woman.

 3. AUKERATZEKO INFORMAZIOA. AHALDUNTZEKO AUKERATZEA!!!

Hitz egin dezagun hilekoari buruz, partekatu ditzagun esperientziak eta informazioa.

Nire hilekoa, gure gorputzarekin kontaktuan.


16/12/20

IRAGANEKO ESPERIENTZIAK

Indarkeriak egunero bizitzen ditugu eta espazio guztietan daude. Horregatik, horiei aurre egiteko tresnak sortu eta erabili behar ditugu. Sororitatea, autoestima, bakoitzaren eta kolektiboaren elkar arteko lanak, besteak beste, ahalduntze prozesuaren parte dira eta ibilbidea errazten dute.

Mi Meta bideoko bi lehiakidek, Itziarrek eta Nahiak, istorio hau kontatzeko sentitu zuten beharrari buruz hitz egiten digute, eta beraientzat zein berezia izan zen lehiaketan parte hartzea eta Topaketa bizitzea azaltzen dute.


 


22/06/20

Yes, We Fuck!

Aniztasun funtzionala duen emakume baten bizipenak eta begiradak.

Eta bai, horrela hasiko naiz.

Guk ere txortan egiten dugu. Larrua jotzeko gorputz eta modu desberdinak daudela kontutan hartzen ez duzuen arren. Nahiz eta dibertsitate funtzionala duten pertonek larrua jotzea zaila dutela imajinatu.

Pertsona sexuatuak garela ahaztu egiten duzue, eta, beraz, zuek bezala, gure premia sexualak eta afektiboak ditugula. Hementxe da non min egiten duten begiradei buruz hitz egitera paratzen naizen. Ezberdintzen gaituzten begiradak dira horiek, eta desberdin begiratzen gaituztenak, begirada epaitzaileak, bazterretan uzten gaituztenak.

Gizarte-iruditeriak ez dio gizartean dugun presentzia normalizatzeko eskaerari erantzuten. Eta are gutxiago onartzen du guk ere gure sexualitatea bizi dugula. Sexualitate horri betoa jartzen dio, eta, gainera, paternalismoz tratatzen da.

Bitxia da entzutea aniztasun funtzionala duen bikote bat ikusten duzuenean: «ze polita, maitasuna aurkitu dute».  Eta aldi berean, ukatzen gaituzue. Ez duzue zeuen burua gurekin harreman batean ikusten, aniztasuna ez baita erakargarria. Eta hona hemen ezustekoa! Aniztasuna bada erakargarria. Estereotipikoa dena ez duelako zertan beti erakargarria izan behar. Gorputz guztiak dira erakargarriak eta gureak ere bai. Begiradak dira erakargarriak, konektatzeko moduak, elkarrizketa interesgarriak, biek ala biek behar ezberdinak izatea. Izan ere, bi noranzkoetan konektatzea erakargarria da.

Eta seguru aski, zeuen buruari galdetuko diozue: zer da bi noranzkoetan konektatzea? Bi norabideetan konektatzea, zurekin egon nahi duen pertsona hori mundu ezezagun batean murgiltzean datza. Komunikazioa, egiteko modua eta jarduteko modua elkarren ahaleginetik egitea. Aniztasunaren onarpena praktikara eramatea da, paternalismoa alde batera utziz eta pertsonen arteko harremanak normalizatuz. Alegia, alde batera uztea nire aniztasun ez-normatiboa, eta, aldi berean, onartzea.

Nire aulkia nire parte delako, baina ez da ni. Nire gorreria, nire parte delako, baina ez da ni. Nire itsutasuna nire parte da, baina ez da ni. Nire paralisia nire parte da, baina ez da ni. Izan ere, nire aniztasun intelektuala nire zati bat da, baina ez da nire guztia.

Aurre egin behar diezue ni beste edozein emakume bezala ikustera eragozten dizkizueten oztopoiei. Aniztasun funtzionalen bat dugun emakumeok maitatzeko gai gara, larrua jotzeko gai, gauza anitz sentitzeko gai gara, ulertzeko gai gara, independenteak izateko gai gara eta, aldi berean, harreman afektibo-sexualak izateko gai gara.

Nik ez diot aniztasunari beldurrik, zuk beharbada bai.

Yes, we fuck! Niri ere gustatzen zait larrua jotzea, eta zuk adina gozatzen dut plazer sexualaz. Ezetz uste baduzu, arazoa zuk duzu, ez duzu uste?

GAI HONEKIN LOTURIKO ERREFERENTZIAK:

Dokumentala: Yes, we fuck! 

Abestia: VIVAS, Mujeres con discapacidad intelectual cantan por la igualdad.


16/06/20