ABIAN DA BELDUR BARIK 2020 LEHIAKETA!

Beldur Barik Lehiaketa 2020

  • Emakundek bultzatuta eta euskal erakunde guztien laguntzarekin, 11 urtez gazteen artean errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentziorako jarrerak sustatzen daramatza Beldur Barik programak.
  • Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta programaren jarrera ikusarazten duten ikus-entzunezko lanak saritzen ditu.
  • Aurten sari-banaketa streaming bidez jarraitu ahal izango da beldurbarik.eus web gunean.

Gaur, irailak 14, Beldur Barik lehiaketaren 11. edizioari hasiera ematen zaio. Emakundek antolatzen du hamaika urtez martxan dagoen eta gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko asmoarekin egiten den lehiaketa hau, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDELen babesa eta beste erakunde batzuen laguntzarekin: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailaren Gazteria zuzendaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta EITB. Proiektua 2009an sortu zen Berdinsarearen baitan, Emakundek eta EUDELek bultzatzen duten berdintasunaren aldeko euskal udalen sarean, alegia.

Beldur Barik lehiaketa programaren ekintza nagusietako bat da. Aurtengo edizioa berezia izango da, koronabirusak markatuta datorrelako. Ezohiko egoera honek gazteengana iristeko sare sozialetan eta webgunean indar handia jartzea ekarri du. Hala, inoiz baino gehiago ikusi da Beldur Barik Jarrera edonon eta edozein egoeratan sustatu beharra dagoela. Horregatik, aurtengo lehiaketak hiru lelo ditu: “Nik, etxean eta kalean Beldur Barik Jarrera”, “Nik, bakarrik eta taldean Beldur Barik Jarrera” eta “Nik, gau eta egun Beldur Barik Jarrera”. Urte berezi honetan ematen ari diren egoera guztietan Beldur Barik jarrera bultzatzea da lema hauen helburua.

Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi behar dute; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin.

2020ko edizio honetan, iazkoarekin alderatuta, ikus-entzunezko lanak bakarrik aurkeztu ahal izango dira, eta bideoak aurkezteko epea irailaren 14tik azaroaren 5era bitartean zabalik egongo da. Parte-hartzeko hiru kategoria daude: lehen kategorian, 12-13 urte bitarteko parte-hartzaileak izango dira; bigarren kategorian, 14-18 urte bitartekoak; eta hirugarrenean, 19-26 urte bitarteko gazteak. Urtero bezala, lehiaketan taldeka edo bakarka parte hartu daiteke (ikastetxe batek, gela batek, elkarte batek, eta abarrek izena eman dezake).

Beldur Barik 2020 Lehiaketako Sariak

Sariak honako hauek izango dira: Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herri-bozkaketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Baita ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria emango zaizkio.

Aurten, lan sarituak 2020ko azaroaren 20an ezagutzera emango dira. Aurtengo sari-banaketara irabazleak eta sariak banatzeko ardura duten erakundeetako ordezkariak baino ez dira joango. Sari-banaketa www.beldurbarik.eus webgunean emango da zuzenean streaming bidez. Gainera, euskal artista ezberdinek sari-banaketa girotuko dute.

Ikus-entzunezko lan onenari saria Beldur Barik Jarrera! adierazteko kalitatezko komunikazio artistikoko baliabideak edota kodeak erabili dituen hiru kategorietako edozein lanari emango zaio. Parte-hartzeari saria, berriz, herri-bozketan boto gehien lortu dituen lanari emango zaio, Herri-bozketa azaroaren 11tik 13ra bitartean gauzatuko da, beldurbarik.eus web-gunearen bidez.

Beldur Barik Jarrera

Beldur Barik Lehiaketa ez da lehiaketa hutsa; izan ere, parte-hartzen duten proiektuek Beldur Barik jarrera islatu behar dute, kultura matxista eta indarkeria sexistaren formak eraldatzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa islatuz. Alde horretatik, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, bai eta hausnarketak eta eztabaidak sortzeko duen gaitasuna ere, nesken ahalduntzetik abiatuta, eta mutilek indarkeria matxista amaitzeko konpromisoa edo erantzukizuna hartzea.

Programari buruzko informazio guztia web gunean (www.beldurbarik.eus) zein sare sozialetan (FacebookTwitterInstagramSpotify eta Tiktok) aurki daiteke.