ARRAKALA PROIEKTUAREN AURKEZPENA

Ostiral honetan, Ekainaren 13an, Arrakala proiektuaren aurkezpena izango dugu. Donostiako DOKA Kafe Antzokian, arratsaldeko 19:30etan. 

Arrakala_webgunea
Arrakalak web-guneko argazkia

Bilgune Feministak eta Topatu Gazte Proiektu Komunikatiboak, elkarlanean, ekimen interesgarri bezain beharrezkoa jarri dute abian. Gure jendarte sistemak sexu, sexualitate eta identitate kategoria batzuk baino ez ditu onartzen. Edo emakume, edo gizon izan behar zara. Heterosexuala. Edo femeninoa, edo maskulinoa. Ez ditu onartzen ñanardurariik, bitarteko errealitaterik.Baina arau horiek irrealak dira eta ez gara beti sartzen kutxa zurrun horietan. Gorputzek, identitateek eta sexu praktikek, zirrikituak dituzte. Baina jendarte ereduak, bizipen eta praktika guzti horiek zentsuratu eta ikusezin bilakatu nahi izaten ditu.

Proiektu honen xedea da, beraz, arrakal guzti horiek erakustea; normak apurtzen dituzten bizipen, praktika eta izaerak. Beraien  web-gunean. bizipen batzuk ezagutu ahal izango ditugu, ikus-entzunezko formatuan dauden elkarrizketen bitartez. Heteroaraua urratzeko eta deseraikitzeko tresna interesgarria izango dugu, aniztasuna egon badagoela ikusarazteko eta gure gorputzak, emozioak eta bizipenak birpentsatzen laguntzeko. Hurbildu ostiral honetan DOKA-ra eta ezagutu ezazu proiektua!