Aurkeztu dugu Beldur Barik 13. edizioa

Sestaon egin dugun prentsaurrekoan aurkeztu dugu urte honetako Beldur Barik edizioa, 13. izango dena. Libe Pradera Tiktokerra eta Julen Portillo euskal eduki sortzailea aurkezle lanetan, edizio honen nondik norakoak zeintzuk izango diren azaldu dugu.

Emakundeko Josune Ortizek azaldu duen bezala, Beldur Barik programa Emakundek gidatzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta EUDELen laguntzarekin.

Programaren helburua gazteen artean indarkeria sexista eta matxista prebenitzea da, finean. Urte osoan zehar ekimen ezberdinak egiten dira gazteen artean hausnarketa bultzatzeko, eta horien artean, Beldur Barik Ikus entzunezko Lehiaketa.

Uxue Bereziartua, Beldur Barikeko Idazkaritza Teknikoko ordezkariak azaldu duen moduan, lehiaketan parte hartzeko epea irailaren 19an hasi eta azaroaren 11n amaituko da.

Lehiaketaren oinarriak eta informazio guztia programako webgunean (beldurbarik.eus) eta sareetan (Fb, Instagram, Tiktok eta Twitter) aurkituko duzue 19an bertan.

Aurtengo edizioan aldaketa garrantzitsu bat egon dela aipatu behar dugu: adin-tartea murriztu da eta 12 eta 20 urte arteko gazteei zuzenduko da aurten.

Aste hauetan Udalei, ikastetxeei eta hezkuntza ez formaleko eragileei zuzendutako aurkezpen saioak egingo ditugu informazio guztia helarazteko.

Lehiaketaren aurkezpena Sestaon egitea ez da kasualitatea. Izan ere, Topaketa ere bertan ospatuko da abenduaren 2an. Honen inguruko informazioa aurrerago zabalduko dugu.

Hemendik aurrerakoak sarean eta webean zabaltzen joango garenez, adi egon gure kanaletara ezer galdu nahi ez baduzu!